WhatsAppek alarma piztu zuen bere pribatutasun-politika berriarekin, erabiltzaileen datuak Facebookekin partekatzeko aukera ematea nahi baitzuen. Jende asko beste plataforma batzuetara joan dela ikusita, ordea, hala nola Telegramera edo Signalera, maiatzera arte atzeratu dute erabakia. Pribatutasunari buruzko kontzientzia piztu du gertaera horrek, eta hori mugarri bat da, Susana Rey Euskalteleko Datu-babesaren arduradunaren ustez.

Pribatutasunaren Eguna da gaur, eta, horren haritik, hauxe galdetu diogu Susanari: nola erabiltzen dituzten gure datuak mugikorrean deskargatzen ditugun aplikazioek, eta ea benetan jabetzen garen zer gertatzen den pribatutasun-politikak besterik gabe onartzen ditugunean.

Zure ustez, jendeak badu bere pribatutasunaren kontzientziarik?

Ez behar adinakorik. Hala ere, azken asteetan ikusi ditugu nire ustez datu-babesaren arloan mugarriak diren zenbait mugimendu; izan ere, badirudi lehenengo aldiz erabiltzaileek pentsatu dutela zertarako erabiltzen dituzten aplikazioek gure datuak, eta, batez ere, konturatu dira hori aukera bat dela.

Espero dut pixkanaka bere pribatutasunari balioa ematen hasiko dela jendea. Izan ere, Europako legediak oso kontuan hartzen du hori, baina, jendeari axola ez dion bitartean, ondorio bakarra izango du: Europako enpresak egoera okerragoan egongo dira ekonomia berriari heltzeko.

Por qué las apps quieren tus datos y cómo puedes proteger tu privacidad

Pribatutasun-politikak eta datuen erabilerari buruzkoak irakurri gabe onartzeko ohitura handia dugu. Zer aholku emango zenuke?

Aplikazioei, webguneei eta bestelako zerbitzuei ematen dizkiegun baimenak irakurtzea, noski, eta kudeatzea.

Kontuan izan behar dugu ohikoa dela doako zerbitzuetan gure datuak batez ere marketinarekin lotutako erabileretarako erabiltzea.

Pentsatu behar dugu jasotzera goazen zerbitzua benetan behar dugun edo ez, eta prest gauden edo ez zerbitzu hori gure bizitzaren zati horrekin ordaintzeko.

Jendeari aholkatuko nioke onartu aurretik pribatutasun-politikak irakurtzea, baina badakit askotan, oraindik ere, testu oso ilunak izaten direla, eta ez dutela betetzen Europako legeriak DBEOrekin ezartzen duen argitasun-printzipioa. Horretan asko dago egiteko oraindik. Baina, gutxienez, aplikazioei ematen dizkiegun baimenak aztertu behar ditugu, eta aplikazio jakin horretarako beharrezkoak ez direnak ez onartu.

Por qué las apps quieren tus datos y cómo puedes proteger tu privacidad

Zertarako behar dituzte aplikazioek datu horiek guztiak, eta zer esan nahi du aplikazio bati gure argazkietara, kokapenera, kontaktuetara eta abarretara sartzeko baimena emateak?

Aplikazio bat gure mugikorrari buruzko informazio jakin batera sartzeko baimena ematen dugunean, aplikazioak datu horiek erabiltzeko baimena ematen dugu, irakurri ere egin gabe, seguru asko.

Kasu gehienetan, aplikazioak ematen digun zerbitzuarekin lotutako erabilera legitimoak izango dira. Adibidez, argazkietara sartu gabe, berehalako mezularitzako zerbitzu batek ezin du argazkia duen mezurik bidali, ezta? Baina marketinerako ere asko erabiltzen dira; zertatik bizi dira, bestela, aplikazioak egiten dituzten enpresak?

Gertatzen dena da gaur egungo aplikazio askok behar baino baimen gehiago eskatzen dituztela, presaka programatzen direlako askotan. Aplikazioak berak datu horiek erabiltzen ez baditu ere, oso arriskutsua da guretzat baimen horiek besterik gabe ematea.

Gertatzen dena da gaur egungo aplikazio askok behar baino baimen gehiago eskatzen dituztela.

Aplikazioa maltzurra bada edo, besterik gabe, hackeatu badute, baimen horiek ematean guk geuk instalatutako “birus” bat izango dugu mugikorrean, gure datuetara sartzeko aukera duena. Hori oso arriskutsua da gure segurtasunerako, eta gerta daiteke, adibidez, gure datuak tarifa gehigarriko zerbitzuetara SMSak masiboki bidaltzeko erabiltzea —eta gero guk ordaindu behar izatea—, edo bankuko datuak lapurtzea.

Alde horretatik, nire aholkua da ikuspegi kritikoarekin aztertzea aplikazioek instalatzean eskatzen dizkiguten baimenak, eta, gaur egun posible denez, aplikazioak ematen digun zerbitzurako behar ez dituen baimenak ukatzea. Ez dugu beldurrik izan behar hanka sartzeko: baimen bat ukatu eta aurrerago aplikazioaren funtzioren baterako behar badugu, berriz eskatuko digu.

Badakizue: egin kasu datu-babeserako gure arduradunaren aholkuei. Mugikorrean aplikazio bat instalatu aurretik, irakurri ondo letra txikia.

Aholkua lagungarri izatea espero dugu.