Ekainaren 13an, Urkiolako San Antonio eguna ospatzen da, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka egiten da; azoka hori hurrengo igandean ere egiten da. Erromeria, gastronomia, tradizioa eta kultura elkartzen dira Urkiolako santutegian, Euskadiko erromeria ezagunenetako baten inguruan. 2025eko Urkiolako San Antonio jaiaren egitaraua dakarkizugu, bai ekainaren 13koa, bai errepetizio-igandekoa, ekainaren 15ekoa.

Oraindik ere Abadiñoko Urkiolako santutegia ezagutzen ez baduzu, aprobetxatu jai hau Bizkaiko santutegirik beneratuena eta zaharrena ezagutzeko, eta, bikotekidea aurkitu nahi baduzu, ez ahaztu harriari zazpi bira eman behar dizkiozula.

2025eko Urkiolako San Antonio jaiaren egitaraua

Fiesta San Antonio en Urkiola

Irudia: Abadiñoko Udala

2025eko Urkiolako San Antonio jaia ekainaren 13an (ostirala) ospatuko da, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka egingo da Urkiolako santutegiaren inguruan.

Hantxe jartzen dituzte elikagaiak erakutsi eta saltzeko postuak, hala nola gaztak, eztia, txakolina, erroskillak... Txosnetara joan eta talo goxoak jateko aukera ere baduzu, baita artisauen postuen artean paseatzekoa ere.

Gainera, San Antonio Paduakoaren egunean ganadu-feria ere egiten da, eta dozenaka behi, ardi eta zaldi egoten dira ikusgai.

Trikitilariek eta bertsolariek girotuko dute eguna.

Eta goiz osoan zehar meza ematen da orduro santutegian, 10:00etatik 13:00etara.

Hurrengo igandean, ekainaren 15ean, berriz egingo da 2025eko Urkiolako San Antonioren azoka. Azokaz gain, sokadantza- eta erromeria-saioak egin ohi dira, eta herri-kirolak ere izaten dira.

Oraindik ez dute jakinarazi 2025eko Urkiolako San Antonio jaiaren egitarau osoa, baina hauxe da azokaren ordutegia:

Ostirala, ekainak 13: San Antonio

  • 10:00 - 15:00 Urkiolako San Antonioren nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka.

Ekainak 15, igandea: errepetizio-eguna

  • 10:00 - 15:00 Urkiolako San Antonioren nekazaritza- eta abeltzaintza-azoka.

2025eko Urkiolako San Antonio: autobusak

Urkiolako San Antonio jaiak irauten duen bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak doako autobus-zerbitzua jartzen du santutegira joan nahi dutenen eskura.

Adi-adi egongo gara ekainaren 13an eta 15ean Abadiñotik eta Durangotik Urkiolara joango diren autobusen ordutegiaren berri izateko eta zuri hemen horren berri emateko.

Urkiolako San Antonio: zazpi biren tradizioa

Zein da Urkiolako erromeria hain ezagun bihurtu duen erritu hori? Erloju-orratzen noranzkoan zazpi bira eman behar zaizkio santutegiaren aurrean dagoen “maitasunaren” harriari, “tximistarri” ere deitua.

Batzuen ustez, harri handi hori meteorito batetik dator; beste batzuek diote meatze batzuen parte zela, eta garraiatzen zuen gurditik erori zenetik dagoela han; eta, bertsio ofizialaren arabera, Benito Bizkarrak, ermitako abadea 1929an, mendi batean aurkitu, eta, haren forma eta osaera bereziak liluratuta, ermitara lekualdatzea agindu zuen.

Jatorria edozein dela ere, tradizioaren arabera, ibilbide berezi hau eginez gero, San Antonio Paduakoak, gauza eta kausa galdu eta ezinezkoen defendatzaileak, betirako bikotekidea aurkitzea bermatzen du. Kontuz ibili eta ez eman birak kontrako noranzkoan, zeren hori eginez gero bikotekidea galtzera kondenatuta ei zaude.

Urkiolan maitasun-aferak duen garrantzia zenbaterainokoa den ikus dezazun... santutegian ezkontzen diren bikote guztiei Gabonetako zorion-txartel bana bidaltzen zaie. Eta urtero 3.000 inguru bidaltzen dira.

Beraz, aprobetxatu 2025eko Urkiolako San Antonio eguna tradizioa betetzeko.

Urkiolako San Antonio jaiaren historia

Urkiolako erromeriak historia eta tradizio luzeak ditu; 1595ean jada dokumentatua agertzen da.

Antza denez, XVI. eta XVII. mendeetan, gaixoak bedeinkatzen ziren har, azkar senda zitezen.

Gainera, izurri- edo lehorte-garaietan erromesaldi-tokia zen, eta, jada ordurako, bikotekidea eskatzeko leku ezin hobetzat zeukaten, garaiko herri-koplak dioen bezala:

Neskazaharrak joaten dira

Urkiolara, Urkiolara,

Santuari eskatzera senar on bana

senar on bana, komeni bada.

Santuak esaten die,

buruakin ez, buruakin ez

Zergaitik lehenago akordatu ez

akordatu ez, orain batere ez.

Eta horrela heldu gara orainera eta Urkiolako San Antonioren erromeriako erritu ezagunenera.

San Antonio Urkiolan: tenplu bat eta bi santu

Urkiolako santutegia Euskadiren erdialdean dago, Urkiolako Parke Naturalean, 700 metroko garaieran eta mendi, pagadi eta lizarren artean.

VIII. eta XI. mendeen artean eraiki zen arren, hainbatetan berritu eta birgaitu da, eta gaur egungo tenpluaren zati handiena XX. mendekoa da. Laukizuzen forma du, alboan lau horma-bular ditu eta dorre zaharra mantentzen du.

Santutegi honen perla nabarmenetako bat aldare handian gailentzen den mosaiko erraldoia da, 870.000 piezaz osatua. “Peli” Romarategui artisau arabarraren lana da, barruko beirateak bezala.

Urkiola bi santuko santutegia da: “bata negukoa eta bestea udakoa”; hau da, Antonio Abad (urtarrilak 17) eta Antonio Paduakoa (ekainak 13).

Jatorrian, San Antonio Abad gurtzen zen, baserritarren zaindari eta animalien babeslea, baina, ahozko tradizio baten arabera, ibilaldi apostolikoetako batean, San Antonio Paduakoa ermitaraino iritsi, meza eman eta garai hartako ostatuan eman zuen gaua.

Horregatik, santu izendatu zutenean, Urkiolako patroi hautatu zuten.

Ez geratu 2025eko Urkiolako San Antonio eguna ospatu gabe ekainaren 13 eta 15ean, azokaz gozatzeko eta ohitura horiek guztiak ezagutzeko.

Goiburuko irudiaren iturria: Abadiñoko Udala.