Ikusi duzu inoiz belozirraptorren bat Doña Casilda parkean? Mamuak segika izan dituzu Florida parkean edo zonbiak segika Mirakontxan korrika zindoazenean?
Ba, errealitate areagotuarekin, hori eta askoz gehiago ere gerta dakizuke. Oraindik ez duzula ezagutzen? Bada, txundituta geratuko zara. Teknologia horren bidez, elementu birtualak gainjartzen dira errealitatearen gainean gure mugikorraren edo tabletaren pantailan. Hala, dinosauroak, zonbiak, mamuak, Pokemon eta askoz gehiago ikus ditzakezu. Baina errealitate areagotuko aplikazioak ez dira erabiltzen jolasteko bakarrik, ezta gutxiago ere: esaten da aurten eta datorren urtean diru gehien mugituko duten negozio teknologikoetako bat direla. Eta jakin ezazu enpresa handi batzuek, hala nola Ikea, badutela jada errealitate areagotuko aplikazio bat, ikus dezazun nola geratzen diren altzariak zure etxean erosi baino lehen... izugarria. Guk aipatu dizkizugu jada errealitate areagotuarekin txundituta gelditzeko aplikazio ezinbesteko batzuk, baina orain... jolastu egin nahi dugu! Beraz, presta zaitez Pokemon Go!k hasitako bideari jarraitu zioten jokorik onenetako batzuk ezagutzeko.
- Ghostbusters World. Prest zaude mamuak harrapatzeko etxeko egongelan edo hirian? Who you gonna call? Ghostbusters! Joko honetako mamuak 80ko hamarkadako film mitikoetatik hartuta daude, eta, jolasteko, datu-konexio bat behar duzu edo Euskaltel WiFi Kalean erabili. Gainerakoan, erraz-erraza da, eta doakoa. Ahal dituzun mamu gehienak harrapatzean datza jokoa, eta, horretarako, zure kasa joan zaitezke edo taldeko beste kide batzuekin batera jardun. Errealitate areagotuko aukeraz gozatu nahi baduzu, bakarrik aritu behar duzu. Zure pertsonaia konfiguratu, armak aukeratu eta... ehizera. iOSerako eta Play Storerako prestatuta dago, baina, kasu horretan, Android 6.0 instalatua izan behar duzu.
- Jurassic World Alive. Dinosauroek ihes egin dute Jurassic Worldetik, eta hara eta hona dabiltza aske. Zure helburua, baina, ez da guztiak akabatzea; aitzitik, galzoritik salbatu behar dituzu, eta, horretarako, Dinosauroak Babesteko Taldeko partaide bihurtuko zara. Beraz, prestatu zeure burua T-Rex, belozirraptor eta beste espezie are txundigarriagoak bilatzeko drone baten laguntzaz, eta DNA-laginak hartzeko, hala, mailaz igotzeko eta laborategian hibridoak sortzeko. Printzipioz, jokoa doakoa da, baina edukia eta hobekuntzak desblokeatu nahi badituzu, ordaindu egin beharko duzu, hasi 1,99 €-rekin eta… 199,99 €-raino! Play Storen eta App Storen eskuratu daiteke, eta Android 4.4 eta iOS 10 baino goragoko bertsioak behar ditu.
- Ingress Prime. Nazioarteko konspirazioen jokoak gustuko badituzu, hau izugarri gustatuko zaizu. Energia-iturri berri bat ustiatzea dela-eta munduan etsaituta dauden bi alderdien arteko bat hautatu behar duzu. Jokoa zure hirian zehar ibiltzean datza, XM energiaren unitateak jasotzeko; unitate horiek Atari izeneko zona batzuetan daude. Unitateak jaso ahala, atari gehiago finkatu eta eremu gehiago kontrolatzen dituzu. Doan deskargatu dezakezu zure Android edo iOS gailuan.
- Zombies, Run! Aspertua bazaude korrika bakarrik egiten duzulako, gimnasioan edo zure auzoan zehar, joko honekin korrika egingo duzu.. bai horixe. Ez duzu beharko ez pultsometrorik ez beste trasterik zure eboluzioa egiaztatzeko. Aplikazio hau eta entzungailu batzuk, besterik ez. Kontakizuna helikoptero-istripu batekin hasten da, eta irrati-operadore baten ahotsarekin: inguruan zaudeten pertsona guztiak, korri egin! Eta mezu hori zuretzat da! Istripu-hotsa entzunda, zonbi-saldoak abian jarri dira, odol-egarriz, eta gizateria salbatzeko funtsezko bizigaiak jaso behar dituzu, eta bizirik irten direnak gordeta dauden kolonia batera eraman. Hor hasten da zure lasterketa bizirik irauteko. Zonbiak 100 metrora daudelako abisuak entzuten dituzunean, are azkarrago egin beharko duzu korrika. Eta ingelesez dagoenez… hobe duzu zeure listening-ak hobetu; bestela, jan egingo zaituzte! Zenbait pasarte ditu, eta pasarte bakoitza ibilbide bati dagokio. Doanekoa da, eta Androiderako eta iOSerako dago erabilgarri.
- Harry Potter: Wizars unite. Joko hau oraindik ez da kaleratu… baina ezin izan diogu eutsi! Oso itxura ona du, eta iragarri dute urte honen bukaeran plazaratuko dela. Ez dakigu doakoa izango den ala ez, ezta Androiden eta iOSen zer bertsio beharko duen ere... baina ziur gaude mereziko duela. Dakigun bakarra da magia-arrastoak agertzen direla muggle munduan (gurean, alegia) eta sorgin eta mago guztien laguntza behar dela tragedia hori gerarazteko, Izendatu-Behar-Ez-Denaren garaiaren antzeko zerbait izatera iritsi baino lehen. Harry Potterrek berak esango lukeen moduan, “ni ez naiz kanpora ateratzen arazo bila. Normalean, arazoak bidera ateratzen zaizkit”.
Ezagutzea merezi duen errealitate areagotuko beste jokorik ezagutzen baduzu, idatzi iruzkin bat eta partekatu gurekin!