Iván Pérezek eta Aitor Vidaurretak "afizioa ofizio bihurtzea" lortu dute, eta, gaur egun, Euskadiko bikote komiko lotsagabeenetako bat dugu. Bocabeats Comediak elkarrekin nahasten ditu beatboxeko akordeak eta mundu osoan ezagunak diren kantu eta filmen egokitzapenak. Emaitza, berriz, bikaina da, eta barrez lehertzen gara haien bideoak eta zuzeneko emanaldiak ikusita. Milaka jarraitzaile dauzkate sare sozialetan, eta Euskadi osoko plazak eta antzokiak betetzen dituzte. Euskaltel bloga. Bocabeats Comediak zuzeneko beatboxa egiten du, umorezko emanaldiak eta bideoak... Baina, nola definitzen duzue, BENETAN, zuen burua? Eta zuen kanala?

Bocabeats Comedia. Komikotzat daukagu gure burua; komedia egiten dugu. Egia da batzuetan ez dela erraza etiketak jartzea: gure showek bakarrizketak, umorezko kantuak, inprobisazioa... eskaintzen dituzte, baina "komedia" da hori guztia ondoen laburbiltzen duen hitza.

E.B. Nola hasi zineten? Noiz egin zineten "ezagun samarrak"?

B. C. Zortzi urte daramatzagu jada antzezlekuetan; duela bi urte eta erdi, berriz, Interneten halako boom bat izan genuen. Primeran etorri zitzaigun boom hura, sareetan ezagun egin ginenerako ibilbide artistiko bat eginak baikinen. Eta etekin handia atera diogu eskarmentu horri: hobeto eta maizago egiten ditugu emanaldiak. Egia esan, gaur egun horretan bakarrik aritzen gara, ez dugu besterik egiten. Gure lehen bideo birala Reggaeton erritmora abestutako Gabonetako kantena izan zen.

E.B. Nola iristen zaizue inspirazioa?

B. C. Inprobisazio-maila handia izaten dute gure showek. Izugarri ondo pasatzen dugu gure lana egiten, eta antzezlekuetan gaudela bururatzen zaizkigun zenbait gauza apuntatu egiten ditugu, eta, ondoren, showari atxiki. Nolanahi dela ere, komikoek beti ikusten dute gertatzen den guztiaren alderdi dibertigarria, eta edozer gauzari atera diezaiokete etekina. Umorista askok baliatzen dituzte beren bakarrizketetarako eurek izaten dituzten gertakari txarrak edo ilunak. Hori dugu lanbide, izan ere...

E.B. Lotsari aurre egiteko trikimailuren bat erabiltzen al duzue? Izan ere, azal lodia behar da jende-pilo baten aurrean "txorakeriak" egiten hasteko...

B. C. Kontua da asko gustatzen zaigula egiten duguna. Eta jada ez gara urduri jartzen, ezta gutxiagorik ere.

E.B. Bitxia da: antzezlekuetan hasi zineten, eta, ondoren, sare sozialetara jo zenuten. Normalean, alderantziz izan ohi da…

B. C. Hortxe dago gakoa: booma iritsi zenerako, show landu bat geneukan, eta dezenteko ibilbidea. Hala eta guztiz ere, bide paraleloak izan dira. Bai, igotzen ditugu zenbait gauza sareetara, telebistarako eta irratirako gauzak egiten ditugu..., baina hori guztia antzezlekuetako lanarekin batera egiten dugu.

E.B. Sareez ari garenez, gustatzen al zaizue jendeak youtuber, facebooker, instagramer eta abar deitzea?

B. C. Definizio zehatza guk geuk ere ez dakigu. Arrakastarik handiena, dena den, Facebooken dugu, zalantzarik gabe gainera. Baina YouTuben eta Instagramen ere ari gara hazten. Baina ez dezagun ahantzi: komikoak gara

E.B. Zer dira zuentzat sare sozialak: sustapen-bide bat, edo bizimodua irabazteko modu bat?

B. C. Zalantzarik gabe, sustapen-bide bat, gure ikusleekin zuzenean konektatzeko eta feedbacka lortzeko bitarteko bat. Sareetatik ez dugu inolako etekinik ateratzen, eta ez dugu iragarkirik txertatu nahi: jendeak gure showa ikustea nahi dugu, eta, gustatuz gero, gu zuzenean ikustera etortzea.

Bocabeats Comedia

E.B. Baina, ez duzue influencer izateko tentaldirik izaten? Inoiz ez dizue deitu markaren batek publizitatea egiteko? Izan ere, jarraitzaile batzuk badituzue dagoeneko...

B. C. Bai, bai, maiz deitzen digute. Baina lan bakan batzuk bakarrik egin ditugu, eta egiazki gure izaerarekin guztiz bat zetozelako. Orain, adibidez, Bilboko Back and Stage diskotekarako lan batzuk ari gara egiten, baina asko gustatzen zaizkigun bideoak dira, ez dira iragarki hutsak... ja, ja, ja....

E.B. Test labur egiteko prest? Txakolina, WiFi Kalean, aurreskua… Aurkitu al dituzue jada Kalekoaken ahaztu zitzaizkizuen "funtsezko bi eskubideak"?

Aurkitzeke daude; aurkitzen dituzunean, gainditua duzu jokoa.

  • Biziko al zinatekete reggaetonik gabe, Gabonetako euskal kantarik gabe, Hit the Road Jackik gabe?

Biziko ginateke, bai, baina askoz okerrago. Kar, kar...

Hautatu film hauetako bat: Juego de Tronixe, Crepusculixe edo Jarry Potea

Primeran pasatu dugu denekin! baina, dudarik gabe, Jarri Potea da jendeak gehien gogoratzen duena.

Actuar con Pitingo izan al da zuen ibilbide musikalaren gailurra?

Ja, ja, ja, ja... Egia esan, ez. Baina ondo egon zen, bai! Ja, ja!

EGA gainditu al zenuten? Izan ere, a zer obsesioa...

Hor dago koxka... Zenbat kostatzen den azterketa hori gainditzea!

Zer zaizue zailago: baldintzak ala aditzak?

Mmmm..., baldintzak. Aditzekin zalantzaren bat izanez gero, "santzeski" erabili, eta kito!

Hauetatik, zein duzue gogokoena? Furra, furra; Pintto, Pintto ala Aita-semeak?

Guztiak dira kanta apartak! Dena dela, Pintto, Pintto da Euskadiko La Macarena.

Zein duzue gogokoago? Shakira ala Juanito Oiartzabal?

Juanito!!

E.B. Nola ikusten duzue zuen burua urte batzuk barru? Horrelako umorea egiten jarraitzea gustatuko ote zaizue?

B. C. Ezin esan nolako umorea egingo dugun, baina, zalantzarik gabe, komediaren munduan ikusten dugu gure burua. Urteek aurrera egin ahala, umorea ere beste era batera ikusten da, jakina. Baina luze iraungo du Bocabeats Comediak! Gainera, baliteke laster, oso laster, guri buruzko berri izugarriren bat plazaratzea, baina oraingoz ezin dizuegu ezer aurreratu.

E.B. Bada, zain eta erne izango gaituzue! Eskerrik asko, eta zorte on antzezlekuetan eta sare sozialetan!