Irailaren 13tik 19ra, Erriberri jaietan dago. Zazpi egun horietan ez dira falta kaleko musika, herri-bazkariak, zezen-ikuskizunak eta hain gustagarriak diren erraldoi eta buruhandiak. Hemen duzu Erriberriko jaietako jardueren eta programari buruz jakin beharreko guztia.

Gurutze Santuaren gorespenaren ohorez, erriberritarrek kalera jotzen dute herriko jaiak ospatzera.

Datu bitxi bat: berez, Erriberriko patroia Kolerako Ama Birjina da; hari eskertzen zaio 1885ean herria kolera-izurriteaz libratu izana.

Kolerako Ama Birjinak abuztuaren 26an du egun handia, baina irailean, irailaren 13tik 19ra, ospatzen ditu Erriberrik bere jai jendetsuak.

Eta haietan, guztientzako lekua eta jarduerak daude.

Erriberriko jaien 2023ko egitaraua

Kontsultatu Erriberriko 2023 jaien programa osoa.

Fiestas de Olite 2023

Erriberriko Jaien 2023ko ediziorako aukeratutako kartela “Alegría” da, Rubén Lucas García murtziarrak egina. Kartelgile eta diseinatzaile grafikoa da Rubén, eta ibilbide profesional luzea du.

Haurrentzako kartelen kasuan, Diego Marañonek, Laia Erasok eta Amaia Erasok irabazi dute, hurrenez hurren, Erriberriko Udalak antolatutako lehiaketa ofizialeko lehen, bigarren eta hirugarren saria.

Abiapuntu onak tradizioa, debozioa eta animazioa konbinatzen dituzten ekitaldietarako.

Txupinazoa eta Riau-riaua Erriberriko jaietan

Jaien egun ofizialak irailaren 13tik 19ra bitartekoak badira ere, ospakizuna bezperan hasten da, irailaren 12an, 19:00etan, 2023ko ohorezko zapia eta 2023ko kirol-zapia ezartzearekin, eta Udal Bandak herriko plazan egin ohi duen kontzertuarekin.

Hilaren 13an, txupinazo ofiziala 12:00etan, kanpai-bueltakoak, musika-banda, gaiteroak eta guzti. Bide batez, inaugurazioko suziria botatzeko ohorea nork izan herri-kontsulta bidez erabakitzen da urtero.

Arratsaldean, berriz, 17:30ean, ez da faltako Riau-riaua. Bertan, erriberritarrak Santa Maria elizaraino laguntzen diote udalbatzari, dantza eta herri-kantu artean.

Erriberriko 2023ko jaietako jarduerak

Une horretatik aurrera, Erriberri jaietan egongo da bete-betean; herriko bazter guztietan musika, konpartsak eta kalejirak izango dira, erraldoiak eta buruhandiak, herri-bazkariak eta zezenketak.

Egunero, 12:00etan, meza nagusia, eta gauean, Heriotza Oneko Kristoren bederatziurrena.

Haurrentzat, berriz, puzgarriak, zinema-saioak, eskulan-tailerrak eta zezensuzkoa.

Dantzaldiak eta kontzertuak ere badira, noski. Besteak beste, Nueva Etapa orkestra, Nueva Etapa, Welcome Band, En Esencia, Ingenio eta “México Lindo sí señor”.

Erriberriko jaietako agenda eta jarduerak

Fiestas de Olite
Iturria: http://www.olite.es/, Ignacio Rodríguezena

Erriberriko jaietan, egun bakoitzak bere protagonista bereziak ditu.

Hilaren 14an, Día de los Hombres y de la Merindad edo Gizonen eta Merindadearen Eguna izango da, eta, tradizioari jarraituz, gizonen dianarekin hasiko da jardunaldia. Herriko Musika Bandak lagunduko die.

Hilaren 15ean, Día de la Mujer edo Emakumeen Eguna, emakumeen dianarekin, musikaz lagunduta, goizeko 07:00etan.

Hilaren 16an, Día de los Mayores y la música edo Adinekoen eta Musikaren Eguna. Jaietako ekitaldi hunkigarrienetako bat ospatzen da egun horretan: senar-emazte erretiratuei zapiak jartzea.

Hilaren 17an, Día de la Juventud edo Gazteen Eguna. Diana Erriberriko txistularien eskutik.

Hilaren 18an, Erri-Berri Taldearen Eguna edo Día del Erri-Berri. Diana Erriberriko gaiteroen eskutik.

Hilaren 19an, “Gaixoa ni” abestu behar da jaiei agur esateko, baina hori 24:00etan izango da. Beraz, oraindik egun oso bat geratuko da jaiez gozatzeko hurrengo urtera arte agur esan beharra iritsi aurretik.

Eta, nolanahi ere, zer egin eta zer ikusi ugari dago beti Erriberrin.

Zer ikusi eta zer egin Erriberrin: Errege Jauregia eta ardoa

Erriberri Nafarroako herri bat da, harri-zolazko kaleak, etxetzarrak eta harresiak dituena; eta Errege Jauregi ikusgarri bat, Europako Erdi Aroko gaztelu luxuzkoenetako bat.

Beraz, ez da harritzekoa Erriberrik, dituen Erdi Aroko altxorrak erakusteko, Erdi Aroko Jai jendetsuak antolatzea urtero: abuztuan, Erdi Aroko zaldun, merkatari eta arkulariz betetzen da herria. Udan ere, Antzerki Klasikoko Jaialdi garrantzitsu bat egiten da gaztelu bikainean.

Bestalde, ardogintzan tradizio handia du Erriberrik, eta hango upategiek esperientzia enoturistiko ugari eskaintzen dituzte.

Beraz, beti da une egokia Erriberri aurkitzeko, baina jai-girorik onenaz gozatu nahi baduzu, ez huts egin Erriberriko jaiak, irailaren 13tik 19ra.

Goiburuko irudiaren iturria: http://www.olite.es/, Javier Ochoarena