Azkenean! Badator uda, pixkanaka: tabernetako terrazak, hondartzara joateko ihesaldiak, ustekabean luzatzen diren iluntzeak kuadrillarekin batera... Ekaina da, eta, eguraldi ona hastearekin batera, aurpegia ez ezik, izaera ere aldatzen zaigu, eta baikorrago gaudela dirudi, ezta? Bada, agenda itzel bat prestatu dizuegu, guztientzat aproposa: kontzertu eta jaialdien zale amorratuentzat zein familia ugarientzat, eta, jakina, baita ekitaldi kulturalak atsegin dituzten eta euskaltzale guztientzat ere. Etorri nahi duzu gurekin?

Euskal Eskola Publikoa

Ez da, ez, makal hasiko ekaina: hilaren 2an, Errenterian Euskal Eskola Publikoaren Festa handia egingo da, gure egutegiko hitzordu nahitaezko horietako bat. Aurtengo leloa Makina bat taupada da, eta antolatzaileek —Koldo Mitxelena ikastetxea— jardueraz beteriko egitaraua prestatu dute: pentsa, hainbeste dira, ezen bezperan hastea erabaki baitute! Ez da aspertzeko tarterik izango Koldo Mitxelena ikastetxearen, Gamon Zumardiaren, Gernika plazaren, Herriko plazaren, Foru plazaren eta Ondartxoren inguruan! Jendez eta musikaz beteko dira Errenteriako kaleak, denak ere agertoki erraldoi bihurtuta: hara bilduko dira EH 11 kolore, Euskorleans, Rockalean, EMKE banda, Reperkusion Feminista eta Trikitxistu taldeak. Eta urtero bezala, gogoan izan garraio publikoa erabiltzea komeni dela Errenteriara iristeko.

Araba Euskaraz

Aurten, inoiz baino gertuago izango dugu Araba Euskaraz. Ez, ez, ez da aurreratu: Gasteizen ospatuko dugu hilaren 16an. Aurtengo leloa, hain zuzen, Gertu da. Hitz horren bidez, Armentia Ikastolak (bera da antolatzailea) euskararen erabilerarekiko, euskararen irakaskuntzarekiko eta, batez ere, berdintasunarekiko gertutasuna adierazi nahi izan du. Orain, aurrekoan Lekeition egindako Ibilaldian baina eguraldi hobea bakarrik behar dugu, gainerakoan ez baita aitzakiarik: Arabako ikastolen festan parte hartzeko irrikaz gaude, eta, bidez batez, sekulako gogoa dugu Antton Aranburuk idatzi eta Lukok eta Royok kantatzen duten abestiarekin jazz erritmoan dantza egiteko!

A, eta Euskaltelen azken-azken ukituak ematen ari gara IkasJai gure aplikazioari, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko zuk hilaren 16an. Gogoan izan: Play Storetik edo Apple Storetik deskargatu dezakezu, edo, bestela, zuzenean, liburuxketako QR kodearen bidez.  Gure aplikazioari esker, are hobeto pasatuko duzu proposatuko dizkizugun jokoekin, eta opari pila irabazteko aukera izango duzu, gainera! Besterik eska liteke?

BBK Music Legends

Udako musika-jaialdiak ere ekainean hasten dira. Eta BBK Live iritsi bitartean, aperitif ezin hobe bat prestatu dizuegu: BBK Music Legends. Erreserbatu lehenbailehen sarrerak; hilaren 14an eta 15ean nazioarteko musikaz beteko baita Sondikako La Ola zentroa. Ez diguzu sinesten? Ikusi, ikusi, zer talde datozen: giroa berotzeko, The Beach Boys, surf-erritmorik ezagunenaren sortzaileak; eta Ben Harper and The Innocent Criminals. Horiez gainera, luxuzko beste bakarlari eta talde batzuk: Suzanne Vega, Little Steven and The Disciples of Soul, eta beste asko. Baita gure betiko Anje Duhalde ere. Kontsultatu hemen egitarau osoa, eta ez huts egin! Zain izango duzu rocka!

Azkena Rock Festival

BBK Music Legendsek ez badizu ase, eta dosi handiagoa nahi baduzu, astebete baino ez duzu itxaron beharko Gasteizko Azkena Rock Festivalerako. Aurtengo egitaraua aho zabalik uzten duten horietakoa da. Parte-hartzaileetako bi bakarrik aipatuko ditugu, irudika dezazun nolako ikuskizunak izango dituzun Mendizabalako zelaietan: rockabilly doinu bene-benetakoa Stray Cats taldearekin, eta beti-betiko The B-52´s taldea. Konformagaitza baldin bazara, zoaz Trashville karpara, musika-estilorik gogorrenak izango baitituzu han. Guztiaren berri izan nahi baduzu, kontsultatu hemen egitarau osoa.

Hirukide Donostia

Maiatzean primeran pasatu zenuen Gasteizko familia-egunean, ezta? Bada, orain, Donostiaren txanda da, han ospatuko baitugu, Hirukiderekin, Gipuzkoako familia ugarien festa. Familia pila elkartuko gara hilaren 16an Tomás Alba plazan, Zurriolako hondartzaren ondoan, jolas, denbora-pasa, tailer eta adin guztietarako ikuskizunekin gozatzera. Eta aurten, gainera, ospakizunak ez dira egun horretan bukatuko, handik sei egunera ihesalditxo bat egingo baitugu Nafarroako Sendaviva aisia- eta abentura-parkera. Beraz, familia ugari bateko kide baldin bazara eta giro apartaz gozatu nahi baduzu, badakizu: plan bikaina da familia guztiarentzat!

Ikusten duzunez, zaletasun-mota guztietarako planak prestatu ditugu; hala ere, hil honetarako proposamen dibertigarriren baten berri eman nahi badiguzu, idatzi iruzkin bat!