Oso enpresa gutxik dute gizon- eta emakume-kopuru bera langileen artean. Eta oso gutxi dira, halaber, STEAM eremuetan (Science, Technology, Engineering, Art, Maths) emakume ugari dituztenak.
Euskaltelen emakume asko ditugu arlo teknikoetan lanean, eta saiatzen gara bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzen emakumeen belaunaldi berrietan. Gure ustez, garrantzitsua da aurre egitea ikasleek —batik bat, emakumeek— ikasketa teknikoei ihes egiteko duten joera gero eta nabarmenagoari. Nahikoa da adibide bat, horretaz jabetzeko: nahiz eta Espainiako unibertsitate-sistemako ikasleen % 54,3 emakumezkoa izan, % 26,4raino jaisten da emakumezkoen ehunekoa arlo teknikoen titulazioetan, hala nola ingeniaritzan eta arkitekturan.
Aldatu egin nahi dugu joera hori, eta lortu nahi dugu emakume profesionalak arlo teknikoetan lan egiteko eredua —Euskaltelen duguna— leku guztietara zabaltzea. Har dezagun, adibidez, Izaskun Pellejero lankidearen kasua: Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi zuen, eta Sare eta Zerbitzuen Ingeniaritza Sailean lan egiten du orain.
Horretaz gain, Telekomunikazio Ingeniaritzako master bateko irakaslea da Izaskun, eta azaldu digu espezializazio horretan emakumeen presentzia % 50etik —hori zen proportzioa berak ikasi zuenean— gaur egungo % 15era jaitsi dela. Jaitsiera horren arrazoia, batetik, unean uneko “joera” izan daiteke, baina, bestetik, “kultura- eta hezkuntza-arazo bat da, arlo guztietan zuzendu behar litzatekeena, umetatik hasita”.
“Lanbide hau ez da gizonena, ezta emakumeena ere, teknologia (ingeniaritza, oro har) gustatzen zaienena baizik eta arlo horretan bizi eta aurrera egin nahi dutenena”, dio Izaskunek.
Berak badaki “Euskaltel ezohiko enpresa bat” dela “emakume asko baitaude arlo tekniko guztietan”, bere sailean adibidez, non gehiago baitira emakumeak gizonezkoak baino. Baina ez da hori gertatzen “gurekin harremanetan dauden edo gurekin lan egiten duten beste enpresa askotan, non gehienak gizonezkoak baitira ”.
Iritzi berekoa da Iratxe Pérez, Euskalteleko beste STEAM emakume bat. Izaskunekin batera dihardu Sare eta Zerbitzuen Ingeniaritza Sailean, eta garbi izan du betidanik bere bokazioa: “Matematika eta fisika oso gogoko izan ditut beti…”. Emakume izatea ez du sekula izan oztopo ez karrera tekniko bat egiteko, ez lehenengo lana lortzeko. Baina, noski, lehenengo lan-aukera hura Euskaltelek eman zion, non, Iratxeren ustez, arlo teknikoetan diharduten emakume-kopurua “batez bestekoa bainoa handiagoa baita”.
Nahiz eta berak ez duen oztoporik topatu bidean, uste du “bide luzea dagoela oraindik egiteko” emakumeak ikasketa eta lan teknikoetan ikusteari dagokionez, eta ziur da gizarteak “aurrera begira duen eginkizunetako bat” dela berdintasun oso-osoa lortzea eremu horretan.
Leire Aginako lankideak ere oso garbi du: azken urteetan, jaitsiera hauteman du “arlo tekniko eta teknologikoetan aritzeko prestatu nahi duten pertsonen kopuruan”, baina uste du hori ez dela Euskadin soilik gertatzen, “Europa mailan” baizik. Eta uste du, gainera, profesional teknikoen faltak ondorioak izan ditzakeela: “Oztopo handia da, nik uste, enpresek garapen teknologikoan aurrera egiteko eta lehiakortasuna hobetzeko, eta are gehiago gurea bezalako herri txiki batean”.
Berak, hala ere, ez du arazorik izan sekula bokazio teknikoa garatzeko. Informazio-teknologien arloko trebakuntza berariazkoari esker, “erraz” aurkitu zuen lana I+G+B-ko sektorean, eta lana aldatzeko aukera izan zuen, azkenik Euskaltelera iritsi zen arte: Enpresako Negozioen Atalean lan egiten du gurean.
Leireren ustez, gaur egun enpresa gehienek “ulertu dute oso probetxugarria dela beren langile eta kolaboratzaileen gaitasun eta ezagutzak ahalik eta gehien baliatzea”, baina uste du, halaber, zoritxarrez, oraindik ere asko direla integrazio horri erreparatzen ez dioten enpresak. “Bada zeregina, enpresa batzuetako arduradunek ez baitute ikuspegi hori oraindik”, dio Leirek.
Belaunaldi berriak arlo teknikoetara erakartzeko ekintzak egin behar direla uste du Leirek, ez bakarrik neskak erakartzeko, baita mutilak erakartzeko ere. Horretan saiatzen gara, hain zuzen, euskal erakunde eta organismo ugari, hala nola Innobasque, zentro teknologikoak, UPV-EHU, Ikerbasque eta zenbait enpresa; esaterako, Euskaltel.
Hori da, adibidez, Inspira STEAM 2017 proiektuaren helburua, zeinak sentsibilizazio-ekintza ugari egiten baititu euskal ikastetxeetako 200 neskarekin. Halako proiektuei eta enpresen ildo bereko beste zenbait ekintzari esker lortuko da gero eta emakume gehiago aritzea lan teknikoetan eta Izaskun, Iratxe eta Leire lankideen kasuak salbuespen ez izatea.