Gaixotasun Arraroen Mundu Eguna da asteartean. Hori dela eta, Gure Señeak elkarteak elkartasun-eguna antolatu du iganderako (hilak 26) Derion, eta hainbat ekitaldi egingo ditu munduko biztanleriaren % 7ri eragiten dioten eritasun horien berri emateko eta ikusgai egiteko, tragikotasunik gabe eta jai-giroan.

Kirolaria bazara, parte har dezakezu VI. Kepa eta Arene Memorialean. Sasoirik onenean daudenentzat, 8 kilometroko lasterketa bat izango da, Derioko udaletxetik hasita, asfaltoa eta lurra bateratzen dituen ibilbide misto batean. Lasaiago hartu nahi baduzu, edo seme-alabekin korrika pixka bat egin, aukera daukazu 1,4 kilometrorainoko martxa familiar batean parte hartzeko. Izena eman dezakezu hemen.

Nolanahi ere, Gure Señeak Eguna, Euskaltelek lagundua, lasterketa bat baino askoz gehiago izango da: elkarteak haurrentzako tailerrak, puzgarriak eta beste zenbait ekitaldi prestatu ditu umeek ondo pasatzeko eta familiek igande-goiz atsegin bat igarotzeko.

Zer da gaixotasun arraro bat?

Arrarotzat jotzen da 10.000 biztanletik 5i baino gutxiagori eragiten diena. Jardunaldiekin jendea sentsibilizatu nahi dutela azaldu du Nestor Sangronizek, Gure Señeak elkarteko presidenteak. Helburua da gaixotasun arraroez gehiago hitz egitea eta bitarteko gehiago jartzea haien kontra borrokatzeko. Kalkuluen arabera, Estatu osoan hiru milioi pertsonak dituzte ezohiko gaixotasunak.

Gure Señeak elkartearen helburua da halako gaitzak dituzten umeen bizimodua hobetzea. Bere eginkizunen artean ditu familiei laguntzea Administrazioaren aurreko izapideak egiten, eta baliabideak eskaintzea. Nestor Sangronizek dioenez, seme-alaben gaixotasun arraroa dela eta, gurasoak bakarrik sentitzen dira, eta, horregatik, elkarteak babesa eta laguntza ematen die. “Oso garrantzitsua da jendea izatea hitz egiteko, barrua husteko”, dio. Sangronizek bi seme-alabak galdu zituen, Kepa eta Arene, Batten-en gaixotasunaren ondorioz. “Hori da elkarte gisa gehitu dezakegun balio handia”.

Eta igandean Derion egingo den jaiak horixe lortu nahi du. “Familia horiek jendearen babesa sentitzen dute halako ekitaldi batean”, dio azkenik Nestor Sangronizek. “Ikusten duzu herritarrak eta auzoak zutaz arduratzen direla eta zu ikustera etortzen direla. Oso lagungarria da”.

Gu han izango gara. Eta zu?