Iritsi da uztaila, eta, harekin batera, nola ez, sanferminak. Jai gorenak dira, mundu osoan ezagunak, eta Iruñea urtero festaren mapan jartzen dutenak. Ondorioz, munduko bazter guztietako bisitariak etortzen dira egun horietan Iruñera. Ideia bat egin dezazun: iaz, milioi bat eta erdi lagun elkartu ziren, eta 74 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen horrek hirian.
Baina San Fermin baino askoz gehiago da Iruñea. Adibidez, historia harrigarria du: duela 2.000 urte baino gehiago sortu zuen Erromako Pompeio izeneko armadako jeneral batek, Kristo aurreko 75. urtean. Beste batzuek diotenez, ordea, 700 urte lehenagotik baziren han baskoien asentamenduak... Ikaragarria! Seguru dakiguna da hiri izugarria dela, jende zoragarria duela... eta bitxikeria asko ere bai. Jakin nahi duzu zein diren?
San Nikolas, tabernen kalea
Bazenekien San Nikolas kalean beste inon ez bezalako taberna-kontzentrazio handia dagoela? 200 metroko kalean 21 taberna; alegia, 9,04 metrotik behin taberna bat. Madrilgo Antón Martínen eta Bilboko Barrenkalen baino gehiago! Batzuek esaten dute jende-pilaketa hain handia dela, ezen batzuetan ondo legokeela oinezkoentzako semaforoak jartzea pertsonen joan-etorria arautzeko. Imajinatzen duzue? Guri asko gustatzen zaigu kale horretan paseotxo bat eman eta zerbait hartzea... baina gizalegez betiere!
20.000 unibertsitate-ikasle baino gehiago
Ezin da esan hiri handia denik, baina, hala ere, hiru unibertsitate ditu Iruñeak (Nafarroako Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionala) eta, hori dela eta, ikasle-hiri bihurtu da, ikasturtean zehar 20.000 ikasle baino gehiago hartzen baititu (biztanleria osoaren % 10). Imajinatzen duzu zer giro egoten den asteburuetan eta azterketak amaitzen dituztenean? Aski duzu hiriko terrazetan buelta bat ematea hori ikusteko.
Jango ditugu garrotito batzuk?
Badakizu zer den garrotea? Bada, hiztegiaren arabera, makila lodi eta sendo bat da, bastoi moduan erabil daitekeena. Baina definizio horrek ez du balio Iruñerako. Hemen, garrotea napolitana bat da; bai, bai, hostorez eta txokolatez egindako pastel hori, gainean txokolatezko txirbilak dituena. Eta, diotenez, napolitana onenak ez dira Napoleskoak, Pastas Beatrizekoak baizik. Estafeta kalean dago, eta hantxe egiten dituzte garrotito eta palmera onenak. Beraz, Iruñera bazoaz, bilatu gozotegi hori entzierroak egiten diren bidean, eta aprobetxatu; eta, behin horretan hasita, ez utzi probatu gabe Mañuetako txurroak.
Esamolde bereziak
Txirrinta duzu gosaltzeko? Villavesa hartzera zoaz? Lacha ematen dizu zerbait eskatzeak? Iruñekoa bazara egunero erabiliko dituzu, baina gainerakook aldi bereko itzulpena behar dugu esaldi horiek ulertzeko. Txirrinta apeta da (euskarazkoa da hitza); villavesa hiri barruko autobusa da, eta lacha, jakina, lotsa da. Horiek eta beste asko erabiltzen ditu Iruñeko jendeak. Esate baterako, bajera bat ez da galtzen eta bestelakoen barrena, gazteen lokal bat baizik; berrozpe ez da Alde Zaharreko auzo bat, inozo bat baizik; chirriar ez da burdina herdoilduak egiten duen zarata, euria egiten duenean blai egitea baizik; eta, azkenik, extremar da etxea garbi-garbi uztea...
Zergatik janzten dute zapi gorria sanferminetan?
70eko hamarkadan hasi zen ohitura hori, baina ez dakite ongi zergatik den: batzuek esaten dute San Fermini burua moztu ziotelako erabiltzen dutela iruindarrek zapi gorria; beste batzuen ustez, zezenak erakartzeko erabiltzen da; Nafarroako banderaren kolorea delako erabiltzen dela dioenik ere bada... Festen amaieran, “Gaixoa ni” abestutakoan, zapiak San Lorentzo elizaren burdin hesian jartzen dituzte. Eta entzierroan korrika egin behar dutenek magoaren korapiloa eginda eraman behar izaten dute, zezenaren adarrean edo beste tokiaren batean kateatuta geratuz gero erraz askatzeko...
Eta plazan, festa!
Inoiz entzun duzu ezer sanferminetako peñei buruz? Lagun-taldeak dira, eta festazale izateak elkartzen ditu. Hogei peña inguru daude, eta haien egiteko nagusiak dira elkarteetan elkarrekin bazkaldu, kalejira egin eta, batez ere, zezen-plazara joatea. Haiek ematen diote kolorea eta musika hango festari. Peñak dira protagonista nagusi zezen-plazetako eguzkitako tendiduan. Eta ez peñakideak zezenzaleak direlako (batzuk bai, eta beste batzuk ez). Haien ezaugarri nagusia festarako, jateko eta ongi pasatzeko gogoa da. Txarangak lagun dituztela, giro ezin hobea jartzen dute, hondarretan gertatzen denari asko begiratu gabe, egia esan... Akaso horregatik jartzen dira plazaren goiko aldean, uztaileko eguzkiak gupidarik gabe jotzen duen tokian...
Eta zuk ezagutzen duzu Iruñeari buruzko beste jakingarririk? Iruindarra zara eta beste zerbait kontatu nahi diguzu? Bidali iruzkin bat!