Gipuzkoan alde batetik bestera ibiltzen bazara, ezagutuko duzu MUGI txartela, ziur asko. Hari esker, ordaintzeko txartel bakarra erabiliz edozein garraiobide publikotan mugi zaitezke. Gainera, tarifa bereziak, deskontuak eta hobariak ditu. Hona hemen nola eta non eskatu, zer MUGI txartel dauden eta tarifak zeintzuk diren.

MUGI ordainketa-txartel bat da, kontakturik gabeko teknologia darabilena, eta harekin ordain ditzakezu Gipuzkoako garraiobide guztietan egiten dituzun joan-etorriak.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak (GGLA) kudeatzen du, eta oso erraz eta bizkor eska eta kargatu daiteke.

Zure MUGI txartela online edo aurrez aurre kudeatu eta autobusetan, trenetan eta tranbietan erabili ahalko duzu, deskontuez eta tarifa bereziez baliatzeko.

Nola dabil MUGI txartela Gipuzkoan?

MUGI sistemak ordainketa bakarra eta tarifa komunak eskaintzen ditu; hau da, ibilbide berak prezio berbera du, edozein garraiobide erabiltzen duzula ere.

Zonakatze komunaren bitartez ezarritako tarifa-gune partekatuetan oinarritzen da, eta prezioak, distantziaren edo guneen arabera araututa daude.

Hortaz, Gipuzkoa osoan txartel bakarra erabiliz mugitu ahalko zara, eta, hartara, deskontuak eta hobariak metatuko dituzu. Izan ere, MUGI txartelak, sarri erabiliz gero, deskontuak pilatzen ditu: zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta merkeagoa da bidaia.

MUGI txartela garraiobidera igotzean eta handik jaistean baliozkotu ohi da. Gogoratu jaistean baliozkotzeaz, beharrezkoa den guztietan; bestela, bidaiaren gehieneko tarifa aplikatuko zaizu. Halaxe gozatuko duzu haren kostu bateratuaz, deskontu eta hobari bereziez, baita garraiobidez doan aldatzeaz ere, gehienezko denbora-tarte baten barruan eginez gero.

MUGI txartelaren prezioak Gipuzkoan

Oro har, MUGI txartelak 5 euro balio du.

Salbuespen bakarra dago: txartel soziala. Hura eskatzean ere 5 euro ordaindu behar dira, baina automatikoki itzuliko dira txartela aktibatzean.

Aintzat hartu MUGI sistemak hobariak aurretik ematen dituela. Alegia, txartela kargatzean saldo gehigarria ematen du, profil-motaren arabera.

Izan ere, hainbat profil- eta txartel-mota daude, eta bakoitzak bere baldintzak eta hobariak ditu. Orain kontatuko dizugu zer MUGI txartel-mota dauden.

MUGI txartel-motak Gipuzkoan

Hiru MUGI txartel-mota daude:

  1. MUGI txartel arrunta. Pertsonalizatua eta besterenezina da, titularraren izena eta argazkia daramatza, eta hark bakarrik erabil dezake bidaiak baliozkotzeko. Ez dauka iraungitze-datarik.

  2. Kolektiboen MUGI txartela. Hori ere pertsonalizatua da, eta hobariak eta saldo gehigarri berezia ematen dizkie kolektiboei. Xehetasun garrantzitsu bat: kolektiboen MUGI txartelak badu iraungitze-data, baina onuradunaren araberakoa da.

Zer kolektibok erabil dezakete MUGI txartela Gipuzkoan? Adi:

Gazteen txartela, G: 6 eta 25 urte arteko erabiltzaileentzat. 15 urtetik beherakoek doan bidaiatuko dute. Bi urtean behin iraungitzen da erabiltzailean 18 urte betetzen dituenetik.

Adinekoen txartela, A: 65 urtetik gorakoentzako txartela. 5 urtean behin iraungitzen da.

Desgaitasuna dutenentzako txartela, E: % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna edo mugikortasun mugatuko 7 puntu edo % 25 edo gehiago duten erabiltzaileentzat. Bi urtean behin iraungitzen da.

Txartel soziala, S: azkarren iraungitzen dena, urtean behin berritu behar baita.

Familia ugarien txartela. Orokorra (F20) edo berezia (F50) izan daiteke. Familia ugari izaera galtzean iraungitzen da. Kolektiboentzako beste txartel batzuekin bateragarria da.

  1. Txartel anonimoa: Ez du argazkirik, ezta datu pertsonalik ere. Pertsonalizatu gabeko MUGI txartel bat da, batek baino gehiagok erabiltzeko eta bidaia berean hainbat bider baliozkotzeko pentsatua. 5 euro balio du, eta % 60ko deskontua aplikatzen du. Urtebetean kargatzen ez bada, desaktibatu egiten da, baina saldoa ez da galtzen eta aise berraktiba daiteke, berriz kargatuz.

