Bazenekien kamera digitaletatik hodeira argazkiak igotzeko sortu zela Android, eta ez mugikorreko sistema eragile gisa? Haren robot berdeari ez zaio inoiz izenik jarri, baina Googlen Bugdroid deitu izan diote. Eta esaten dute bertsio guztiek gozo-izena dutela (Cupcake, Kitkat, Gingerbread, Honeycomb, Ice Cream Sandwich, Jelly Bean…), Andy Rubin sortzailea zoratu egiten omen da postreekin eta.
Android da munduko sistemarik erabiliena, eta % 80ko merkatu-kuota baino handiagoa du. Hau da, 2.000 milioi gailu baino gehiagoren garuna da. Nahi duzu bitxikeria praktiko batzuk kontatzea?
- Aktibatu gonbidatu-modua mugikorra norbaiti uzten badiozu. Jakin badakigu zure mugikorra garrantzitsuagoa dela zure burkoa baino, eta ez diozula inori utzi nahi. Baina lagun batek, alabak edo ezagun batek eskatzen badizu... Beno, bada, dilema hori baldin baduzu eta zure mugikorrak Android 5.0 bertsioa edo hori baino berriagoko bat badu, ez kezkatu: inork zuk ikustea nahi ez duzun ezer ikusteko beldurrik gabe utz dezakezu zure smartphonea. Horretarako, aski duzu gonbidatu-modua aktibatzea. Erabilera puntualetarako erabiltzaile-kontu mugatu bat da; sistemaren aplikazioetara eta funtzioetara sartzeko aukera ematen du, baina ez du uzten eduki pertsonala ikusten (mezuak, argazkiak, sare sozialak, bideoak...). Egin behar duzun gauza bakarra da mugikorraren doikuntza azkarretara joan, erabiltzailea sakatu eta gonbidatua aukeratu. Aukera hori aurkitzen ez baduzu, baliteke zure mugikorraren fabrikatzaileak ez sartzea, eta haren ordez beste tresna bat erabiltzea; esate baterako, Samsungek karpeta seguru bat dauka, eta inork ikustea nahi ez duzun guztia sar dezakezu karpeta horretan.
- Zooma. Berrogei urte baino gehiago badituzu eta zure Smartphonearen letra irakurtzea kostatzen bazaizu, funtzio honek izugarri lagunduko dizu. Zoaz konfigurazio-menura, sakatu Irisgarritasuna, gero Ikusmena eta, azkenik, aktibatu Handitzea; eta askoz handiagoa ikusi ahal izango duzu dena. Aukera hori aktibatuta duzula, sakatu pantailan hiru aldiz eta egin panoramika bi hatzekin batera, edo eutsi atzamarrari pantailaren gainean eta lerratu ikusteko. Ez dizu inork jatetxeko kartarik gehiago irakurri beharko!
- Pazkoko arrautzak. Lehen, gozo-izena duten Androiden hainbat bertsio aipatu dizkizugu, baina ba al zenekien gehienek beren Pazkoko arrautza dutela? Oso gauza bitxia da, eta zure mugikorraren Doikuntzetan ikus dezakezu, Android bertsioa bilatuz. Aski duzu fitxa honen gainean pare bat aldiz sakatzea, eta zure bertsioari dagokion Easter Egga agertuko zaizu. 8.1.0 bertsioa bada, Oreo gaileta bat agertuko da (haren gainean 10 aldiz klik egin eta sakatzen baduzu, olagarro bat aterako da, pantailan mugi dezakezuna); P bertsioa bada, berriz, irudi psikodeliko bat agertuko da; 7.0 Nougaten kasuan, nekez aktibatzen den joko bat da; eta, azkenik, Lollipopen kasuan, goxokizko piruletak saihestu beharko dituzu... Badakizu zein den zurea?
- Adituentzako informazioa. Eta informatikako crack bat bazara, presta zaitez Androidek zure Smartphone-aren ezaugarriak ezagutzeko zer atzeko ate dituen jakiteko. Fabrikatzaile batzuek desgaituta dute aukera hori —hala nola Huawei eta Motorola—, baina, beste kasu askotan, informazio hori jasotzeko aski duzu kode batzuk idaztea telefonoaren markatzeko teklatuan. Baina kontuz ibili: kode batzuek mugikorreko informazio guztia ezabatzeko balio dute, edo fabrikako datuak berrezartzeko... Guk bi kode erakutsiko dizkizugu, oso praktikoak: batek IMEI zenbakia erakusten du, zure mugikorraren nazioarteko identifikatzailea; ongi etor dakizuke mugikorra galtzen baduzu. Zenbaki hori ikusteko, markatu *#06#. Eta besteak aukera ematen dizu zureari lotuta beste gailurik dagoen jakiteko: markatu *#21#, sakatu deitu eta egiaztatu.