2019an inoiz baino gehiago bidaiatzeko asmoa duzu, baina hegan egin beharko duzula pentsatze hutsarekin blokeatu egiten zara eta Aterriza como puedas filmeko eszenak etortzen zaizkizu burura? Bada, baliteke aerofobia izatea eta hura gainditzeko laguntza behar izatea. Bai, ziur asko esan dizute hegazkina dela garraiobide seguruena eta, estatistikoki, istripua izateko probabilitatea 16 milioitik batekoa dela. Baina, hala ere, beldurra kontrolatu ezin baduzu, ez kezkatu, teknologia alde baituzu: zure mugikorrarekin eta aplikazio hauekin, hegan egiteko beldurra atzean utziko duzu eta primeran pasatuko duzu… bai eta turbulentzien erdi-erdian ere!

Skyguru

Seguru asko lasaitu egingo zinateke hegazkinean une oro zer gertatzen den azaltzen dizun norbaitekin bidaiatuko bazenu, ezta? Horixe pentsatu zuen Alex Gervash pilotu profesionalak, “Flying without Fear” zentroko zuzendariak, doako aplikazio erabilgarri hau sortu zuenean. Hegazkin-moduan ere funtzionatzen du, eta kontatzen dizu zergatik atzeratu den aireratzea eta zer adierazten duten hegazkineko zarata edo mugimenduek ; turbulentzien aurreikuspenak ere egiten ditu. iOS erako bakarrik dago erabilgarri

SOAR Conquers Fear of Flying

Tom Bunn pilotu aditu eta terapeutak ere izua, klaustrofobia eta antsietatea kontrolatzeko teknikak eskaintzen ditu doako aplikazio honen bidez. Besteak beste, “Take Me Along" (eraman nazazu zurekin) funtzioa du, zeinaren bidez komandanteak bere hegaldiko urrats guztietan lagunduko baitizu. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

ANA Take off Mode

ANA hegazkin-konpainia japoniarrak pentsatu zuen aerofobia duen pertsona bat entretenitzeko modurik onena dela entretenituta edukitzea eta arreta erakarriko dion jolas baten bidez kontzentratuta edukitzea. Dinamika oso sinplea da, eta mendekotasuna sortzen du: telefonoa fisikoki biratuz puntu batera pilota bat zuzendu besterik ez duzu egin behar. Ez dakigu nola funtzionatzen duen urduritasunaren ondorioz eskuak izerditan hasten direnean... baina seguru asko laguntzen duela. iOSerako bertsioak ditu.

Fear of Flying App

VALK Fundazioaren aplikazio honek hegaldia prestatzen laguntzen dizu hartu baino aste batzuk lehenago. Interneteko konexiorik gabe funtzionatzen du, laguntza hau edozein unetan eskura izan dezazun, eta zure emozioak kontrolatzeko behar duzun informazio guztia ematen dizu, estresa murrizteko ariketa praktikoak barne. Eta antsietate-krisia baduzu, ez izutu: sakatu izuaren botoia, eta, audio bidez, terapeuta batek lasaitzen lagunduko dizu. Androiderako 3,99 €-an dago, eta iOSerako 4,49 €-an.

Fly4Life – Gainditu hegan egiteko beldurra

Beste aplikazio hau gomendatzen zaie beren galderen erantzun zehatzak behar dituzten pertsonei, aukera ematen baitu edozein hegaldi-esperientziari buruzko kontsultak bidaltzeko. iOSerako dago erabilgarri, 2,99 €-an.

Jennifer Aniston, Lenny Kravitz eta Sylvester Stallonek egin zuten bezala hegan egiteko beldurra gainditu nahi baduzu hipnosiaren edo lasaigarrien laguntzarik gabe, deskargatu aplikazio hauetako bat eta… gozatu hegaldiaz!