Hogei urteko ibilbidearen ostean, balantzea egiteko ordua da. Eta Kursaalarena ikusgarria da: bai emaitza ekonomikoen aldetik, bai jardueren aldetik (kongresuak, kontzertuak, ekitaldi sozialak, kulturalak...). Ikaragarria. Hori dena posible egin duen taldearen zuzendari da Iker Goikoetxea, eta poz-pozik dago, batez ere azken urteko emaitzei begiratuta, errekorra lortu baitute besteak beste sarrera-salmentetan, ekitaldietan eta diru-sarreretan. Horrela bete daitezke urteak!
Euskaltelen Bloga. Hogei urte jada! Ai ama, eta Kursaalak ikusgarria izaten jarraitzen du. Esan dizuete inoiz batzuek ez dutela urterik betetzen?Iker Goikoetxea. Bada, hitzez hitz ez, baina horren antzeko zerbait bai. Iruditzen zaigu herritarrek eta bezeroek eraikin gazte, berritzaile eta abangoardista gisa ikusten dutela. Eta, hala ikusten gaituztenez, beren ekitaldiek ere berrikuntza- eta abangoardia-kutsu hori izan dezaten nahi izaten dute.
E.B. Arima gaztea eta garaietara egokitua izaten jarraitzen du oraindik, ezta?I.G. Horixe nahi dugu, eta horixe da gure apustua. Eta, horretarako, inbertsio-ahalegin handia egiten ari gara. Azken 20 urteotan, besteak beste areto berriak estreinatu ditugu, bereizmen handiko 4K zinema-proiektagailu berri-berriak jarri ditugu, ticketing zerbitzua —ikusleen erosotasunerako—, dentsitate handiko WiFi-a, eta 1.500 metro karratuko LED fatxada ikusgarria —ekitaldien antolatzaileentzako komunikazio- eta marketin-baliabide bikaina—.
E.B. Eta zer esanahi du gaur egun Kursaalak Donostiarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskadirentzat?I.G. Alde batetik, gure lurraldeko auditorio garrantzitsuena da, eta, bestetik, Euskadiko profesional eta enpresentzako erreferentziazko kongresu-jauregia. Bada datu bat, iritzi-azterketen Ikerfel enpresak egindako azken inkestatik ondorioztatzen dena, bereziki pozten gaituena: 10 gipuzkoarretik 8 izan dira inoiz edo behin Kursaalean. Kongresu-jauregia eta auditorioa, gero eta gehiago, erreferentziako kultur eszenatokia, topagunea, ikasketagunea eta erakusketagunea dira Donostian eta Gipuzkoan, profesionalentzat eta enpresentzat. Irudi on hori asko hazi da; herritarrek gero eta gehiago hartzen dute parte gure ekitaldietan, eta gipuzkoarrek Kursaalaren jardueraren balorazio gero eta hobea egiten dute: 5etik 4,3ko nota ematen diote.
E.B. Begiratu dezagun atzera, pixka bat. 1999an inauguratu ziren Rafael Moneoren kuboak, eta munduari bira eman zioten diseinuagatik. Gaur egun ere arkitektura-ikurra al dira?I.G. Egunez egun egiaztatu dugu Rafael Moneok Kursaalerako duela 20 urte egindako diseinuak, orduan ez ezik —Europako Batasuneko Mies Van Der Rohe saria lortu zuen—, gaur egun ere zeresana ematen duela. Kontuan izan behar da Espainiako hiru eraikinek baino ez dutela jaso sari hori, nazioarteko garrantzitsuena: gureak eta beste bik. Gainera, egileak, Moneok, Pritzker saria ere jaso zuen, Arkitekturaren Oscar saria. Hori dela eta, sektore horretako profesionalen artean interes handia pizten jarraitzen du, eta mundu guztitik etortzen da jendea hura ikustera. Baina etxekoontzat ere ikur bat da. Asko hunkitu egiten dira haren silueta ibaiaren bokalean eta hondartzaren aurrean ikusita; Donostiako postal-irudiak aldatu ditu, eta donostiar askorentzat —eta bisitari askorentzat— hiriaren ikurretako bat da, Kontxako barandaren mailakoa. Zer gehiago eska dezakegu?
