Sutro gustatzen? Edo nahiago Ginza, Hefe eta Amaro? Izen horiek ezagutzen ez badituzu, Instagrameko iragazkien katalogoan ibili ez zaren seinale. Ikaragarri handia da. Egoera bakoitzerako iragazki egokia dago!

Gaur egun, Instagramen arrakasta lortu nahi izanez gero, ez da nahikoa smartphonea atera, argazkia egin eta sarera igotzea. Bai zera! Gure sare sozialik gogokoenak 40 iragazki ditu katalogoan, sentitzen duzun guztia adierazten eta nortasun bereziko argazkiak egiten laguntzeko. Gero eta zailagoa da “Atsegin dut” bat lortzea; beraz, edukiak sortzeko, nahitaezkoa da iragazkiak erabiltzen jakitea, nortasun berezia emateko gure argazkirik onenei. Zuen argazkia gure blogean argitaratzea lortuko duzue beharbada! Auskalo! ?

Beraz, Instagram denbora guztian erabiltzen duzun horietakoa bazara eta argazki bakoitza ondo girotzea atsegin baduzu, iragazkiak aktibatzen eta desaktibatzen irakatsiko dizugu, gehien gustatzen zaizkizunak bakarrik izan ditzazun eskura. Hala, Benicassimen alokatu duzun banana formako kanoan zoazela egin duzun selfiea Instagramera igo nahian zabiltzanean, ez zara erotuko Stinson, Moon edo Slumber iragazkien bila: sakatzeko prest izango dituzu.

Aplikazioan sartu ondoren, aukeratu iragazkiak, joan eskuinalderantz bukaeraraino, “Administrar” kutxatila ikusten duzun arte. Haren gainean sakatzean, eskura dituzun 40 iragazkien zerrenda aterako zaizu: aktibatu, desaktibatu eta ordenatu egin ditzakezu. Demagun Charmes gustatzen zaizula, katalogoaren bukaeran ageri denetako bat: sakatu haren gainean, eta eraman zerrendaren hasierara. Handik aurrera, argazki bat ateratzen duzunean, iragazki hori aterako da lehenengoa zerrendan. Aukeren zerrenda garbitu nahi baldin baduzu eta pare bat iragazki bakarrik utzi erabilgarri ez erotzeko argazkiak egitean, luze sakatu zerrendatik kendu nahi duzuna eta eraman “Arrastra para ocultar” kutxatilara. Kito! Zuk aukeratutakoak bakarrik izango dituzu eskura, atsegin ez dituzun beste hainbat iragazkirekin nahastu gabe?.

Bide batez, hainbestetan aipatu ditugunez, jakin nahi duzun zein diren mundu osoan gehien erabiltzen diren iragazkiak? Clarendon da jaun eta jabe leku guztietan. Denetarako balio du, eta horregatik izango du, beharbada, halako arrakasta: argitu egiten ditu argazkiak, itzalak nabarmendu, kolorea bizitu... Edo auskalo! Beharbada “Normal” aukera lehenetsiaren ondoan dagoelako izango du halako arrakasta. Ez dakigu zergatik..., baina gehien erabiltzen dena da.

Juno da Clarendonen atzetik gehien erabiltzen den hurrengo iragazkia, nahiz eta Estatu Batuetan nahiago duten Gingham-en ukitu nostalgikoa.

Dena dela, ez bazaizu gustatzen iragazkien aukerak probatzeko esperimentuak egitea, hona gure gomendio batzuk. Valencia da naturan egindako argazkietan gehien aplikatzen den iragazkia; Kelvin, modako argazkietan; Skyline da foodien gogokoena… Eta badakizu zein den selfieak egiteko gehien erabiltzen dugun iragazkia? Bada, batere ez! “Normal” modua erabiltzen dugu gehien autorretratuak egitean; eta, horren atzetik, Slumber.

Eta zureak? Zer iragazki erabiltzen dituzu gehien zure storietarako? Clarendon, Moon, Lark edo Reyes? Zein duzu nahiago? Idatzi iruzkin bat, eta esaguzu, gu ere  instagramerrak baikara!