Ohar bat: Lurraldebus txartela badaukazu, MUGI txartelaren baldintza berberetan erabil dezakezu automatikoki, eta, hortaz, ez duzu zertan aldatu.

Non eta nola eskatu MUGI txartela Gipuzkoan?

Zure MUGI txartela lortu nahi baduzu, hainbat eratan eska dezakezu:

  • Interneten bidez, MUGIren webgune ofizialean (mugi.eus). Txartel arruntak bakarrik.

Nola eskatu MUGI txartela online?

Lehenik eta behin, kontu bat sortu beharko duzu mugi.eus webgunean. Horretarako, sartu Eskaera atalean eta kontuan hartu argibideak. Zure datuak sartu beharko dituzu galdetegian, dagokizun dokumentazioa erantsi beharko duzu, eta hasierako 5 euroak ordaindu beharko dituzu.

  • Aurrez aurre egin nahi baduzu, hona jo dezakezu:

  • MUGI EAZ. MUGIren erabiltzaileentzako arreta-bulegoa, helbidea: Easo kalea 74, 1 Donostia (Euskotren eraikina). Erosoagoa izan dadin, eskatu hitzordua.

  • KZguneak (ezinbestekoa da hitzordua eskatzea).

  • Baimendutako salmenta-guneak: kioskoak, estankoak, liburu-dendak, kutxazainak eta abar.

Edozein eratan egiten duzula ere, antzeko dokumentazioa aurkeztu beharko duzu. Hartu gogoan batzuetan betekizun batzuk betetzen badituzu soilik eskatu ahalko duzula.

MUGI txartela eskatzeko behar duzun dokumentazioa

Oro har, honako hauek beharko dituzu MUGI txartela eskatzeko:

  • Behar bezala betetako inprimakia.

  • Agirietarako argazkia.

  • NANaren, pasaportearen edo AIZaren fotokopia. NANik ez duten adingabeentzat, familia-liburua eta tutorearen NANaren, pasaportearen edo AIZaren fotokopia aurkeztu behar dira.

Kolektiboen txarteletarako, hautatutako kolektiboaren betekizunak betetzen direla frogatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko da, eta oinarrizko bi baldintza bete beharko dira: Gipuzkoan erroldatuta egotea eta ezarritako errenta-maila ez gainditzea (2,5 aldiz Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa).

Nola kargatu MUGI txartela

Eskatu duzu zure MUGI txartela, aktibo daukazu eta kargatu beharrean zaude. Nola eta non karga dezakezu?

Gogoan hartu MUGI txartel bat lehen aldiz puntu fisiko baimendu batean kargatu behar dela beti.

Bigarrenetik aurrera online egin ahalko duzu, MUGIren webgunearen edo aplikazioaren bitartez; azken horrek Androiderako zein iOSerako bertsioak ditu.

Zure gune pribatuan (Nire txartela) mugimenduak kontsulta ditzakezu; izapideak egin ditzakezu txartela galdu baduzu, hautsi bazaizu edo aldatu behar baduzu; eta zure txartela baliogabetu ahalko duzu.

Gainera, MUGI txartela aurrez aurre ere kargatu dezakezu, horretarako 600 lekutan baino gehiagotan. Ikus zure MUGI txartela kargatzeko Gipuzkoan dituzun leku guztiak.

Non erabili MUGI txartela

Autobusean, trenean edo tranbian. MUGI txartelak aukera ematen dizu Gipuzkoan mugitzeko ondoen datorkizun garraiobidea hautatzeko eta beti txartel berberarekin ordaintzeko.

Hiribusetan eta hiriarteko autobusetan (Lurraldebus), trenetan (Euskotren eta Renferen aldirietako trena, nahiz eta ez azken horren zati guztietan) eta bestelako mugikortasun-zerbitzu batzuetan erabil daiteke, baita Gipuzkoatik kanpo ere, hala nola Gasteizko tranbian, Bilboko tranbian, Bilboko metroan, Gasteizko hiribusetan (TUVISA), Arabako hiriarteko autobusetan eta Larreineta-Trapagaran funikularrean.

Bide batez, Euskadin txartel bakar bat ezartzeko lanean ari dira, gure lurralde guztian laster egungo hiru txarteletako edozein erabili ahal izan dadin: BAT (Araba), BARIK (Bizkaia) eta MUGI/Lurraldebus (Gipuzkoa).

Informazio gehiago eta harremanetarako datuak

Arazorik edo zalantzarik MUGI txartela eskatzeari edo berritzeari buruz?

Deitu 943 000 117 telefonora, idatzi mezu bat [email protected] helbidera edo jo MUGIren bulegora.

Eta baliatu MUGI txartelaren abantailez. Gipuzkoan mugitzeko era erosoa, ekonomikoa eta jasangarria.

Irudia: MUGI.