Abenduan, are jai gehiago dago Euskaltelen. San Tomas, Gabonetako afariak, Olentzero eta Urtezahar gauaz gain, baditugu, besteak beste, Durangoko Azoka, Araba Encounter, EiTB Maratoia eta Ficobako Gabonetako Haur Parkea. Juntadizoetako zure Whatsapp taldea bizi-bizi ibiliko da. Oporrak baldin badituzu, are hobeto, plan hauek guztiak baititugu zuretzat:

Durangoko Azoka

Euskal kulturak festa-egunak ditu. Lau egunez, abenduaren 5etik 8ra, Durangoko Azoka gure letren pieza onenen bilgune izango da; baina literatura ez da bakarrik egongo azokaren ekosisteman. Musika, ikus-entzunezkoen proiekzioak, arte eszenikoak, tailerrak... 200 kultura-ekitaldi baino gehiago. Irudienean, Zamorako kartzelan preso egon ziren apaizei omenaldia egingo zaie. Landakon 264 erakusmahai eta 405 nobedade izango ditugu: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari... Eta pabiloiko ateak itxi ondoren, Plateruenako agertokian egongo diren kontzertuekin gozatzen jarraitzeko aukera izango da: ETS, Zetak, Arkada Social eta Maider Zabalegi. Eta onena da dagoeneko entzungai daudela Spotify-n talde horiek eta aurtengo musika-berrikuntza guztiak, 54DA! zerrendan. Eta bai, trapa ere badago.

Araba Encounter

Informatikariek ere badute beren festa, eta Gasteizen bilduko dira abenduaren 6tik 8ra, Lakuako Gizarte Etxean. Bai, Araba Encounterri buruz ari gara, Euskaltel Konektak urtean zehar antolatzen dituen party teknologikoen zirkuituko azkenekoaz. Jarduerak 3 egunez, etenik gabe, 340 ordenagailu 20 GB-ko sarean, eta aukera ugari: arte digitala, modding-lehiaketak, hitzaldiak, tailerrak eta jokoak. Elkartu kuadrillakoekin eta egin desafioa League of Legends, Call of Duty, HearthStone edo Fifa jokoetan. Plan ezin hobea! Eta horren erakusle, erreserbetan erabateko betealdia. Baina lasai, oraindik baduzu aukera itxaron-zerrendan izena eman. Gurutzatu hatzak!

Eta, bestela, Opengune eremu irekiak besoak zabalik hartuko zaitu: informatikari buruzko hitzaldiak, lantegiak eta erakustaldiak izango dituzu han; doan, gainera.

Agenda Euskaltel diciembre: Araba Encounter

EiTB Maratoia

Eta EiTBrekin eta haren urteroko maratoiarekin jarraituko dugu. Abian jarri zenetik 20 urte betetzen direnean, formatua aldatu du EiTBren maratoi solidarioak. Bi hamarkada daramatzate euskal gizartea kontzientziatzen, eta proiektu solidario honen iraupena luzatu egin dute. Abenduaren 10ean amaituko da. EiTBk asteak daramatza haurren minbiziari aurre egiteko ikerketarako dirua biltzen. Nola egin dezaket nire ekarpena? Webgunearen, Bizum-en edo banku-transferentzia baten bidez dohaintza egiteaz gain, poltsa edo buff solidarioa erosiz edo enkante aktiboetan parte hartuz ere egin dezakezu zure ekarpena. Eta animatzen bazara, bidali "Lau teilatu" abestiaren zure bertsioa. Guk dagoeneko egin dugu:

Ficobako Gabonetako Parkean

Eta etxeko txikiek ez dute festarik? Jakina: festatzarra dute Irungo Ficoban, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra. Gabonetako Haur Parkeak arrakasta du izaten urtero, eta Gipuzkoako jaien artean klasiko bihurtu da. Ez dira jaitsiko matxinsaltotik, puzgarrietatik, talka-autoetatik edo zezen mekanikotik, eta behin eta berriz ibiliko dira scooterretan, futbolinean, bubble soccerrean eta air hockeyan. Baina, gainera, hezkuntza-jarduerak, joko kooperatiboak, tailerrak eta teknologia berriak ere izango dira. Euskaltelen erakusmahaian ikusiko dugu elkar! Gabonetarako planik onena. Pin! Pan! Pun!

Agenda Euskaltel diciembre Pin de Ficoba

Partekatu gure agenda lagunekin eta familiarekin, elkarrekin planak egiteko. Eta hainbeste juntadizo artean, ez ahaztu Olentzerori idatzi behar diozula.