Ikus zenuen uztailaren 27ko odol-ilargia edo hodeiek dena estali zizuten, gehienoi gertatu zitzaigun bezala? Lasai, beste ikuskizun sideral bat izango baitugu laster. Baietz gustatu! Pertseidak dira, gurasoek San Lorentzoren malko esaten dieten horiek. Meteorito-zaparrada zoragarri bat da, gure planeta Swift-Tuttle kometarekin gurutzatzen denean gertatzen dena, eta edozein lekutatik ikus daiteke. Nahiz eta ikuskizunak ia abuztu osoa irauten duen, hiru dira egunik ikusgarrienak: abuztuaren 11, 12a eta 13a. Iluntze horietan, ehunka meteorito ikusiko dituzu zerua zeharkatzen, izar iheskorrak balira bezalaxe Ondo ikusteko, nahikoa duzu argi askoko eremuetatik pixka bat apartatzea, hodeirik gabeko gau bat tokatzea eta desio-zerrenda luze bat prestatzea badaezpada. Auskalo, aizu!  .

Erakargarria da astronomia, ezta? Jakina, eta urteko garairik egokienean gaude gainera: oporrak, eguraldi ona, gau atseginak... Izar horiez gozatzeko behar duzun guztia! Gau benetan biribilak izateko, bi gauza besterik ez duzu behar: konpainia egokia eta espazioko sekretuak ezagutzen laguntzeko tresnarik egokienak. Lehenengoa, zure esku; baina konstelazioak eta kanpo-espazioa ezagutu nahi badituzu, oso lagungarri izango zaizkizu aplikazio hauek.

Sky View

Aplikazio honek aukera ematen dizu espazioa aztertzeko, planeta eta satelite bakoitzari buruzko informazioa eskuratzeko, bai eta haien egun bateko mugimenduak monitorizatzeko ere. Gainera, argazkiak egin ditzakezu eta edukia zure smartphonera deskargatu, zeruaz eta izarrez ikasten jarraitzeko. Eta, jakina, konstelazioak identifikatzen eta marrazten ere lagunduko dizu aplikazioak. Androiderako eta iOSerako bertsioak daude.

Star walk

Aplikazio hau izar-, planeta, konstelazio- eta satelite-bilatzaile aparta da, eta oso erraz erabiltzekoa gainera. Nahikoa da smartphonea edo tableta zeru izartsuari begira jartzea. Egin proba, eta planetario ikusgarri bat lortuko duzu. Misio espazialei eta satelite artifizialei buruzko informazioa ere ematen du. Doan deskargatu dezakezu Androiderako eta iOSerako, baina, iragarkirik nahi ez baduzu, ordainpeko bertsioa eskuratu beharko duzu.

Star Chart

Star Chartek denbora errealean kalkulatzen du zer distantziatara dagoen Lurretik izar, planeta eta satelite bakoitza, eta zehatz-mehatz erakusten du egunez ere non dauden. Jarri iPhonea edo iPada interesatzen zaizun izarrerantz begira, eta hari buruzko informazio pila emango dizu aplikazioak. A, eta doakoa da gainera, baina iOSerako bertsioa bakarrik dago.

Deluxe Moon

Ilargi zale amorratua baldin bazara, gure sateliteari buruzko informazio guzti-guztia emango dizu aplikazio honek: faseak eta ezaugarriak. Jakin nahi duzu zenbat denbora egoten den ilargia argiztatua? Haren adina? Zer fasetan dagoen? Inoiz pentsatu duzu zer erlazio dagoen ilargiaren eta lorezaintzaren edo mareen artean? Eta ilargiaren eta gure gogo-aldarteen artean? Bada, hori guztia eta askoz gehiago aplikazio honi esker; eta diseinu aparta du gainera. Eta zodiakoari buruzko informazioa! Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu, baita ordainpeko bertsio bat ere.

Exoplanet

Txiki gelditu zaizu eguzki-sistema?  Bada, exoplanetei buruzko informazio bila bazabiltza, hauxe duzu aplikaziorik egokiena; zoritxarrez, iOSerako bertsioa bakarrik dago. Exoplanet eguzki-sistemaz kanpoko exoplaneta ezagun guztien katalogo interaktibo bat da, astronomo batek etengabe eguneratzen duena. Hala, exoplanetei buruzko aurkikuntza bat dagoen bakoitzean, jakinarazpen bat jasoko duzu. Aurrekoak bezala erabiltzen da: jarri telefonoa zerurantz begira, eta exoplaneta baten kokapena identifikatuko duzu.

Beraz, unibertsoa aztertzen lagunduko dizuten tresna batzuk dituzu orain: gozatu, eta saiatu kosmosaren sekretuak argitzen! Astronomiari buruzko beste aplikaziorik ezagutzen baduzu edo unibertsoari buruzko sekreturen bat argitu berri baduzu, bidali iruzkin bat berehala!