Gure mugikorrek biltegi infinitua dutela pentsatu arren, beti iristen da fitxategi gehiagorentzako lekua egin behar izateko une beldurgarria. Zer ezabatu eta zer ez aukeratu behar ez izateko, zure argazki edo fitxategi guztiak ordenagailura transferitzeko zazpi modu erraz eta azkar erakutsiko dizkizugu.
Litekeena da, halaber, babeskopia bat izateko edo editatu edo tamaina handiagoan ikusi ahal izateko pasatu nahi izatea argazkiak mugikorretik ordenagailura. Arrazoia edozein dela ere, argazkiak transferitzeko metodo hauekin berehala izango dituzu PCan.
Modu asko daude argazkiak mugikorretik ordenagailura transferitzeko; PCan izateko biderik azkarrenak zein diren kontatuko dizugu.
Posta elektronikoa, larrialdietarako baliabidea
Sinpleegia dirudien arren, posta elektronikoa da zure mugikorretik ordenagailura argazkiak transferitzeko modurik azkarrena.
Nahikoa duzu mezu bat bidaltzea eta ordenagailura transferitu nahi dituzun argazkiak edo fitxategiak eranstea. Eta ez dituzu bi posta-kontu behar; zeure buruari bidal diezazkiokezu. Sartu zure sarrerako ontzira gailu mugikorretik, idatzi mezu elektroniko berri bat, eta erantsi argazkiak edo fitxategiak.
Hartzailearen eremuan, sartu zure helbide elektronikoa. Hala, zeure buruari bidaliko dizkiozu argazkiak. Gero, posta zure PCan ireki besterik ez duzu egin behar, eta argazki guztiak prest izango dituzu deskargatzeko.
Kontuan izan hornitzaileak postako fitxategi erantsien pisua mugatu dezakeela. Hala eta guztiz ere, modurik errazena da argazki gutxi batzuk azkar bidali nahi badituzu.
USB kablea
Mugikor bat erosten duzunean, beti ekartzen du USB kable bat. Bada, horretarako da kable hori. Nahikoa duzu mugikorra kable horren bidez ordenagailu batera konektatzea. Sartu kablearen mutur bat mugikorrean, eta bestea ordenagailuan erabilgarri dagoen USB ataka batean.
Konektatzean, zure mugikorraren pantailan galdera bat agertuko da, konektatzeko modu bat hauta dezazun. Aukera ohikoena “Fitxategiak transferitzea” da; aukera horri esker, mugikorra beste unitate bat bezala agertuko da fitxategi-arakatzailean, eta zure karpetetan nabigatu eta nahi duzuna kopiatu ahal izango duzu.
Mugikorretan, normalean, DCIM karpetan gordetzen dira argazkiak; beraz, hara joan behar duzu hautatu eta ordenagailuko karpeta batean kopiatzeko.
Bluetootha, larrialdietarako
Bluetootharen bidez egitea ere erraza eta azkarra da, nahiz eta oso gutxi erabiltzen den —ez gara gogoratu ere egiten badenik—. Esan beharra dago ez dela metodorik praktikoena, transferentzia-abiaduragatik, baina larrialdietan errazena da.
Bluetooth bidez mugikorretik ordenagailura argazkiak bidaltzeko, Bluetooth bidez fitxategiak jasotzea onartzeko adierazi beharko diozu zure PCari. Gero, Windowsen, urrats bakar batean egin dezakezu. Egin klik eskuineko botoian, jakinarazpenen eremuko Bluetooth ikonoan, eta sakatu “Fitxategi bat jaso” botoia.
Onartutakoan, fitxategiak jasotzeko prest izango duzu ordenagailua. Ondoren, joan zure Android mugikorrera, “Partekatu” menuan, eta, norakoan, hautatu “Bluetooth” aukera. PCaren izenak agertu beharko luke norakoen artean. Hautatu besterik ez duzu egin behar, eta hautatzen dituzun fitxategien transferentzia hasiko da.
Berehalako mezularitzako aplikazioak (Telegram, WhatsApp eta antzekoak)
Guztiok dugu mugikorretan berehalako mezularitzako aplikazioren bat, hala nola WhatsApp edo Telegram. Bada, fitxategiak edo argazkiak bidaltzeko ere erabil ditzakegu. Transferentziak egiteko modu azkar bat da.
