Iritsi dira oporrak. Urte gogorra izan da: lana, azterketak... eta, gainera, etengabe egin du euria!  Ez kezkatu, iritsi da eta atsedenaren, eguzkiaren eta hondartzaren garaia. Uxuek oporretara joan behar du, familia osoarekin. Erosiak ditu hegazkin-txartelak, egina du hotel-erreserba, begiratu du zein diren opor-lekuko jatetxerik onenak..., baina, lehenbizi, hil edo biziko gai bati ekin behar dio:  !"Ai, ama! Zer sartu behar dut maletan, eta zer ez?"

Ezaguna egiten zaizu? Pairatu al duzu inoiz horrelako izu-unerik? Bada, lasai, zeren eta horrelakoetan ere teknologia gure alde dugu eta. Hartu mugikorra, eta deskargatu maleta egiteko gomendatuko dizkizugun aplikazioetakoren bat.  Prest al zaude den-dena zeurekin daramazula oporretara joateko? Bada, goazemazu!

Packpoint. Izugarria da aplikazio hau, irizpide hauen arabera antolatzen baitu maleta: bidaiaren iraupena, opor-lekuan egingo duen eguraldia, eta egin nahi dituzun jarduerak. Mendian ibilaldiak egiteko asmoa duzula? Packpointek trekkingeko botak eta zira markatuko dizkizu, badaezpada, ekaitz-arriskua dela-eta. Hondartzara zoazela oporretara? Bada toallak, eguzki-krema eta bikinia. 3,29 eta 2,99 € bitarte balio du, eta Androiderako eta iOSerako dago erabilgarri.

Maleta&Equipaje Lite. Maleta egiteko laguntza eta iradokizunak behar dituen horietakoa bazara, begira zer eskaintzen dizun aplikazio honek: 640 objektu, guztiak ere oporretan lagungarri izan dakizkizukeenak. Hain da osoa, non ekipajearen pisua ere kalkulatzen baitizu, aireportuan ezustekorik izan ez dezazun. Doakoa da, eta Androiderako dago erabilgarri.

Triplist. Aplikazio honi esker, zeure premien arabera antola dezakezu maleta, eta zer produktu behar dituzun aukeratu, baina bereizgarri nagusia beste hau du: bidaiari ekin aurretik egin beharreko lanak gogorarazten dizkizu (mugikorraren bateria kargatu, bidaiarako musika deskargatu, online erregistratu...). iOSerako bakarrik dago erabilgarri, eta doakoa da; badu, dena den, ordainpeko PRO bertsio bat ere.

PackKing. Aplikazio honek opor-lekuan beharko duzun ekipaje-zerrenda pertsonalizatua sortzen du, barne direla zer garraio-mota erabil dezakezun, zer eguraldi egingo duen eta zer jarduera egin ditzakezun.  Doakoa da, baina Androiderako bakarrik dago erabilgarri.

Badaukazu behar zenuen guztia; orain, maletan sartzea da kontua. Lasai, gure gomendio hauei esker askoz ere leku gehiago izango duzu eta.

  1. Bildu arropa. Tolestu beharrean biltzen baduzu, leku gutxiago hartuko dizu arropak, eta hobeto aprobetxatuko dituzu maletaren zoko guztiak. Eta, sinesgaitza irudituko bazaizu ere, tolestuta baino zimur gutxiagorekin iritsiko da arropa opor-lekura. Magia!
  2. Geruzaka antolatu. Lekua aurrezteko, funtsezkoa da maleta ondo antolatzea; beraz, sartu arropa, ondo lisatuta, muturrak kanpoan geratzen direla. Ondoren, geruzaka ipini arropa, eta saiatu maleta barrukoa ondo lisatuta egon dadin. Dena sartzean, tolestu muturrak barrurantz, eta sartu alboetan janzkirik txikienak eta oinetakoak.
  3. Mikrozuntzeko toalla eraman (hondartzara baldin bazoaz, noski). Leku-pila bat aurreztuko duzu
  4. Erabil ezazu Sheldon Cooper-en alkandora tolesgailua. Ez gara txantxetan ari: existitzen da tolesgailua; AliExpressen saltzen dute.

Eta zuk? Ba al duzu gomendio edo errezeta magikoren bat arropa guztia maletan sar dakigun? Idatzi iruzkin bat, eta partekatu zure sare sozialetan!