Gaur goizean, Mikel Landa Euskaltel-Euskadiko lider berri gisa aurkezteko eta hari ongietorria egiteko ekitaldi sozial eta instituzionala izan da Bizkaia Euskaltel Digital Center gaikuntza teknologikoko, berrikuntzako eta trebakuntza digitaleko zentroan, Bilboren erdialdeko Euskadi plazan. Euskadiko erakundeetako, enpresa-alorreko eta kiroletako hainbat pertsona ospetsu bildu ditu topaketak, eta agerian utzi du zeinen lotura estua dagoen euskal entitateen, zaleen eta sare sozioekonomikoaren artean.
Orange Españako zuzendari nagusi Meinrad Spenger eta Euskalteleko presidente Luz Usamentiaga izan dira ekitaldiaren anfitrioi, eta Xabier Usabiaga EiTBko kazetari ezaguna aurkezle. Ekitaldian, ofizial bihurtu da, ilusio handiz, txirrindulari arabarra bueltan datorrela kirolari gisa trebakuntza eman zion egiturara, eta agerian utzi da, halaber, Euskaltel lurraldean sustraitua dagoela eta konpromiso estrategikoa duela euskal gizartearekin, kulturarekin eta kirolarekin. Spengerrek ilusioa erakutsi du Landaren etorreragatik, zeina euskal txirrindularitzaren estandarte gisa itzuliko baita bere jatorriko taldera.
Landak Euskadi Fundazioan egin zituen lehen urratsak txirrindulari amateur eta profesional gisa. Orain, zirkulua itxiko du, bai kirol-arloan, bai emozionalki, proiektuarekiko erabateko konpromisoa erakutsi baitzuen 2017an erakundeari lagunduta. Berriro laranjaz jantziko da txirrindulari arabarra, mundu mailako elitean ibilbide bikaina egin ondoren: bi podium Italiako Giroan, bi laugarren postu Frantziako Tourrean, eta bosgarren postu bat Espainiako Vueltan. Azken horretan, bere kalitatea erakutsi zuen 2026an, garaipen handia iritsi baitzuen etapa nagusian, mailarik goreneko beste arrakasta batzuen artean. Landaren etorrerak sendotu egin du Euskaltel-Euskadik 2027an Espainiako Vueltara itzultzeko duen xedea. Hori berresten du Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren (UCI) zerrendako 30 talderik onenen artean sailkatuta egoteak.
Ekitaldiko unerik bereziena izan da Mikel Landak Euskaltel-Euskadi taldearen 2027ko maillot berria eman dionean Meinrad Spengerri. Jantzi hori eramango du taldeak munduko proba onenetako batzuetan, eta ekitaldian aurkeztu da lehen aldiz.
AGU maillotaren diseinu berria Euskaltel-Euskadi taldearen jatorrira itzuli da, laranja nagusi dela; ehunik aurreratuenez egina da, eta teknologia aerodinamikorik onena darabil. Mikel Landaren itzulera izango da eragingarri handiena ekipamendu hori janzteko eta errepide-bazterrak Marea Laranjaz blaitzeko, taldeko txapeldunak adoretu ditzan.
Meinrad Spenger, Orange Españako zuzendari nagusia: “Mikel etxera itzuli da. Talde honetan hasi zuen bere ibilbidea, eta, orain, urte hauetan guztietan metatutako esperientzia guztiarekin itzuli da. Oso baliagarria izango zaigu gure txirrindulari taldeari hazten jarraitzen laguntzeko. Halaber, Euskaltelek beste etapa bati ekingo dio, Orangeren babesarekin, Euskadirekin duen lotura areagotzen eta indartzen jarraitzeko. Sustrai sendoak ditugu lurraldean, bai eta hura digitalizatzearen aldeko konpromiso irmoa, talde bikaina eta gogo handia ere. Eta, Mikel berriro hemen egonda, elkarrekin eragingo diegu pedalei, eta are urrunago iritsiko gara.”
Mikel Landa: “Berriz ere kolore hauek janzteak esanahi pertsonal eta emozional oso sakona du niretzat. Egitura honek eman zidan aukera profesional bihurtzeko, eta beti sentitu izan dut Marea Laranjaren aparteko beroa. Neure gain hartzen dut lidergoa, erantzukizun handienarekin eta lasterketa bakoitzean gure zaleak gozarazteko gogo berberekin, harrobitik datozen etorkizun oparoko gazteentzat inspirazio-iturri izateko”.
Iñaki Isasi, Euskadi Fundazioko presidentea: “Mikelen etorrera inflexio-puntu bat da, ez bakarrik komunikabideei eta kirolari dagokienez, bai eta instituzionalki ere. Mikelek ezin hobeki irudikatzen du gure harrobiaren bidea: gazte bat Fundazioan hazi da, arrakasta izan du nazioarteko maila gorenean, eta etxera itzultzea erabaki du etapa berri hau zuzentzeko. Bene-benetan eskertzen dugu Euskaltelen, Kutxabanken, erakundeen eta zaleen baldintzarik gabeko konfiantza; haien laguntzarekin, asmorik handienekin egin ahal izango diegu aurre datozen urteei”.
Mugarri horrekin, Euskaltelek eta Euskadi Fundazioak aliantza historiko bat berretsi dute. Aliantza hori irmoki sustraituta dago lurraldean, eta ahalegina eta hobetzea bereizgarri dituen lurralde honetako identitatean, talentuan eta balioetan oinarrituta dago.