WhatsAppen, prozesuak WhatsApp Web edo WhatsApp Desktop erabiltzea eskatzen du, bidaltzen dituzun argazkiak ikusi ahal izateko. Nahikoa duzu zure buruarekin txat bat sortzea eta argazkiak eranstea. Gero, ireki WhatsAppen web-aplikazioa ordenagailuan, eta jaitsi argazkiak.
Telegramen, ezkerreko menua irekitzen baduzu, “Gordetako mezuak” aukera ikusiko duzu, mezuak zeure buruari bidaltzeko. Behin barrura sartuta, beste pertsona batekin hitz egiten ariko bazina bezala erabil dezakezu, eta, beraz, kliparen ikonoa sakatuz, argazkiak bidal ditzakezu.
Prozesua bizkortu nahi baduzu eta kalitaterik galtzerik nahi ez baduzu, kontuan izan argazkiak argazki gisa partekatzen badituzu Telegramek gehiegi konprimatuko dituela. Onena da argazkiak artxiboak balira bezala bidaltzea, kalitate eta bereizmen egokia izateko.
Telegramen PCrako aplikazioan argazki bat irekitzen duzunean, zuzenean deskargatuko da Telegram Desktop izeneko karpetan; karpeta hori zure ordenagailuko “Deskargak” karpetan egoten da.
Wetransfer: kanpoko aplikaziorik gabe
Wetransfer aukera azkarra da, eta ez daukazu aplikaziorik deskargatu beharrik. Dena online egiten da, eta web-nabigatzaile bat eta posta elektronikoko kontu bat besterik ez da behar. Modu horretan, 2 GB datu bidal ditzakezu mugikorretik ordenagailura —argazkiak nahiz fitxategiak—.
Sartu Wetransfer-en webgunean mugikorretik, eta sakatu fitxategiak bidaltzeko aukera. Dokumentuak zure galeriatik kargatzea aukeratu beharko duzu, eta bidali nahi dituzun argazki guztiak hautatu. Ondoren, jatorriko eta helmugako helbide elektroniko bat idatzi behar duzu (helbide bera izan daiteke). Jatorriko kontura iritsiko zaizun segurtasun-kodea idatzi ondoren, fitxategiak bidal ditzakezu.
Gero, ordenagailuan, sartu postan, eta ireki Wetransfer-en mezu elektronikoa. Han, deskargatzeko esteka bat aurkituko duzu, mugikorretik bidali zenituen argazki guztiak formatu konprimituan deskargatzeko.
Hodeira igota
Hodeian aplikazio ugari daude zure mugikorra eta ordenagailu pertsonala sinkronizatzeko. Ezagunenetako bat “Google Photos” da, baina beste zerbitzu batzuk ere badituzu, hala nola “OneDrive” Windows 10erako edo “iCloud” Apple produktuetarako.
Tresna horietaz gain, badira beste asko ere, hala nola “Amazon Drive”, “DropBox” eta “Google Drive” bera. Horietan guztietan berdin jokatu behar duzu: lehenik kontua sortu behar duzu, aplikazioa instalatu eta mugikorrean konfiguratu behar duzu argazkiak gordetzeko, eta, ondoren, PCrako bertsio bat instalatu edo zure web-bertsiora jo, ordenagailutik haietara sartu ahal izateko.
AirDroid eta antzekoak
Aplikazio ofizialez edo sistema eragilean integratuta dauden aplikazioez gain, sakelako telefonoaren eta ordenagailuaren arteko zubi-lanetan espezializatutako zenbait aplikazio daude, hala nola “AirDroid” eta “PushBullet”.
Haiek erabiltzeko, aurrez konfigurazio bat behar duzu, eta aplikazioa mugikorrean eta ordenagailuan instalatu behar duzu. Hala ere, “AirDroid”-en kasuan, zure web-bertsiotik ere sar zaitezke datuetara, ezer instalatu beharrik gabe. Berri ona da lehenengo aldian soilik konfiguratu behar duzula.
Erakutsi dizkizugun fitxategiak transferitzeko zazpi modu hauekin, ez duzu aitzakiarik zure mugikorretik egunero egiten dituzun argazki horiek ez partekatzeko edo denak gordeta edukitzeko, lasaiago ikusteko. Baduzu modua mugikorraren memoria ia hutsik izateko, unean-unean argazkiak egiten segitzeko; aurrerantzean inoiz ez duzu ezer ezabatu nahiko…