Tradizioak eta modernitateak bat egiten dute egun hauetan txoko guztietan ospatzen diren inauterietan. Antzinako dantzak, maskaradak eta erritu magikoak Farolin eta Zaranbolas sinbolo urbanoekin eta Tolosako danborradekin nahasten dira. Inauterietara goaz. Bazatoz?

Ituren eta Zubietako inauteriak

Inauterietako lehen ekitaldia Nafarroan egiten dute, urtarrilaren bukaeran, eta joaldunak izaten dira protagonista. Iturengo eta Zubietako joaldunak, bakoitza bere herritik irten, eta Zubiburuko zubian elkartzen dira. Astelehenean denak Iturengo kaleetan ibiltzen dira elkarrekin, eta hurrengo egunean Zubietara joaten dira Iturengoak, betiere joaldun batek bere adarrarekin markatzen duen erritmoari jarraituz. Baina kontuz ibili behar da haiekin batera doazen beste pertsonaiekin, irinez, lokatzez edo zerrautsez beteta amaitu nahi ez bada, behintzat.

Zuberoako maskarada

Ondoren, Zuberoako herri txikietan errotutako beste usadio batek hartzen du lekukoa. Herriko gazteek, pertsonaia tradizionalen jantziekin mozorrotuta, herriko kaleak alaitzen dituzte beren abesti, dantza eta istorioekin. Herritarrek jatekoa eta edatekoa ematen diete.

Antzezpen honetan ez dira falta pertsonaia zintzoak, gorriak (kantiniersak, entseinaria, marexalak eta dantzariak, besteak beste) eta gaiztoak edo beltzak, haien artean buhameak, xorrotxak eta kauterak (Pitxu eta bere lagun okerrak).

Dantza herrikoien artean, berriz, Godalet dantza nabarmentzen da. Edalontzi baten inguruan dantzatzen duten dantzarien trebezia erakusten dute bideo hauek.

Donostiako inauteriak

Donostian, usadiozkoak dira kaldereroen konpartsak, zeinek inauterien etorrera iragartzen baitute. Hungariako hogei bat ijito-talde Parte Zaharreko kaleetan barrena ibiltzen dira, lapiko eta zartaginak joz eta Raimundo Sarriegiren abestiak kantatuz. Otsaileko lehen larunbatean edo Kandelariaren aurreko larunbatean ospatzen da.

Hurrengo egunean, inudeen eta artzainen eguna ospatzen da. Festa horren bidez, omenaldia egiten zaio inudeen —hots, haurtzainen— eta hirira jaisten ziren artzainen arteko gorteiatzeri. Bikoteekin batera, garai hartako beste pertsonaia batzuk ere izaten dira: alkatea, gotzaina, barkilleroa, kale-garbitzailea...

Markina-Xemein

Inauterietako igandean, zahagi-dantza tradizionala egiten dute Markinan, non dantzariek zahagia jotzen baitute. Dantzariekin batera, Hartza ibiltzen da, jendeari segika.

Mundakako Inauteria

Egun horretan bertan, Inauterietako igandean, usadio berezi bat dute Mundakan. Atorrak, zuriz jantzitako gizonak, eta lamiak, beltzez jantzitako emakumeak, herriko kaleetan zehar ibiltzen dira: atorrak goizean, eta lamiak arratsaldean. Egunaren amaieran, elkartu elkarrekin abesten dute. Ikustekoa da.

Zalduondoko inauteriak

Landa-eremuko inauterien artean, Zalduondokoa nabarmentzen da; Arabako zaharrenetako bat da. Protagonista Markitos da, lastozko panpina barregarri bat, herriko gauza txar guztiak irudikatzen dituena. Inauterietako beste pertsonaia batzuekin batera kalean ibiltzen dute, eta epaiketa egiten diote, inauterietako igandean.

Epaiketa Farolin eta Zaranbolasi, Bilbon

Eta tradizioaz ari bagara, ezin aipatu gabe utzi Farolin eta Zaranbolas, Bilboko inauterietako pertsonaia nagusiak. Bata harroputza eta bestea lasai-potoa. Plaza Barrian epaitzen dituzte ostiral mehean, umorerik falta ez den ekitaldi batean (landa-giroko aratuste tradizionalak gogorarazten ditu). Udaletxean atxilotu eta Plaza Barrira eramaten dituzte lehenik mazolariek. Han, haien ibileren berri ematen da, eta zigortu egiten dituzte, besteen eskarmenturako. Baina guk kontatzea baino, hobe izango duzu zeure begiekin ikustea:

Tolosako inauteriak

Tolosakoak Gipuzkoako inauteri jendetsu eta herrikoienetako bat dira, zalantzarik gabe. Ostegun gizenean hasten dira, pregoia irakurri eta txupinazoa botata. Astearte gauerdian sardina erre bitartean, ez da festarik falta izaten: larunbateko danborradak, konpartsak, karrozak, desfileak...

Euskadiko inauteriak bizi egin behar dira. Zein gustatzen zaizu gehien?