Emojien familia hazi eta hazi ari da urte batetik bestera. Aurten, 117 ikono berri erantsi dira, pentsa! 3.000 baino gehiago dira dagoeneko. Baina badakizu nork erabakitzen duen emoji berriak eranstea gure eguneroko hiztegira? Bada, Euskaltzaindia moduko batek; eta ondo zorrotza da, gainera. Hori eta beste zenbait kontu bitxi ere azalduko dizkizugu Emojiaren Nazioarteko Egunean.

Zergatik uztailaren 17an?

Hauxe da lehenengo kontu bitxia. Emojiaren Nazioarteko Eguna uztailaren 17an ospatzen da egun hori agertzen delako mugikor askoren egutegiaren ikonoan. Erlojuaren ikono askotan 10:10 agertzen den bezala ?. Applek egun hori aukeratu zuen duela 18 urte iCal aplikazioa plazaratzeko, eta, sagartxoaren eragina bazter guztietara zabaldua dagoenez, uztailaren 17a egutegiaren emojirako estandar bihurtu zen.

Unicode Partzuergoa, emojien Euskaltzaindia

Emoji bat gure hiztegian sartzeko, Unicode Partzuergoaren iragazkia pasatu behar du. Irabazi-asmorik gabeko erakunde horrek proposamen pila jasotzen du urtero, baina ez ditu onartzen guztiak. Esate baterako, zain dago oraindik urdaiazpiko serranoaren emojia ☹.

Emoji hautagaiei iragazkia gainditzen laguntzeko, Emojination komunitatea sortu zen 2015ean. Eta Partzuergoak enpanadaren emojia onartzea izan zuen lehenengo garaipena.

Oliba, 2020ko berrikuntzetako bat

Urdaiazpiko serranoa zain dago oraindik, eta aurrea hartu dio olibak, emoji ofizial bihurtuko baita aurten. Unicoderen 2020ko zerrendan, 117 emoji berri daude; horien artean, “italiar eskua” eta “ninja”. Jakin-minez? Hemen duzu zerrenda osoa.

Emojipedia, emojien Wikipedia

Flamenko-dantzari ezaguna ez omen da flamenkoa, saltsa-dantzari bat baizik; eta bata bestearen kontra dauden eskuek ez omen dute irudikatzen talkarik, eskerrak ematen edo errezatzen ari den norbait baizik. Emojipedian, eskura duzu egunero erabiltzen dituzun emoji guztien esanahia. Hala, ez dituzu egingo akats ohiko horiek guztiak.

Googlek emojiak kozinatzen ditu

Googlek izen bitxiko joko bat proposatzen dizu: Emoji Kitchen. Zure ohiko emojien diseinua aldatu du, zenbait emotikono konbinatuz beste bat lortzeko. Zure Gboard-ean (Googleren teklatua) emoji bat sakatzen duzun bakoitzean, beste aukera pertsonalizatu dibertigarri batzuk proposatuko dizkizu. Hala, cowboy kapeladun aurpegitxo irribarretsu ohikoaren ordez, cowboya musu bat bidaltzen edo algara batean negarrez ere bidali ahal izango duzu.

Emoji Kitchen Google

Eta azken bi bitxikeria. Emojiek ere badituzte sariak: bihotzez inguraturiko aurpegi irribarretsua aukeratu zuten 2019ko emoji erabilien gisa World Emoji Awards ekitaldian.

Eta film bat ere izan dute emojiek: “Emoji: la película”, eta lau Razzie irabazi zituen filmak, gainera; besteak beste, “Film okerrenarena”, La Rocaren “Baywatch” filmaren aurretik.

Ospatu gurekin Emojiaren Nazioarteko Eguna; esaguzu zein den zure emoji kutuna, zein gehien gorrotatzen duzuna eta zein zerrendan eranstea nahiko zenukeena. Utzi hemen iruzkin bat edo emoji bat ?.