Iritsi da azkenean, uztaila! Badakizu zergatik gustatzen zaigun? Dena duelako: oporrak, eguraldi ona, hondartza, kirolak, terrazak, festak, musika…  Bada, horrez guztiaz gainera, agenda berezi-berezi bat prestatu dizugu, hilabetea topera goza dezazun eta urte luzez gogoan izan dezazun. Bai, badakigu uda dela eta jai eta plan pila bat dituzula aukeran, baina hiru hauek ezin ditzakezu alboratu. Apunta itzazu mugikorraren agendan... oraintxe bertan!

Gernikako skate txapelketa

Dena prest daukagu: grip tapeak, truckak,deckak, errodamenduak… Eta batez ere, pista! Gernikako Mestikabasoko instalazioak primeran daude, berriak balira bezala. Pintatu eta nikeleztatu berriak daude, hilaren 6an Euskal Herriko skate txapelketaren serieak jokatzeko. Getxoko La Kanteran lehen seriea egin ondoren, haurretan, 16 urtez azpikoetan eta Open mailan dauden skater onenak Gernikan arituko dira, saritan banatuko dituzten materiala eta 500 euroak irabazteko prest. Beraz, larunbatean, hilak 6, hartu leku ona arratsaldeko bostetatik aurrera Mestikabason, eta presta zaitez taulen gainean egin daitezkeen maniobrarik harrigarrienez gozatzeko.

Bilbao BBK Live

Badira 14 urte musikaren munduko jaialdi garrantzitsu hau gure artean dela... Eta geroz eta hobea da! BBK Liveren aurtengo edizioa bikaina izango da; ez diguzu sinesten? Begiratu hilaren 11tik 13ra dugun kartela, eta flipatu egingo duzu. Kobetamendiko zelaietan arituko dira, besteak beste: RosalíaThe Strokes, Liam Gallagher, Thom Yorke, Weezer, SuedeHot Chip eta The Good, The Bad & The Queen. Ez hori bakarrik. Lehen aldiz, modak bere lekua izango du jaialdian, eta Inti Núñez eta Erica Oubiña diseinatzaile hasiberriek kapsula bildumetarako beren proposamenak aurkeztuko dituzte BIAAF (Bilbao International Art & Fashion) plataformaren eskutik: 90eko hamarkadara bidaia koloreen, estanpatuen, materialen eta silueten bidez. Eta gainera, BBK Live jaialdiak zenbait eszenatoki jarriko ditu hirian, asteburu horretan bisitan datozen guztiek zuzeneko musikaz goza dezaten. Beraz, ez egin planik hilaren 11tik (osteguna) hilaren 13rako (larunbata) asteburu luzean, eta zatoz musika onenaz eta modarik abangoardistenaz gozatzera jaialdien sorlekura. Bilbon ikusiko dugu elkar!!

Euskal Encounter

Eta dibertsio-aukera zabal honen azkenburukoa hilaren amaieran dugu, hilaren 25etik 28ra Euskal Encounter izango baitugu: informatika, hardwarea eta batez ere eSport-ak atsegin dituztenen topalekurik handiena. Izan ere, aurten, topaketa horretan egingo dira League of Legends eta CS:GO txapelketen final presentzialak, eta GameGuneko irabazleen aurkako azken borroka; 40.000 euro banatuko dira saritan! Ez da gutxi, ezta? Bada, horrez guztiaz gainera: 5.024 ordenagailu-postu, sekulako abiaduran (60 Gb/s) nabigatzeko; Cosplay txapelketa (600 euro banatuko dira saritan); lau egunez etengabeko jarduera; 35.000 metro karratuko espazioa Bilbao Exhibition Centerren… Onenetan onena, partyrik beteranoenean, 27. edizioa baitu aurtengoa. Ez duzu huts egingo, ezta?

Hilabete honetarako beste plan interesgarririk baduzu, bidali iruzkin bat, eta kontatu! Uztailari ahalik eta zuku gehien ateratzeko irrikan gaude!