Teknologiak oso azkar egiten du aurrera, eta oso zaila da berrikuntza guzti-guztiak ezagutzea. Horregatik, entzunaren entzunez, sinetsi egiten dugu azkenean bateria ez dela kargatu behar guztiz deskargatuta egon arte, bideratzailea itzali egin behar dela gauez, argazki on bat egiteko nahitaezkoa dela megapixel asko izatea... Duela aste batzuk teknologiari buruzko bost uste oker izan genituen hizpide. Wannacry birusa denon ahotan dabilen honetan, erabaki dugu behingoz baztertzea zure zibersegurtasuna arriskuan jar dezaketen bost mito.
1.Hobeto da Windows ez eguneratzea“Hobe duzu ez eguneratzea”. Windowsen eguneratze bat kaleratzen den bakoitzean, beti agertzen da norbait Interneten, ordenagailua ez eguneratzeko gomendatzen duena bestela motelago ibiliko delako edo bertsio berriak akatsak dituelako... Akatsak akats, garbi dago sistema ez eguneratzeak dituen eragozpenak askoz handiagoak direla abantailak baino. Har dezagun, adibidez, berriki zabaldu den WannaCry birusa: 179 herrialdetako 300.000 ordenagailu baino gehiago kutsatu ditu ez zeukatelako eguneratuta Windows sistema.
2.Mac eta Linux sistemek ez dute birusikMaczale amorratu askok uste dute ez dagoela birus-arriskurik Mac ordenagailuetan. Beste batzuek, berriz, diote Linux sistema programatzailerik onenek egin dutela eta horregatik ez duela birusik izaten. Gezurra da. Sistema guztietan daude birusak. Adituen ustez, aukera gutxiago dago birus bat izateko Mac edo Linux sistemetan, baina software gaizto batek infektatuz gero, arazoak izango lituzkete biek. Beraz, erne egon!
3.Antibirus bat daukat eta erabat babestuta nagoLuis Corrons PandaLabs-eko zuzendariak esan bezala, antibirusek ez dituzte arazo guztiak konpontzen, “zerrenda beltzeko” sistema baten bidez funtzionatzen baitute. Hau da: ezagutzen dituzten birusak bakarrik detektatzen dituzte. Arazoa da ehunka mila mehatxu berri sortzen direla egunero. Horregatik, segurtasun-adituek gomendatzen dute gutxienez antibirus bat eta suebaki bat instalatuta edukitzea eta, jakina, sistema eragilea eguneratua izatea. Baina zure ordenagailuak enpresa batekoak badira, komeni zaizu neurri zorrotzagoak hartzea, etasoluzio aurreratuagoak bilatzea zure lana ondo babesteko.
4.Mugikorrek ez dute birusikZoritxarrez, smartphonetako birusak ikaragarri zabaldu dira azken urteetan. Nokia 3210en suge ospetsuaren garaian, agian, ez zenuen izango kezkatzeko arrazoirik, baina asko aldatu dira gauzak harrezkeroztik.
Pentsatu une batez: zenbat datu pertsonal dituzu gordeta mugikorrean? Mezu elektronikoak, zure banku-kontuen pasahitzak... datu kritiko pila eskuratzeko sarbide bat da smartphonea. Horregatik daude zibergaizkileen mafia ugari, zure datuak lapurtzen saiatzen direnak askotariko tekniken bidez: aplikazio gaiztoak, seguruak ez diren WiFi sareak, edo ustez zure bankuak bidaltzen dizkizun mezu elektroniko faltsuak datu pertsonalak eskatzeko.
Beraz, zentzuz jokatzea gomendatzen dizugu, eta arriskuan alferrik ez jartzea: ez sartu ezagutzen ez dituzun WiFi sareetan, ez bidali bankuko datuak posta elektronikoz, eta denda ofizialen bidez deskargatu beti aplikazioak.
5.Antibirus-enpresek sortzen dituzte birusakEz dugu blogeko sarrera hau amaitu nahi konspirazio-teoriarik ezagunenetako bat aipatu gabe: antibirus-enpresek berek sortzen dituzte birusak. Mito hori egia balitz, eraginkortasun benetan naturaz gaindiko baten adibide lirateke antibirus-enpresak. PandaLabs-en soilikehunka mila mehatxu informatiko berri detektatzen dira egunero. Nola izan daitezke gai enpresak hainbeste mehatxu sortzeko egunero-egunero eta gero, gainera, aurre egiteko konponbideak bilatzeko? Eta beste galdera bat, are interesgarriagoa: hori egiten badute, zergatik ez ditu inork harrapatu orain arte? ;)
Lagundu nahi diguzu halako gezur teknologikoak behingoz baztertzen? Utzi hemen zibersegurtasunarekin lotutako mitoren bati buruzko iruzkin bat, eta hitz ematen dizugu zure ekarpenarekin osatuko dugula gure mito-zerrenda.