Argazki bat Instagramera igotzen duzun bakoitzean, YouTuben bideo bat bilatzen duzunean, zerbait online erosten duzunean eta, oro har, internet erabiltzen duzun BAKOITZEAN, zure arrastoa uzten duzu. Arrasto horri aztarna edo identitate digital deritzo, eta Internetera konektatzen zaren bakoitzean uzten duzun informazio pertsonal guztiak osatzen du.

Esate baterako, webgune batean sartzen zaren bakoitzean, konektatzeko erabiltzen duzun gailuaren IP helbidea uzten duzu. Horrek esan nahi du webgune horrek jakin dezakeela non zauden gutxi gorabehera, zer nabigatzaile-mota erabiltzen duzun, zer sistema eragile, eta, batzuetan, zer webgunetan sartu zaren azkenekoz ere jakin dezake. Gainera, cookieak era hor daude. Bisitatu dituzun webguneek cookieak uzten dituzte zure ordenagailuan, eta zure nabigazioari buruzko informazioa daramate cookieok. Oso informazio gutxi da, baina hainbat webgunek partekatzen badute, zur profil aski zehatza osa dezakete denen artean.

Ez izutu: bilatzaile eta webgune horiek ez dute erabiltzen informazio hori zuri iruzur edo mehatxu egiteko. Informazio komertziala bidaltzeko eta zure gustu eta kontsumo-lehentasunen berri izateko nahi dute informazio hori, hala zuri zer saldu jakiteko. Kontuan izan Google, Instagram, Facebook, YouTube, Snapchat, WhatsApp…, eta, oro har, Interneten doan erabiltzen dituzun zerbitzu guztiak ez direla, berez, hain doakoak, negozioak baizik, eta, beraz, dirua irabazteko, dena-delakoa saldu behar dizute edo beste batzuei lagundu zuri zerbait saltzen.

Kontuan izan zure bizitzari buruzko xehetasunak ematen dituzunean Interneten arrisku bakarra ez dela argazki edo bideo konprometituetan ateratzea. Adibidez, uda iristen denean, poliziaren adituek urtero gogorarazten digute ez esateko sare sozialetan oporretan joatekoak garela, lapurrei gure etxera sartzeko gonbita egitea baita hori.

Baina azken hilabeteetan Segurtasun Nazionalari eragin diezaiokeen kasu baten berri izan dugu. Strava kirol-entrenamenduko aplikazioak “bero-mapa” bat argitaratu zuen azaroan, non ikusten baitzen non ari ziren egiten erabiltzaileek kirolen bat. Ehunka lagun detektatu zituen aldi berean kirola egiten ari zirenak Ekialde Ertainean, adibidez... Hau da, AEBko base militar izan zitezkeen instalazioak erakutsi zituen munduko zenbait leku geopolitikoki arriskutsuetan.

Ezaba dezakegu guztiz gure aztarna digitala?

Ez zara jabetu orain arte honetaz eta ez duzu nahi inork zure datuak izatea? Bada, ez da erraza, baina posible da. Datuak Babesteko Agentziak argazkiak eta bideoak Internetetik ezabatzeko zenbait argibide ematen ditu bere web-orrian. Halaber, ahaztua izateko eskubidea baliatzeko zenbait jarraibide ere ematen ditu. Horri esker, zuk eskatu gabe Interneten azaldu diren zuri buruzko erreferentziak ezaba ditzakezu; esate baterako, prentsan argitaratutako berriak, zuri buruzko aipamenak Buletin Ofizialean, beka-esleipenak eta abar.

Orain, jakinaren gainean zaudenez, behar bezala konfigura dezakezu pribatutasun-politika zure sare sozial, bilatzaile eta gehien bisitatzen dituzun webguneetarako. Agentziak berak zenbait bideo eskaintzen ditu erakusten dutenak nola babes ditzakezun zure datuak Interneten.

Jakin nahi baduzu zenbaterainoko informazioa dagoen Interneten zuri buruz eta nolakoa den zure aztarna edo identitate digitala, nahikoa da zure izen edo erreferentzia pertsonalak sartzea bilatzaile nagusietan. Sarean zuri buruz dagoen guztia azalduko da han, eta berehala ikusiko duzu ea ondo zaindu duzun ala ez zure aztarna digitala.

Eta gogoan izan: Bada metodo bat oso eraginkorra Interneten zuri buruz argitaratzen dena kontrolatzeko. Aktibatu Googleren alerta-zerbitzua, eta sartu han zure izena. Une horretatik aurrera, inork zuri buruzko zerbait argitaratzen baldin badu sarean, abisu bat bidaliko dizu Googlek, eta zure datuak zein URLtan agertu diren esango. Oso praktikoa da, eta beste gauza askotarako ere erabil dezakezu. Probatu!

Eta, batez ere, zentzuz jokatu beti, burua galdu gabe. Aintzat hartu gure adituek Interneteko zure kontuak eta profilak babesteko emandako gomendioak!