Gutako gehienok konfiantza itsu-itsua dugu gure smartphone, tableta eta ordenagailuek programekin batera izan ohi dituzten segurtasun-sistemetan. Behar adinako bermerik eskaintzen ote dute, ordea? Alfonso Encinak, Euskalteleko segurtasun-produktuen arduradunak, uste du antibirus batek edo gako batek ez dutela erabateko segurtasuna bermatzen.
Gainera, beste zenbait joera ere kontuan hartu behar dira: gero eta gehiago erabiltzen dugu Internet komunikatzeko; gako soilagoak eta gogoratzen errazagoak erabili ohi ditugu; eta hackerrak gero eta errazago sartzen dira gure datu pertsonaletan eta gure ingurunean. Izan ere, askotan, sareetan guk geuk partekatzen dugun informazioa erabiltzen dute guri eraso egiteko. Sarea geure etsai bihurtzen da zenbaitetan. Horregatik, benetan seguru sentitu nahi badugu, urrats bat harago joan beharko dugu.
Adituek oinarrizko zenbait jarraibide gomendatzen dituzte: kontuz ibiltzea zer fitxategi erantsi deskargatzen ditugun, helbide ezezagunetatik bidalitako mezuetan datozen esteketan klik ez egitea, spam-aren aurkako iragazkia gaitzea, pasahitz seguruak erabiltzea –hamar karaktere edo gehiagokoak, eta letra larriz, xehez eta zenbakiz osatuak– eta WiFi sare publikoak zuhurtziaz erabiltzea.
Bi urratseko egiaztapena
Neurri horiek guztiak egokiak dira eta gure helburua lortzen lagunduko digute, baina, benetan segurtasuna nahi badugu, hurrengo maila bi urratseko egiaztapena da: pasahitz-sistema horrek erabiltzailea bi aldiz egiaztatzen du, bide desberdinetatik. Horrek esan nahi du zure postan edo Facebook-en sartzeko bi gauza beharko dituzula: zuk bakarrik dakizun zerbait —zure pasahitza— eta zure eskuetan duzun zerbait —SMS bidez bidalitako segurtasun-kode bat, aktibatze-sekuentzia bat edo nolabaiteko egiaztapen biometriko bat, hala nola hatz-marka—. Horien bidez, ia ezinezkoa izango da zure kontuan bortxaz sartzea.
Irtenbide hori jada erabilgarri dago sare sozial eta posta-zerbitzu gehienetan. Hemen ikus dezakezu nola aktiba dezakezun erraz zenbait saretan; ez izan zalantzarik eta sartu:
Zure pasahitzak kudeatzeko aplikazioak
Ikus dezakezunez, sare sozialak maite badituzu, badaude erak babestuago egoteko. Horrez gain, mugikorretarako aplikazio batzuek eskaintzen dituzten aukerak ere balia ditzakezu; esate baterako, pasahitzak kudeatzen laguntzen dizuten aplikazioek eskaintzen dituztenak. Mugikorretarako horrelako aplikazioen bidez, erraz gogoratuko dituzu zure gakoak: nahikoa izango duzu gako maisu bat gogoratzea. Gainera, gure nabigatzaileak integratu ohi dira web-orrietako erregistro-inprimakiak betetzeko, eta, beraz, botoi bat sakatzea nahikoa izango dugu gure profiletara sartzeko. Guk aplikazio hauek probatu ditugu eta oso erabilgarriak iruditu zaizkigu.
LastPass: Erabiltzaile adituentzat nahiz gako guztiak gordetzeko leku baten bila dabiltzanentzat. Aplikazio hau izan zen merkaturatzen lehenetarikoa, eta hori igarri egiten da dituen ezaugarrietan: plataforma anitzekoa, erabiltzen erraza eta doakoa. Gainera, plug-in gisa ere erabil dezakezu. Windows, iOS eta Androiden aurki dezakezu.
1password: Aplikazio hau gehien erabiltzen direnetako bat da, bi indarguneri esker: erabiltzen dituzun zerbitzu babestu guztiekin sinkronizatzen da, eta bere pasahitzak sortuko ditu —konplexuagoak— zureetatik abiatuz. Gakoak gordeta izango dituzu, behar dituzunerako, eta edozein sistematan erabili ahal izango duzu: Windows, iOS, Android.
Zuri dagokizu erabakitzea; neurri hauetako batzuk martxan jartzeko ez dituzu bi minutu baino gehiago beharko. Esan ohi den bezala, zauria sendatzea baino, ez egitea hobe; egia biribila da hori mundu digitalean.