Urtero, ekainaren 13an, San Antonio Paduakoaren egunean, milaka pertsona hurreratzen dira Urkiolako San Antonioren Santutegira. Tradizio horrek debozioa eta “maitasunaren” harriaren inguruan egiten den errituala batzen ditu, baita nekazaritza- zein abeltzaintza-produktuen azoka ere. Ikasi gehiago Euskadiko erromeria ezagunenetako bati buruz.

Urkiolako San Antonioren santutegia Bizkaiko zaharrena eta gurtuena da. Abadiño herrian kokatutako bazter hau hain da ezaguna, bertan egiten den erromeria margolanetan, abestietan, bertsoetan eta kopla tradizionaletan agertzen baita.

Aparteko kokalekua, haren tradizioa eta “maitasun-eskaerak” egiteko ospea direla eta, ezinbesteko bisita-leku bihurtu da.

San Antonioren santutegia Urkiolan

San Antonioren santutegia Euskadiren erdialdean dago, Urkiolako Parke Naturalean, 700 metroko garaieran eta mendi, pagadi eta lizarren artean.

VIII. eta XI. mendeen artean eraiki zen arren, hainbatetan berritu eta birgaitu da, eta gaur egungo tenpluaren gehiengoa XX. mendekoa da.

Laukizuzen forma du, alboan lau horma-bular ditu eta dorre zaharra mantentzen du.

Santutegi honen perla nabarmenetako bat aldare handian gailentzen den mosaiko erraldoia da, 870.000 piezaz osatua. "Peli" Romarategi artisau arabarraren lana da, barruko beirateak bezala.

San Antonio Urkiolan: tenplu bat eta bi santu

Urkiola bi santuko santutegia da: “bata negukoa eta bestea udakoa”; hau da, Antonio Abad (urtarrilak 17) eta Antonio Paduakoa (ekainak 13).

Jatorrian, San Antonio Abad gurtzen zen, baserritarren zaindari eta animalien babeslea, baina, ahozko tradizio baten arabera, ibilaldi apostolikoetako batean, San Antonio Paduakoa ermitaraino iritsi, meza eman eta garai hartako ostatuan eman zuen gaua.

Horregatik, santu izendatu zutenean, Urkiolako patroi hautatu zuten.

Urkiolako San Antonioren erromeriaren historia

Urkiolako erromeriak historia eta tradizio luzeak ditu; jada 1595ean dokumentatua agertzen da.

Antza denez, XVI. eta XVII. mendeetan, gaixoak bedeinkatzen ziren har, azkar senda zitezen.

Gainera, izurri- edo lehorte-garaietan erromesaldi-tokia zen, eta, jada ordurako, bikotekidea eskatzeko leku ezin hobetzat zeukaten, garaiko herri-koplak dioen bezala:

Neska-zarrak joaten dira

Urkiolara, Urkiolara,

Santuari eskatzera senar on bana

senar on bana, komeni bada.

Santuak esaten die,

buruakin ez, buruakin ez

Zergaitik lehenago akordatu ez

akordatu ez, orain batere ez.

Eta horrela heldu gara orainera eta Urkiolako San Antonioren erromeriako erritu ezagunenera.

Tximistarriari” zazpi buelta emateko tradizioa

Zein da Urkiolako erromeria hain ezagun bihurtu duen erritu hori? Erloju-orratzen noranzkoan zazpi bira eman behar zaizkio santutegiaren aurrean dagoen “maitasunaren” harriari, “tximistarri” ere deitua.

Batzuen ustez, harri handi hori meteorito batetik dator; beste batzuek diote meatze batzuen parte zela, eta garraiatzen zuen gurditik erori zenetik dagoela han; eta, bertsio ofizialaren arabera, Benito Bizkarrak, ermitako abadea 1929an, mendi batean aurkitu, eta, haren forma eta osaera bereziak liluratuta, ermitara lekualdatzea agindu zuen.

Jatorria edozein dela ere, tradizioaren arabera, ibilbide berezi hau eginez gero, San Antonio Paduakoak, galdutako eta ezinezko gauzen eta kausen defendatzaileak, betirako bikotekidea aurkitzea bermatzen du. Kontuz ibili eta ez eman birak kontrako noranzkoan, antza denez hori eginda bikotekidea galtzera kondenatuta baitzaude.

Urkiolan maitasun-aferak duen garrantzia zenbaterainokoa den ikus dezazun... santutegian ezkontzen diren bikote guztiei Gabonetako zorion-txartel bana bidaltzen zaie. Eta urtero 3.000 inguru bidaltzen dira.

Azoka eta jarduerak Urkiolako San Antonioren Erromerian

Ekainaren 13an, goizean goizetik San Antonio Paduakoaren eguna ospatzeko eta tradizioak betetzeko prest dagoen jendez beteta egoten dira santutegiaren inguruak.

Betiko meza-eskaintzaz gain —ordutegi zabalagoa izaten dute eta normalean Bilboko apezpikuak ematen ditu—, denetariko jarduerak aurkitu ditzakegu: ibilbide gidatuak, musika zein trikitilari eta bertsolarien emanaldiak eta herri-kirolak, hala nola gizon eta emakumeen harri-jasotzeak.

Bestalde, nekazaritza-produktuen azoka egiten da, eta bertako postuetan tokiko produktuak dasta eta eros daitezke: gazta, eztia, gozokiak, ogia, frutak. Eta, jakina, txosnak eta txakolina ere izaten dira.

Gainera, eskulangintza, bitxiak edo xaboia aurkitu ditzakegu, eta abere-azoka egiten da, behi-, ardi- eta zaldi-aziendako buruekin.

Hala, erritu, tradizio eta festen artean, Urkiolak urtero ospatzen du San Antonioren Erromeria handia. Euskadiko bazter adierazgarrienetako batean maitasun-zoria bideratu edo berresteko aukera paregabea.

Argazkia: durangaldeaturismoa.eus, Ministerio de Agricultura, Pesca y Alimentación, Ayuntamiento de Urkiola.