E.B. Eta barruko espazioa? Inauguratu zenean zuen maila bera du?I.G. Bai, noski. Eraikin balioaniztuna eta berritzailea izaten jarraitzen du, baina, horrez gain, etengabe berritzen eta hobetzen da, bai egiturei dagokienez, eta bai teknologia berrietara egokitzeari dagokionez. Gainera, Rafael Moneoren diseinu minimalista atenporala da oso, eta horrek, zalantzarik gabe, erraztu egiten du alderdi hori.
E.B. Zer esaten dizuete hemen egiten diren biltzar eta ekitaldien antolatzaileek?I.G. Beti egiten diegu inkesta bat, bezeroaren eta erabiltzailearen iritzia ezagutzea elementu estrategikoa baita gure kudeaketan. Eta oso harro gaude emaitzekin: gogobetetze-maila oso altua da, eta 8,3ko batez besteko puntuazioa du jardueraren lehen 20 urteetan.
E.B. Jauregiko zerbait nabarmendu beharko bazenu, zer nabarmenduko zenuke?I.G. Bisualki, arkitektonikoki, ikusgarria da auditorioko harrera; bisitariei eta bezeroei harro erakusten diegu gune hori. Azpiegitura orokorrari dagokionez, espazioen balioaniztasuna eta aldakortasuna azpimarratuko nituzke, bai eta kokapena ere, Donostiako erdigunean eta Zurriolako hondartza zoragarriaren ondoan. Jarduerari dagokionez, azpimarratzekoa da okupazio-maila handia lortzen dugula, eta horrek emaitza ekonomiko bikainak ematen dizkigu. Horri esker, gastu arrunterako ekarpen publikorik ez dute egin behar Kursaal Sozietatea osatzen duten bi erakundeek (Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia), eta, gainera, orain arte egindako inbertsioen % 70 sozietateak berak sortutako baliabideekin ordaindu ahal izan dira. Baina, guztiaren gainetik, zenbakiak alde batera utzita, hau da guretzat garrantzitsuena:
Kursaalak lortu du plaza bihurtzea, eta topagunea eta elkarrizketarako leku bat izatea; Donostiaren profila aldatu du, kokatua dagoen auzoa eraldatu, eta lurraldearen eragile ekonomiko bihurtu da.E.B. Eta zer esan ekitaldiei buruz? Zein da hemen egin duzuen ekitaldi onena, bereziki gogoan duzuena?
I.G. Inaugurazioaren hamargarren urteurrena egun berezia izan zen, eta ekitaldi zirraragarri bat egin genuen, baina akaso hori baino hobea da 2019. urtera iristea eta 20. urteurrena hain egoera onean ospatzea. Aurtengo azaroan, ekitalditxo bat egingo dugu ospatzeko, eta oso berezia izango da. Dena dela, “gure” une hain berezi horiek alde batera utzita, bezeroen zorionak jasotzen ditugun une guztiez gaude harro; amaitu ondoren gure profesionaltasunaz pozik daudela jakinarazten diguten batzar, konbentzio, azoka, jaialdi eta bilera guztiez.
E.B. Lehengo urtea ikaragarria izan zen, marka guztiak hautsi zenituzten.I.G. Otsailean egin genuen balantzean esan genuen gure lehen hogei urte hauetako urterik onena izan dela. Markak hautsi ditugu bai negozio-bolumenean, bai emaitzetan (% 15 eta % 28 hazi gara, hurrenez hurren), eta 311 ekitaldi egin ditugu. Bestalde, daturik berrienak aztertuz gero, ikusten da azken bost urteetan % 51 hazi direla gure salmentak eta emaitzak zortzi aldiz handiagoak direla. 2018ko balantze ikusgarriaren oinarrian, gure jardueraren funtsezko segmentu batzuek izan duten hazkunde handia dago: batetik, kulturari begira, asko igo da kontzertu-kopurua (152 kontzertu izan ditugu); eta, bestetik, fakturazioa 2017koa baino % 17 handiagoa izan da (eta 2017koak ere markak hautsi zituen).
E.B. Bada, aurtengo aurreikuspenak ere ez dira txarrak: nazioarteko bost biltzar, azokak... Baduzue sorpresaren bat?I.G. Gure hogeigarren urteurrena ospatzeko azaroan egingo dugun ekitaldia. Bai, 2019a ere urte ona izango dela dirudi, bai maila kulturalean (kontzertu gogoangarriak izango ditugu), bai biltzarren aldetik.
E.B. Askoz urte gehiago bete ditzazuela, eta izan daitezela denak aurtengoa bezain onak edo hobeak! Eskerrik asko!