Pantaila-argazkiek guk nahi adina erabilera izan ditzakete. Demagun mendira zoazela, eta ibilbidea zure mugikorrean begiratzen duzula. Baliteke gorantz hasten zarenean konexioa galtzea, eta guztia hain ondo azaltzen zuen blog hori ezin berriro kontsultatu izatea. Pantaila-argazkia egina baduzu, arazoa konponduta egongo da.
Pantaila-argazkiak egiteak beste erabilera bat ere izan dezake: askorik iraungo ez dutela badakizun gauzak betikotzea. Pertsona famatu baten Twitterreko kontuan edo egunkari digitalen batean atzemandako hanka-sartzeak, joko batean atera duzun puntuazio bikaina edo lagun batek bidalitako mezuren bat, esate baterako. Pantaila-argazkia egin ondoren, sortzen den fitxategia nahi adina denboran gorde dezakegu.
Baina badakizu zure smartphonean irudi-argazki bat nola egiten den? Prozedura aldatu egiten da mugikor batetik bestera, baina, normalean, bi botoi aldi berean sakatu behar izaten dira.
Pantaila-argazkiak Androiden
Android erabiltzen duten sistema eragileetan, aldi berean sakatu behar dira pizteko botoia eta bolumena jaistekoa. Soinu batek, pantaila-efektu batek eta jakinarazpen batek adieraziko digute pantaila-argazkia egin dela.
iPhone eta Samsung
iPhone bat edo Samsung bat baduzu, aldi berean sakatu behar dituzu pizteko botoia eta beheko erdiko botoi fisikoa (edo hasierako botoia).
Windows Phone
Windows Phone 8.1 telefonoetan, nahikoa duzu pizteko botoia eta bolumena igotzekoa aldi berean sakatzea (Windows Phone 8 telefonoan, ordea, Hasi botoia eta pizteko botoia sakatu behar dituzu aldi berean).
Sistema eragile zaharrak dituzten mugikorretan, baliteke pantaila-argazkirik ezin egin izatea. Halaber, baliteke gailu batzuetan pantaila-argazkiak egiteko beste modu batzuk egotea, fabrikatzailearen arabera.
Hori egin ondoren, nola pasa ditzakezu pantaila-argazkiak ordenagailura? Era bat baino gehiago dauden arren, errazena da telefonoan nahiz ordenagailuan Dropbox instalatuta izatea, eta argazkiak unean bertan igotzeko aukera aktibatuta izatea. Gailuen arteko transferentzia automatikoki egingo da horrela.