Badakizu bi turismo-paradore ditugula Euskadin? Bata Hondarribian dago, Gipuzkoan, eta bestea, berriz, Arabako Argomaiz udalerrian. Biak ala biak plan ederra dira familia-giroan, bikotekidearekin edo lagunartean gozatzeko. Hementxe duzu ezinbesteko informazio guztia Hondarribiko eta Argomaizko paradoreei buruz.

Hondarribiko gaztelutik Argomaizko jauregira. Euskadiko paradore nazionalak ezagutuko ditugu.

Hondarribiko paradorea

Gipuzkoako ipar-ekialdeko muturrean dago Hondarribia, Jaizkibel mendiaren magalean.

Erdi Aroko trazatua gordetzen duen hiri harresitu bat da, eta oinetxe koloretsuak ditu, balkoi eta guzti, historiaz gainezka. Eta hantxe dago turismo-paradore ikusgarria, monumentu historiko-artistiko izendatua.

Antso Gartzeitz II.a edo Antso Abarka errege nafarrak X. mendean eraiki zuen gaur egungo Hondarribiko paradorea. Frantziako mugan egonik, toki paregabea zen Bidasoa ibaitik etor zitezkeen arriskuak kontrolatzeko. Defentsarako eraikina zen, argi eta garbi: horma lodiak eta altuera handia, etsaiei gauzak zailtzeko behar zuten guztia.

Baina, defentsarako ez ezik, ostatua eta babesa emateko ere baliatu izan dute eraikin hori, dela makina bat pertsonaia ospetsu —Diego Velázquezi, esaterako—, dela errege-erreginak izan dira han, hala nola Karlos V.a enperadorea. Hain zuzen, haren izena du eraikinak, hark birmoldatu eta handitu baitzuen bere gustura.

Oraindik ere gordetzen ditu jatorrizko arkuak, eta barruan kanoiak, armadurak eta halako objektuak daude. 1968an bihurtu zuten turismo-paradore.

Nolakoa da Hondarribiko paradorea?

paradores euskadi hondarribia
Iturria: Paradoreak

Hondarribiko paradorea hirigune zaharraren tontorrean dago, eta, beraz, hara iristea ez da erraz-erraza ere.

Dena den, merezi du zailtasun txiki horiek gainditzen saiatzea eta lau izarreko hotel bihurtutako gaztelu honetara sartzea.

Denera 36 logela ditu, dotoreak guztiak ere, eta ederki uztartzen dituzte ukitu tradizionala eta egungo erosotasunak. Gehienek itsaso aldera ematen dute: Bidasoa ibaiak eta Kantauri itsasoak bat egiten duten tokia ikusi ahalko duzu haietatik.

Baina baditu bista zoragarriez gozatzeko beste leku batzuk ere, lorategia eta terraza panoramikoa, kasu.

Hondarribiko paradorean ez dago jatetxerik, baina bai kafetegi bat, bertako kalitatezko produktuak dastatu ahal izateko; konparazio baterako, Ipar Euskal Herriko gaztak edo Getariako antxoak, eta, bereziki, artisau-gozogintzarik onena.

Era berean, bi areto bikain ditu, tankera guztietako ekitaldiak hartzeko: Tapizen Aretoa (Rubensek eginiko tapiz baliotsuek ematen diote izena) eta Karlos V.a Enperadorearen Areto bikaina. Bakoitzean 70 pertsona inguru kabitzen dira.

Zer ikusi Hondarribian?

Hondarribia da Euskadin turista eta bisitari gehien jasotzen duen udalerrietako bat; beraz, nahitaez ikusi beharrekoak dira paradorearen inguruak tipi-tapa paseotxo bat eginez.

Plan polita da, esaterako, Bidasoa ibaia zeharkatzen duten itsasontzietako bat hartu eta Hendaia aldera igarotzea.

Plan kulturalago bat nahi baduzu, berriz, Hernaniko Chillida Leku Museora joan zaitezke.

