Haurtxoa iritsi zenetik lehen “ihesalditxoa” egitera zoazte familian: a zer ilusioa! Dena prest dago: bidaietarako sehaska, haur-kotxe tolesgarria, biberoiak… Baina, orduan, zerbait gogoratu duzu eta izerdi hotza hasi zaizu: etxean ahaztu duzue haurra hainbeste entretenitzen duen gusy luz panpinatxoa. Eta Burgostik aurrera zoazte jada!

Bat autobidearen erdian buelta ematea pentsatzen ari da; besteak, berriz, jostailu-denda bat irekita aurkitu nahi du, zubi bete-betean... Irtenbide bat behar duzu! Eta, orduan, lasaitasuna iristen da: guraso hasi berriak zarete, bai, baina baita teknologikoak ere. Badituzue zeuen mugikorrak, eta ez dago iOS eta Android unibertsoek eskuratu ezin dutenik. Hona hemen zenbait aplikazio zuen txikiek lo egiten duten bitartean edo entretenituta dauden bitartean atseden hartzen lagunduko dizuetenak.

Haurtxoentzako aplikazioak

Sound Touch. Joko honek ordu luzez entretenituko du zure txikia. Soinu-sorta bat dagozkion irudiekin lotzea da erronka, hasi musika-tresnetatik eta animalietaraino edo garraiobideetaraino. Doako oinarrizko bertsioak 140 bikote baino gehiago ditu, horietako asko irudi errealak dituztenak, baina, horrez gain, ordainpeko Premium bertsio bat ere eskuratu dezakezu, bi aldiz bikote gehiago eskaintzen dituena. iOSerako eta Androiderako dago erabilgarri.

Nana bebés: ruidos blancos. Aplikazio hau mundiala da: lo hartzen laguntzen dio zure txikiari, eta, horrez gain, negarrez hasten bada detektatu egiten du. Une horretan, aplikazio hori hasten da zuk aukeratutako melodia erreproduzitzen, inoiz huts egiten ez duen hori: aplikazioak dakartzan lo-kantetako bat izan daiteke, edo zuk grabatutako besteren bat. Doako oinarrizko bertsio bat du, eta iOSerako bakarrik erabil daiteke.

Gaueko argia. Aplikazio honek argi egiten du ilunpean; argi goxoa egiten du, eta animalien irudiak eta mota guztietako soinuak erreproduzitzen ditu: zarata zuriak, ikuzgailuaren zarata, autoena, ile-lehorgailuarena… Haurtxoa gauez esnatu eta mugitzen edo negarrez hasten bada, zaratak aplikazioa aktibatuko du, eta argia automatikoki piztuko da. Eta zure haurtxoari musika gehiago gustatzen bazaio hotsak baino, aplikazioak lo-kanta ingeles, frantses eta japoniarrak ditu, eta edonor K.O. uzteko moduko soinu instrumentalak. Doakoa da, eta Androiderako nahiz iOSerako dago erabilgarri.

Gailuak

Gainera, gailu teknologiko ugari daude zure txikiak erraz eta eraginkortasunez zaintzen lagunduko dizutenak.

Haurdunentzako audifono abdominalak Aditu guztiek diote musika estimulazio bikaina dela haurtxoentzat. Orain, posible da haurdunalditik hastea estimulazio horrekin. Badira audifono batzuk sabelaldean jar ditzakezunak, zure haurtxoa musikaren munduan sar dadin edo nahi duzun pertsonaren ahotsarekin ohitu dadin, egun-argia ikusi aurretik. Entzungailu hauek luzapen bat dute, zure haurtxoari transmititzen dizkiozun soinuez goza dezazun zuk ere.

Txupete termometroduna Haur jaioberri bati tenperatura hartzea oso zeregin konplexua izan daiteke, batez ere gaizki badago, mina badu edo ezin bada geldirik egon. Bada, badago modu erraz bat sukarra duen edo ez jakiteko: txupete termometrodunek lagundu egiten dizute haurtxo bati tenperatura hartzen, hura konturatu gabe.

Arnasketa-monitoreak. Aita edo ama gehien lasaitzen duen gailuetako bat haurtxoen arnasketa egiaztatzeko monitorea da, batez ere haurrak goiztiarrak direnean. Pijamaren gainean edo sehaskaren koltxoiaren azpian jartzen diren sentsore batzuk dira, eta arnas maiztasuna, mugimendu-maila eta lo dagoen haurtxoaren posizioa kontrolatzen dituzte.

Tenperatura-sentsorea duten koilarak Nork ez du noizbait mihia erre oso bero dagoen elikagai bat probatzean? Bazkaltzeko orduan zure txikiek ahoa erretzea nahi ez baduzu, koilara honek lagunduko dizu: kolorez aldatzen da janaria beroegia badago.

Eta zu? Amatxo teknologikoa zara eta ezagutzen duzu gure haurren zaintza hobetzen lagunduko digun beste asmakizunen bat? Idatzi iruzkin bat, eta konta iezaguzu!