Entzun duzu inoiz ezer idle gameei buruz? Joko inkremental, klicker, klik-joko, sakatzeko joko, inaktibitate-joko… ere esaten zaie. Joko oso-oso sinpleak dira, eta honetan dautza: pantaila askotan ukitzean edo helburu bat lortzeko jokoa bakarrik joan dadin uztean. Zer helburu, ordea? Bada, bitxiak, oxigenoa, dirua, bidaiariak... non gertatzen den. Zenbat eta azkarrago egin klik, orduan eta azkarrago lortuko duzu helburua.

Eta hori dibertigarria ote den pentsatzen ari bazara, gure aholkua da joko bat deskargatzea, eta probatzea: harritu egingo zara zein entretenigarriak izan daitezkeen ikusita. A! Eta ez pentsa idle gameekin hasi eta utzi ezinik zabiltzan pertsona bakarra zarenik. Youtuberi gainbegiratu bat ematen badiozu, tutoretza-piloa ikusiko duzu, diru gehiago irabazteko edo objektu gehiago lortzeko trikimailuak azaltzen dituztenak. Jakin-minik bai? Probatu hauetako batekin.

  • Idle Cooking Tycoon. Joko honetan aritu eta pastelgile arrakastatsua bihurtu nahi baduzu, aski duzu hatzarekin oso azkar klikatzea. Idle Cooking Tycoonen joko-sistema oso erraza da: gure gozotegiak etengabe eta modu automatikoan ekoizten du txokolatea, eta banatu egiten du... eta saldu egiten du. Eta dirua erritmo konstante batean sartzen da gure negozioan. Baina diru gehiago irabazi nahi baduzu, pantaila azkarrago sakatu besterik ez duzu egin behar: horrela, txokolate gehiago egingo duzu, eta diru gehiago lortuko duzu. Eta zer egin dezakegu diru horrekin? Sukalderako era guztietako tresnak erosi, eta… diru gehiago irabazi. Pixkanaka, tamaina handiagoko sukaldeak desblokeatzen joango zara, eta sukaldari berriak kontratatu ahal izango dituzu, unibertsoko gozogile aberatsena izateko. Eta hobekuntza gehiago lortzeko presa baduzu, benetako diru pixka bat inberti dezakezu...  Doan deskargatu dezakezu zure mugikorrean Play Storetik, eta iOSerako.

  • Idle Miner Tycoon. Aurreko jokoaren oso antzeko mekanika du, baina, kasu honetan, harribitxiz betetako meategi batean gertatzen da. Hiru meatzari-talde ditu, jokalariak kudeatu beharrekoak, eta hiru eremu: minerala ateratzen den meatzea, lur gainera ateratzeko igogailua, eta prozesatze-eremua. Zenbat eta urre gehiago atera, orduan eta diru gehiago; eta, diru horrekin, meatzari gehiago izan ditzakezu, azkarrago lan egin, garraiatzaile gehiago eduki... Eta diru gehiago irabazi. Aitortu behar da behin hasiz gero utzi ezin den horietakoa dela.... Doan eskura daiteke Androiderako eta iOSerako.

  • Terrarium: Garden Idle. Joko honen helburua da landare-mota desberdinak landatzea, haiek hazi eta beste landare batzuk desblokea ditzaten, eta, hala, lorategi eder bat sortu. Eta nola egiten da hori? Landareek berez sortzen dute oxigenoa, baina oso poliki. Oxigeno hori metatu egiten da, ureztatzea, ongarria eta abar desblokeatzeko. Bada, pantailan klik egiten baduzu, prozesua bizkortu egiten da. Oxigeno asko metatutakoan, haren truke ongarria eta ura lor ditzakezu, eta, hala, zure landareek hazten jarraituko dute. Androiderako eta iOserako bertsioak ditu.

  • Nido de hormiga. Garatzaileak berak honela definitzen du idle game hau: denbora pasatzeko bakarrik balio du. Bertan, hainbat inurri ikus daitezke, beren habia eraikitzen edo, besterik gabe, lurpean tunelak egiten. Eta hori da dena! Hala ere, egia da zenbait interakzio egin ditzakezula: adibidez, armiarmak eta intsektuak aktibatu, edo bonbak bota, gustatzen ez zaizkizun galeriak ezabatzeko. Hori bai, musika lasaigarria da oso. Android eta iOS sistemetarako dago erabilgarri, doan.

  • Cookie Clickers. Joko honen bidez, ahalik eta gaileta gehien laberatu behar dituzu, klik eginez edo pantailako gaileta erraldoia ahalik eta azkarren ukituz. Nahikoa gaileta dituzunean, zenbait hobekuntza desblokeatu ahal izango dituzu... gailetak azkarrago egiteko! Eta horrela segi eta segi, joko honek ez baitu amaierarik. Emozio pixka bat emateko, zure puntuazioak beste pertsona batzuekin konpara ditzakezu, Facebooken bidez. Androiderako eta iOserako bertsioak ditu, doan.

  • Demon Princess Marie. Joko grafiko honetan, presta zaitez munstro eta etsai guztien aurka borrokatzeko. Nahikoa da pantailaren edozein tokitan ukitzea aurrean duzun munstroari sable-kolpe bat emateko, babesten ari zaren sorginak automatikoki sorginkeriak egiten dituen bitartean. Banan-banan, munstroak hil egiten dira, eta, ordainetan, txanpon-mordoa uzten dute, gure trebetasunak eta sorginenak hobetzen lagunduko digutenak. Android eta iOS sistemetarako dago erabilgarri, doan.

Merezi duen idle gamerik ezagutzen baduzu, idatzi iruzkin bat.