Azken urteotan eragin handiena izan duten azterketetako bat Michigango Estatu Unibertsitateak egindakoa da. Ikertzaileek ondorioztatu zuten bideo-jokoetan jolasten diren haurrak sortzaileagoak izan ohi direla. Azterketa hori 12 urteko 491 eskola-umeren lagin batekin egin zen, eta erakutsi zuen gehien jolasten ziren haurrek emaitza hobeak lortzen zituztela sormenezko zereginetan, hala nola marrazkian eta erredakzioan.
Minecraft, mihise birtual bat
Lego eta Risk-en arteko nahasketa bat da. Pantailan ikusten dugun lehen gauza gure pertsonaia da, mugagabea dirudien agertoki batean. Zuhaitz bati kolpe bat eman, eta egurra lortzen dugu. Horrekin, mahai bat egiten dugu. Eta, ondoren, pala bat egin dezakegu, lurra, blokeak, hormak, etxeak eta eraikuntzak, amairik gabeko sormen-prozesu batean. Gazte batzuk Burgos-ko katedrala xehetasun handiz eraikitzera iritsi dira. Markus Persson suediarrak garatu zuen Minecraft, hogeita hamar urte inguru zituenean, eta 2009an merkaturatu zen lehenengoz; gaur egun, fenomeno sozial bat da, eta milioika erabiltzaileko online komunitatea du. Bururatzen zaizun ia guztia sortzeko aukera ematen dizu. Plataforma eta gailu ia guztietarako eskura daiteke.
Watch Dogs 2, estrategia aurreratua
Hasiera batean, azken belaunaldiko grafikoak dituen joko bat dela irudituko zaizu, non etsaia hiltzea den helburu bakarra. Baina Watch Dogs 2 jokoan murgiltzen zarenean, konturatuko zara estrategia bat behar duzula. Arazoak bi eratara konpon daitezke: indarkeriaz edo isil-gordean. Ez dago irtenbide bakarra, baina plan bat izatea oso lagungarria izan ohi da bertsio berri honetan; PC, PlayStation 3 eta Xbox One-rako dago eskuragarri.
Super Mario Maker, zeuk aukeratu ibilbidea
Joko berri honetan, Nintendok proposatzen du jokalaria bera izatea diseinatzailea. Hau da: guk geuk sortzen dugu iturgina hara eta hona ibiltzeko pantaila. Aukerak mugagabeak direnez, nahi adina astindu dezakezu garuna. Eta onena da prozesu horretan primeran pasatuko duzula. Super Mario Maker plataformetako klasikoaren berrasmaketa ugarietako bat da. Wii U-n eskura daiteke, eta Nintendo 3DS-rako ere atera berria da.
Journey, bideo-joko batek barne-bidaia bat eskain dezake?
Sinesten ez baduzu, proba ezazu Journey. Jatorriz 2013an PlayStation 3-rako argitaratu zen joko honek maparik edo jarraibiderik gabeko bidaia bat proposatzen du: bizitza bera bezala. Pertsonaia basamortu batean agertzen da, eta haren erreferentzia bakarra mendi handi bat da. Tontorrean erantzunak eskain ditzakeen argi bat dago, baina aurrera joateko era bakarra sormena erabiltzea eta irudimenarekin jolastea da. Proba ezazu; Journeyren grafikoak ez dira ikusgarriak, baina hunkitu egingo zaitu.
Zelda Ocarina of Time, epopeia bat kartutxo batean
1998an argitaratutako Nintendo 64-ren joko honek literaturako klasikoen kutsu nabaria zuen. Heroiak printzesa salbatzen zuen eta, bide batez, naturaz gaindiko mundu magiko batean murgiltzen zen. Denboran eta espazioan zehar bidaiatzen zuen okarina baten bidez. Lehenaldian egiten zuenak eragina zuen etorkizunean. Eguzkia irten eta sartu egiten zen, eta ezer ez zen betiko. Zelda Ocarina of Time bideo-joko soil bat zela pentsatuz jokatzen genuen, haren motor grafikoarekin txundituta, eta ez ginen konturatzen begi-aurrean genuena epopeia bat zela. Heroiak bere patuari aurre egin behar zion, bere herria utzi eta gaizkia suntsitu. Jokoa erabilgarri dago oraindik Nintendo 3DS eramangarrirako. Shigeru Miyamoto-k, sortzaileetako batek, Komunikazio eta Humanitateen Príncipe de Asturias Saria jaso zuen 2012an.
Tetris, nor ez da jolastu klasiko honetan?
Tetris duela 32 urte merkaturatu zen; Sobietar Batasuneko Zientzia Akademiako ikertzaile batek garatu zuen, Alexey Pajitnov-ek. Piezak ziztu bizian erortzen ziren pantailan behera, eta doinu itsaskor baten erritmora ahokatu behar ziren elkarrekin. Game Boy kontsolan egin zen ezaguna, eta arrakasta izugarria izan zuen laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran. Berehala argitaratu ziren joko horrek zituen onura mentalei buruzko zenbait azterlan zientifiko. Bizirik dirau telefonoetan, ordenagailuetan eta beste plataforma batzuetan, eta web-orri ofizialean doan jolastu daiteke. Iturri batzuen arabera, historian gehien saldu den bideo-jokoa da. Klasikoak ez dira sekula hiltzen.
Hauek dira gure gogokoenak; orain zureak zein diren esatea bakarrik falta da. Idatz ezazu iruzkin bat hemen behean joko bat iradokiz, agian zerrendan sartuko dugu!