Juego de tronosen esango luketen bezala, "Autumn is coming". Alegia, bukatu direla oporrak. Hemendik aurrera, bestelako kontuak ditugu: errutina, elikadura osasuntsua, gimnasio bila hastea, eskolara edo lanera itzultzea...

Errutinarekin batera, estutasunak hasten dira, eta egiteko utzi zenuen guztia etortzen zaizu burura (Ene, Jainkoa!), oporrak hartu aurretik egin zenituen promesa guztiak, "Irailean ekingo diot horri" esaten zenuen bitartean. Baina lasaitu da giroa, halako batean; urtero gauza bera gertatzen dela gogoratu duzu, eta zera esan diozu zure buruari: "Ez da ezer gertatzen, Uxue; lehenago ere gertatu izan zaizkigu horrelakoak". Izan ere, "Marmotaren eguna" ematen du.

Baina gauza batek zure onetik ateratzen zaitu, eta burua zulatzen, txindatak jotzen ari den tximu mekaniko batek bezala. Esnatzeko uneaz ari gara, goizero lasaitasuna lapurtzen dizun "bip-bip" elektriko horretaz, edo azkenean gorrotoa diozun Justin Timberlakeren kantu horretaz...

Bada, zorioneko zaude! Lanera, eguneroko errutinara edo unibertsitatera traumarik gabe eta umore onean itzul zaitezen nahi dugu. Horregatik, zenbait aplikazioren berri emango dizugu, goizero pozik esan zaitezen.

iOS

  • iHandy iratzargailua. Jakin nahi al duzu, esnatu orduko, zer eguraldi egingo duen, arropa egokia hauta dezazun? Bada, horixe egiten du iHandy, bere alarmetako batek "Egun on!" esaten dizun bitartean. Eta musika pixka bat ere behar baduzu goizero martxan jartzeko, zeure gustuko kantuak hauta ditzakezu Pro bertsioarekin, edo erreprodukzio-zerrenda bat sortu. Hori bai, ordaindu egin behar da.

  • Bedr Radio. Eta streaming bidezko irrati-iratzargailu bat behar baduzu, Bedr Radiok mundu osoko 7.000 irrati jartzen dizkizu eskura, nahi duzuna aukera dezazun. Tolosakoa, Santurtzikoa, Aguraingoa, Cincinnatikoa... Musika, kirolak, zure herriko albisteak..., mundu edozein bazterretako irratietan bilatzen duzun hori zeure iPhonean aurkituko duzu.
  • Wave Alarm. Bota al duzu inoiz lurrera iratzargailua, edo paretaren kontra jaurti, ilunpean hura ezin aurkiturik ibili ondoren? Aplikazio honekin, aski duzu keinu bat iratzargailua itzaltzeko. Pasatu eskua iPhonearekin gainetik, eta segituan isilduko da zure gogoko melodia (hamar dituzu aukeran) edo zure liburutegiko musika. Mugikorraren kamerak detektatu egingo du zure besoaren mugimendua, eta alarma desaktibatu. Magikoa dirudi, ezta?

Android

  • Puzzle iratzargailua. Besoa mugikorraren gainetik pasatzea ez bada nahikoa mugimendu zu esnatzeko eta burua argitzeko, hauxe duzu aplikazio egokia. Puzzle iratzargailuak zenbait funtzio ditu "adarrik jo" ez diezaiozun; adibidez, igarkizun batzuk asmatu behar dituzu bakean utz zaitzan. Goizean goizetik Trivial jokoari ekiten...
  •  Glimmer. Iratzargailu progresibo bat behar al duzu? Amorratu egiten al zaitu bakarren batek pertsiana bat-batean igotzeak edo iratzargailua joka hasteak? Aplikazio honek pixkanaka aktibatuko du zure smartphonearen distira eta gehienez ere txoritxo batzuen kantak entzungo dituzu; ez badiezu kasurik egiten, orduan bai, zarata handiagoa egingo du, berriro lo har ez dezazun. Eta, bien bitartean, Internetera konektatzen da aplikazioa, postako mezuak begiratzera.

  • Alarmy. Esnatzea izugarri kostatzen zaion jendearentzat da aplikazio hau, berriro lo har ez dezan ohetik jaikiarazi behar diren horientzat, alegia. "Argazki modu" oso eraginkor bat du aplikazio honek: erabili aurretik, gela baten argazki bat egin behar duzu (komunarena, adibidez). Eta hurrengo goizean, alarma joka hasten denean, jaiki eta leku beraren beste argazki bat egin beharko duzu, aplikazioak elkarrekin konparatu, esnatu zarela egiaztatu eta iratzargailua itzal dezan. Lantegi ederra goizero burua argitzeko! iOSerako ere eskuragarri duzu.

Eta zuk? Ezagutzen al duzu beste konponbide magikoren bat goizero irribarrez eta zalapartarik gabe jaikitzeko? Idatzi iruzkin bat, eta azaldu iezaguzu!