Paradoretik 250 metro eskasera, Hondarribiko itsas pasealekua topatuko duzu, eta handik kilometro pare batera, azkenik, hondartza. Hain justu, ur-kirolak maite dituztenek ere bisitatzen dute udalerria, padel surfean edo urpekaritzan aritzen direnek, kasu.

Eta natura bete-betean sartu nahi baduzu, zoaz Irungo Plaiaundi parke ekologikora, edo jantzi oinetako eroso-erosoak eta egin ingurumariotan topatuko duzun mendi-ibilaldiren bat.

Argomaizko paradorea

Araba erdialdean dago Argomaizko paradorea, baserri eta paisaia berde-berdeen artean.

Eraikin errenazentista dotore batean dago Argomaizko paradorea: Larrea jauregian.

Larreatarrek eraiki zuten 1712an —Arabako markesak ziren—, eta sendiaren armarria oraindik ere ikusgai dago eraikinaren fatxadan.

Jauregi haren hormen artean igaro da inguruotako historiaren parte handi bat. Garai batean, karmeldar oinutsen komentua izan zen, baita tropa frantsesen kuartela ere Independentzia Gerran. Kondairak dioenez, hantxe igaro zuen Napoleonek Gasteizko guduaren aurreko azken gaua.

Era guztietako jendea igaro da, beraz, ingurumari horretatik: erlijiosoak, soldaduak, erromatarrak, kristauak, musulmanak, juduak, flandestarrak edo frantsesak.

Nolakoa da Argomaizko paradorea?

paradores euskadi argomaniz
Iturria: Paradoreak

Argomaizko paradorea leku paregabea da deskonektatzeko eta erlaxatzeko, liburutegian, aretoetan, lorategietan edo ikuspegi panoramikoak dituen terrazan.

Hiru solairu eta 53 logela ditu. Guztietan ere egurrez eta harri naturalez landutako landa-dekorazioa da nagusi.

Jauregiaren azken solairuan, garai bateko aletegian, Aletegui jatetxea dago.

Ikuspegi panoramikoak ditu, eta bereizgarriak dira idi-begi formako leihoak eta XVIII. mendeko jatorrizko kasetoidura.

Aletegui jatetxeak merkatuko eta sasoiko sukaldaritza eskaintzen du, euskal kutsu tradizionalekoa baina berrikuntza-ukituekin. Haragiak eta barazkiak dira nagusi jatetxeko kartan. Halere, bereziki nabarmentzen dira Club Ranero bakailaoa, basaperretxiko-pastela eta, azkenbururako, goxua.

Jatetxetik Arabako lautada ikusiko duzu aurrez aurre, baita inguruan dauden Gorbeia mendia eta Uribarriko urtegia ere —guztiak ere bisitatxo bat merezi dutenak—.

Zer ikusi Argomaizen?

Argomaizko paradorea oasi bat da natura bete-betean. Parean Garaioko Parke Naturala dago, eta oso gertu dauka, orobat, Euskadiko parke naturalik handiena, hau da, Gorbeiako Parke Naturala.

Beste aukera bat da Uribarri Ganboako urtegira joatea. Han, aukeran izango duzu golfean jokatzea, txirrindularitzan aritzea edo bandera urdina duten barruko hondartza zainduetara joatea.

Hirira ihesalditxo bat egitea nahiago baduzu, berriz, hamabi kilometrora duzu Gasteiz.

Eta nahitaez bisitatu beharrekoa da, era berean, Argomaiz herria bera: jauretxeak eta monumentu interesgarriak topatuko dituzu, hala nola jauregia (gaur egun udaletxe bihurtua) eta gotzain-etxea.

Zalantzarik gabe, sekulako luxua dira Euskadiko gure bi paradoreak, bai Hondarribikoa, bai Argomaizkoa.

Goiburuko irudiaren iturria: Paradoreak.