“Pinpilinpauxa”, “goxo”, “bihotz”, “maite”… Hitz ezagunak eta kuttunak dira euskaraz ez dakiten askorentzat ere. Euskara jakin ez arren, badakite zer esan nahi duten. Eta, irakurritakoan beharbada ez, baina euskaldun baten ahotik entzunda goxo sartzen zaizkie belarrira.
Euskararen hitz-altxorreko ale batzuk baino ez dira. Gure hizkuntzak hainbat eta hainbat esapide eder ditu, eta merezi du haietan sakontzeko eta gehiago jakiteko ahalegina egitea. Gu geu harro gaude gure hizkuntzaz, eta hitz eta esapide batzuk hautatu ditugu, guri bezain atsegin gertatuko zaizkizulakoan.
Bihotz
Bihotz hitzarekin hasi beharra geneukan, ez baitago hitz ederragorik.Izan ere, hitz horrekin gauza asko esaten ditugu. Begira zer polita den: Bihotz eman animatzeko erabiltzen dugu, adore eman esan nahi baitu. Bihotza ireki dugula ere esaten dugu, norbaitek beste norbaiti bere sentimenduak edo kezkak adierazi. dizkiola esateko
Maite
Maite da beste hitz eder bat. Maitasuna, hizki larriz. Eta zer esan maitemindu hitzaz? Maite eta min. Ba al da bi hitzen arteko konbinazio lirikoagorik? Poesia dirudi. Eta batzuek esango dute gero hots zakarra duela euskarak... Bai zera!
Harreman
Maite-kontuekin jarraitu nahi? Gure hitz kutunetako bat da hurrengoa, benetan ederra. HarremanHarreman. Hartu eta eman; izan ere, zer dira, bada, gure atzera eta aurrerak? Hartu eta eman etengabeko bat. Polita, ezta? Orain arte ez zenuen sekula pentsatu hitzaren esanahian, ezta? Normala! Hor erakutsi behar duzu zure xarma guztia, euskara bezain xarmanta izan.
Eztabaida
Eta harremanetan eztabaidak ere izaten dira, noski, hitzezko liskarrak. Zer hitzek osatzen dute eztabaida? Bada, ez eta bai hitzek. Ederra konbinazioa!
Udaberria
Alda dezagun gaia orain, dena ez baita poesia. Udazkena. Zer esan nahi ote du? Jakina, udaren azkena. Konturatu gabe zeunden orain arte? Eta udaberria? Bada, horixe, neguaren ondoren berriz datorren uda berri-berria. Garbi dago epelean egotea gustatzen zaigula, ezta? “Udaberria”... Uda beti gogoan!
Hondartza
Eta eguraldi onerako, hondartza baino hoberik ez dago, hondarra —edo harea— dagoen lekua. Euskadin munduko politenak ditugu, eta kresal usaina uzten digute. Ederra hitza, ezta?
Zirimiri
Oso gurea den beste bat: zirimiria Bilbon bizi bazara jakingo duzu zer esan nahi duen. Aterkia hartzeko modukoa ez den euri txiki hori, baina blai eginda uzten zaituena.
Ilargi
Badakizu ilargi hitzaren etimologia, ezta? Hil-argia. Kutsu tetriko samarreko hitza, beharbada, baina poetikoa ere bai, dudarik gabe.
Herrimina
Eta galiziarrek etxetik kanpo izan ohi duten morriñari herrimin deitzen diogu guk; hain desberdinak ere ez dira belarrira, ezta? Gurea pixka bat dramatikoagoa beharbada: “herri”tik kanpo egoteak eragiten duen “mina”.
Zorion
Zerbait alaiagoa nahi baduzu, berriz, hor duzu zorion; zori eta on.
Pinpilinpauxa
Badira beste hitz batzuk euskaraz beren soinuagatik maitemintzen gaituztenak. Esan ozenki: pinpilinpauxa. Doinu berezia du, ezta? Hitz jostaria, inondik ere. Euskaraz izen asko ditugu intsektu eder horri deitzeko: tximeleta, mitxeleta, mitxirrika eta abar. Pinpilinpauxak doinu berezia du, ordea.
Galtzerdiak
Eta, amaitzeko, atsegin dugun bitxikeria bat: euskaraz, galtzerdi esaten dugu, baina inoiz pentsatu duzu nondik datorren? Galtza“erdi. Bitxia, ezta?
Horrela jarrai genezake, segi eta segi, hitzen bide eta sigi-saga bihurrietan barrena. Dena dela, esamolderen bat gaztelaniatik euskarara itzuli nahi baduzu inoiz, hemen duzu esteka interesgarri bat: Labayru Fundazioaren hiztegia.
Itxaropen
Itxaropenekin bukatuko dugu, euskara gehixeago ezagutuko duzun itxaropenez.
Gauza gutxi dira munduan hizkuntzak bezain baliotsu. Esku-eskura dugu euskara, hementxe, eta gurea da! Animatu!
Tira! Anima zaitez, eta ikasi euskara!