Zer gogoeta egiten duzu aurreko denboraldietan izandako arrakastari buruz? Hala gertatzea espero zenuten?

2008an egin genuen filmak oso oroitzapen onak ekartzen zizkigun gogora, arrakasta lortu genuen eta ikusleek gogoan zuten filma. Horregatik, urte asko eman genituen “go!azen” berreskuratu nahian, eta azkenean, 2016an lortu egin genuen. Baikorrak ginen izango genuen harreraren inguruan, baina egia esan, gure asmo eta ametsak gainditu ditu telesailak orain arte izan duen harrera izugarriak. Oso pozik gaude bai gu eta baita gurekin lanean dauden ETBko langile eta arduradunak .

Zein balio nagusi irakatsi eta sustatu nahi dituzue Go!azen telesailaren bidez?

Hasiera batean, euskaraz gauza erakargarriak egin daitezkela. Edorzer gauzari buruz hitz egin daitekeela, euskara ez dela soilik eskola edo familia artean erabiltzen. Hortik aurrera, hainbat gai garrantzitsu jorratu nahi ditugu: errespetua; laguntasuna; maitatzeko era ezberdinak daudela, bizitzak jartzen dizkigun oztopoak gaindi ditzakegula gure gogoekin eta lagunen laguntzaz; natura zaintzea, bullyingaren aurka…

Xabi, zergatik pentsatu zenuen ETB zela katerik onena proiektu hau bideratzeko? Eta nola lortu zenuen haiek zugan konfiantza izatea?

Gaur egun ez da erraza telebistek ume eta nerabeentzako proiektuetan sinestea, baina esperientziadun talde bat gara, zuzendaria ezagutzen dute, ekoiztetxea, gidoilariak… Eta duela 10 urteko arrakasta hor zegoen, denon buruan. Gainera, proiektua aurkeztu genuenean hainbat erakunde publiko eta enpresa pribatu (euskaltel barne) berehala animatu ziren, eta horrek asko lagundu zuen.

Zure ustez, gizartea konturatzen da ETBk telesail hau ekoitziz egiten duen lan sozialaz?

Bai, zalantzarik gabe. Oso pozik gaude alde horretatik. Irakasle askok idazten digute eskerrak emanez, aholkuak… Gurasoen aldetik ere, gauza bera. Eta gero hainbat elkartetik deitzen digute eskerrak ematen, laguntza eskatzen… Pena bakarra, ezin dugula eskatzen diguten gauza guztietan lagundu edo parte hartu. Saiatzen gara, baina zenbaitetan ezinezkoa gertatzen zaigu.

Euskaraz ematen diren telesailen formatua gaur egungo publikora egokituta dagoela iruditzen zaizu? Ikusi dugu Go!azen telesailean errotikako berrikuntza bat egon dela.

Ikusleek inoiz egon den eskaintza handiena dute gaur egun. Zer, non eta noiz ikusi erabakitzeko inoiz bezalako aukera dute. Eta horrek gure erronka zailagoa egiten du. Herri txikia gara, aurrekontu murritzak ditugu… Moldatu beste aukerarik ez dago.

Euskadin interpretazioaren sektorean eskaera handia dagoela uste duzu? Eta, hala bada, belaunaldi berriek formazio-maila egokia dutela iruditzen zaizu?

Aktore izatea benetan lan zaila eta gogorra iruditzen zait. Oso gogorra! Eta Euskal Herrian, telesailik gabeko hainbat urte igaro eta gero, sektorearen egoera zailagoa bilakatu da. Ez da erraza adin jakin batetik gorako aktoreak aurkitzea. Gazteek esperientzia polita bezala ikusten dute hasieran, baina gero, askok interpretazioa uzten dute edo kanpora doaz, aukera gehiagoren bila…

Zure ustez, aktoreek lan-aukera berriak eduki dituzte Go!azenen egindako lanari esker?

Bai. Guretzat pozgarria da gainera aktoreak “handitzen” ikustea. Beste bide batzuk hartzen dituztela jakitea… Goazenen egon diren aktoreekin harremana izaten jarraitzen dugu eta lan bat lortu dutela jakiten dugunean, benetan pozten gara.

Uste duzu Go!azen “zinema-eskola” bihurtu dela? Telesailaren helburuetako bat zen hasieratik

Oso polita da castingera datozen gazteek Goazeneko jarraitzaileak zirela kontatzen digutenean. Eta telesaila ikusten, aktore izan nahi zutela erabaki zutela. Gidoilariekin antzeko zerbait lortzea gustatuko litzaidake, baina erronka hori zaila da oraingoz…

Azkenik, aurreratuko dizkiguzu datorren denboraldiko nobedade batzuk?

Berrikuntza asko ditugu! Ikasle berriak iritsiko dira Basakabira, helduen artean ere pertsonaia berriren bat badator… Gaiei dagokionez, arrazakeria landuko dugu, pertsonaia trans bat daukagu, dantzari izan nahiko lukeen futbolaria. Nik uste gai potoloak ditugula aurten ere esku artean. Aurten gainera, Go!azenen inguruko eleberri bi argitaratuko dira eta gure APPean atal berri bat zabalduko dugu, pertsonaiek, ezkutuan, telebistan ikusi ez diren eta Basakabin gertatzen ari diren hainbat gauza kontatuko baitizkigute. Ez galdu