Urriaren 11 Begoñako Andre Maria Bizkaiko zaindariaren eguna da. Erromeria bat egiten da egun horretan, eskaintza bat, bai eta zenbait kalejira ere. Eta Amatxuren izenean egindako tarta bat ere badago! Eta, jakina, Bilboko pertsonaia ezagun eta kutunetako batzuen eguna ere bada Begoñako Andre Mariaren Eguna: txikiteroena! Gaur egun ez dira hainbeste, baina hilaren 11n erraz asko ikusiko dituzu, txapela buruan, txikitoak edaten eta bilbainadak kantatzen Bilboko Zazpikaleetako tabernetan.
Txikiteroak oso ezagunak dira Bilbon. Txikito izeneko edalontzi txiki batetik datorkie izena, XX. mendeko Bilbon ardoa zerbitzatzeko erabiltzen zena. Lagun-talde bat dira txikiteroak, eta, tradizioaren arabera, basoerdi bat edateko elkartu ohi ziren etxera itzuli aurretik. Eta, jakina, basoerdiz basoerdi, animatu, eta kantuan hasten ziren, denak batera, koro bat balira bezala, a capella.
Ez pentsa, kontua ez zen lagunekin basoerdi batzuk edatea eta bilbainada batzuk kantatzea bakarrik. Hori baino askoz gehiago da txikiteoa. Besteekin harremanetan sartzeko eta kuadrilla indartzeko modu bat zen, eta oraindik ere bada. Gainera, txikiteoan aritzeko, ez dago ardoa edan beharrik nahitaez: makina bat edari daude gaur egun tabernatan, batere alkohol gabeak, txikiteo osasuntsuagoa egiteko!
1964an sortu zen txikiteroen festa, omenalditxo bat egin nahian lagunekin ateratzeko, besteekin harremanetan sartzeko eta esperientziak partekatzeko ohiturari eutsi diotenei. Don Epi Bilboko Santiago katedraleko parrokoari zor diogu ohitura hori; izan ere, lagun zale eta, denbora librean, txikitero ezaguna izan zen. Begoñako Andra Mariarekin lotuta egon da festa hasiera-hasieratik. Festaren bi ekitaldi nagusiak Andre Mariarekin dute zerikusia: eguerdian, lore-eskaintza bat egiten zaio, eta, arratseko zortzietan, “Txikiteroen salbea” eskaintzen diote milaka lagunek, Santa María eta Pelota kaleen kantoian. Benetan ikusgarria.
Badakizu zergatik egiten den Zazpikaleetako puntu horretan zehazki? Hori delako Begoñako basilika ikus daitekeen alde zaharreko puntu bakarra. Duela hamar urtetik, gainera, txikito-itsulapiko bat dago jarrita leku horretan, Amatxu txikiteroaren tailu batekin apaindua! Bai, bai, Begoñako Andre Mariaren irudi bat da, haurra altzoan duela eta, eskuineko eskuan, txikito bat! Josu Meabe eskultoreak egin zuen, txikito-erronda batzuen ondoren gelditutako dirua (botea!) han utz zezaten txikiteroek. Eta diru hori gizarte-ekintzetarako erabiltzen da, baita gaur ere.
Gaur egun, Txikitero Artean elkartean biltzen dira txikiteroak. Hiriko bizitza sozialean oso ezagunak diren pertsonek osatua dago elkartea. Bi lan nagusi ditu elkarteak: urriaren 11ko festa prestatzea eta eta urte osoan txikito-itsulapikoan bildutako dirua hiriko ongintzako zenbait elkarteren artean banatzea.
Beraz, urriaren 11n Bilbon baldin bazaude, zatoz Zazpikaleetara, eta ikusi gertutik Txikiteroen festa! Primeran pasatuko duzu hiriko tradizio herrikoi ezagunenetako batekin!