Maiatza da gure hilabete gogokoenetako bat. Eguraldi ona egiten hasten da, jendea gehiago ateratzen da... eta horrek bultzatzen du jendea era guztietako jarduera ugaritan parte hartzera hasi ekintza sozial eta kulturaletatik eta konprometituagoetara. Eta horixe da maiatzean daukaguna: konpromisoa, zientzia, euskara, familia… bai eta clown jaialdi bat ere!

Emakumeen Martxa

Guztiongandik oso hurbil dagoen jarduera batekin hasi nahi dugu agenda: hilaren 12an Emakumeen Martxa egingo da Bilbon, lasterketa solidario bat egunero emakumeen eta beren familien etorkizunaren alde lan egiten duten elkarteei laguntzeko. Dagoeneko sei edizio egin ditugu, eta aurtengo martxak balioko du Clara Campoamor elkarteari bere eguneroko lanean laguntzeko. Oraindik ez baduzu ekimen hau ezagutzen, eman izena zure lagunekin, primeran pasatuko baituzu: helburu solidario horretaz gain, Emakumeen Martxa baliatzen da osasuna eta giro ona sustatuz neskak kirol pixka bat egitera eta bizitza osasungarria eramatera animatzeko. Baina ez pentsa proba gogorra denik, inondik ere: edozein emakumek, edozein adinetakoa dela ere, parte har dezake inolako arazorik gabe. Azken finean, helburua da guztiok elkarrekin ondo pasatzea, eta gaizki pasatzen ari diren emakumeei eta haien familiei pixka bat laguntzea. Ibilbideak 10 km ditu, eta korrika edo oinez egin daitezke; ibilbidearen amaieran parte-hartzaile bakoitzari mokadutxo bat emango zaio, dena ematen duten horietakoa bazaraJ. Gainera, lehenengo hirurentzako sariak egongo dira eta opariak zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean. Eta horri guztiari puzgarriak, aurpegirako margoak, ohe elastikoak… gehitzen badizkiozu, familia osoarentzako egun-pasa bikaina izango duzu. Izen-emateak 10 euro soilik balio du; beraz, anima zaitez.

Elhuyar Zientzia Azoka

Zientzia nahi duzu? Bada... izango duzu, eta ona gainera. Larunbatean, hilak 11, Bilboko Plaza Barria zientziaren epizentro bihurtuko da. Zur eta lur geratuko zara EAEko, Galiziako, Kataluniako eta Portugalgo 32 ikastetxetako DBHko eta Batxilergoko ikasleen proiektuekin. Eta zientziarekin eta ekintzailetzarekin lotutako guztia asko gustatzen zaigunez, hantxe egongo gara lehen ordutik, plazako arkuak zeharkatzen, talentu berriak deskubritzeko eta gazteenen bokazio teknikoak sustatzeko; ea hurrengo Nobel sariduna ikusten dugun... Azokak kultura zientifikoa sustatu nahi du, gazteenek trebetasun zientifiko horiek gara ditzaten lortu eta parte-hartzaileei ikertzaileen testigantzak hurbildu. Izan ere, azokaren ondoren, zenbait taldek egonaldiak egingo dituzte punta-puntako ikerketa-zentroetan (hala nola IK4, Tecnalia eta CIC nanoGUNE) eta TZBZ eta Erabi enpresetan, eguneroko lana nolakoa den ikusteko, museoak eta interpretazio-zentroak bisitatzeko eta beste azoka batzuetan parte hartzeko. Ezin duzu huts egin.

Ibilaldia

Lekeitio. Hilaren 19a. Azkue ikastola. Ibilaldia. Gogoratu lau datu hauek, euskararen hurrengo festaren osagaiak baitira. Eta Euskaltelek ez du hutsik egingo! Aurten Ibilaldia astebete lehenago egingo den arren, betiko osagaiak izango ditu, 'Haratzago' lelopean: kolorea, giro bikaina, euskara eta euskal kultura. Hori guztia, munduko udalerri politenetako batean, Lekeition. 2003an ere han egin zen Bizkaiko ikastolen festa. Badakizu zenbat jende elkartu zen edizio hartan euskararen alde? 100.000 pertsona baino gehiago. Aurten are gehiago izan nahi dugu; beraz, apuntatu hitzordu hori egutegian, eta anima zaitez. A! Eta ez galdu prestatzen ari garen IkasJai aplikazio berria, ikasten ari zaren bitartean dibertitzeko. Laster xehetasun gehiago izango dituzu blog honetan: ;-)

Familia ugariak

Hilaren 25ean, familia-jardunaldi solidario oso berezia egingo da Gasteizen: Hirukideren jaia, Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioarena. Guri izugarri gustatzen zaigu, meritu itzela baita laneko eta familiako bizitza uztartzea seme-alaba ugarirekin. Horregatik dugu festa honen data gorriz markatuta egutegian. Eta, gainera, eguna adin guztietako jendearentzako jolasez, jardueraz, tailerrez eta ikuskizunez beterik dagoenez, ezin hobea izango da. Animatzen zara? Familiako kide guztientzako plan ezin hobea.

Clown Arrigorriaga

Hilabetea barrez, umorez, malabarez eta akrobaziaz hasiko dugu. Pentsa dezakezu zergatik? Bada hilaren 4an eta 5ean, Clown unibertsoaren nazioarteko hiriburu bihurtuko da Arrigorriaga. Ondo irakurri duzu. Hainbat herrialdetako hamabi konpainiak parte hartuko dute jaialdi honetan, eta Arrigorriagako plazak eta kaleak oholtzaz beteko dira, guztiek primeran pasa dezagun, eta... doan gainera. Beraz, pailazoen mundua, malabaristak eta clownak atsegin badituzu, zoaz asteburuan Arrigorriagara, eta gozatu zure familiarekin plan perfektuaz.

Maiatzeko agenda bete dizugu, ezta? Bada, plan interesgarriren bat ahaztu bazaigu, idatzi iruzkin bat eta eman xehetasunak, gu ere joan gaitezen. Zure zain gaude!