“No seas ganorabako: ponte el choto que ya estás larri y con este fresco vas a coger pirrilera”.

Ulertuko al luke esaldi hori udan zu bisitatzera etorri den Malagako lagun batek? ? Egin proba... Auskalo, agian zuk zeuk ere ez duzu ondo ulertuko! ;) Badaezpada, gaztelania estandarrera “itzuliko” dizugu: “No seas tonto: ponte la capucha que ya estás un poco flojo y con este frío vas a coger diarrea.

Gure gaztelaniazko ohiko hitzak dira denak; euskaratik datoz batzuk, baina inork ez daki beste batzuen jatorria, ezta zergatik duten esanahi hori ere. Batzuk, gainera, asko zabaldu dira, hiztegian sartzeraino. Jakin nahi duzu hitz horietako batzuen esanahia? Adi!

Txosna. Udan gehien erabiltzen den hitzetako bat da ;): herriko festetarako prestatzen diren behin-behineko tabernak dira. Eta bitxia da, zeren eta gaztelaniazko chozna hitzak oso bestelako esanahia du: pertsona baten herenilobaren alaba esan nahi du! Euskaratik hartutako hitz bat da. “Txosna”. Honela dio Euskaltzaindiaren Hiztegiak: “Erromerietan eta jaietan janariak eta edariak saltzeko jartzen den behin-behineko denda modukoa”. Harrigarria, ezta?

Chirene. Chirene (“txirene” ere idazten da batzuetan) Bilboko pertsonaia barregarri bat da, bromazale eta zirtozalea.  Tira, bilbotar gehienak ?.

Mojojón. Kanpoko lagun bati esaten badiozu mojojón batzuk jatera gonbidatzen duzula, hobe badaezpada “mejillón” hitza erabiltzen baduzu: ez da hainbeste izutuko, eta, ziur asko, ulertuko dizu. Muskuilu hitzaren ordain bitxi bat.

Txinbera. Edozein lekutako barraketan aire konprimatuko karabina esaten zaionari txinbera esaten diogu Euskadin. Txinboak harrapatzeko erabiltzen zirelako beharbada? Guk, dena dela, makilatxoei bakarrik egiten diegu tiro, eta peluxe bat eskuratzeko!

Aguatxirri. Amerikar kafe bat izan daiteke, edo izotza dagoeneko urtuta daukan kalimotxo bat... Oro har, zaporerik ez duen edo ur gehiegi duen edozein edariri buruz esaten dugu hori. Eta beste erronda baterako aitzakia izaten da gehienetan.

Bote. Behar-beharrezko hitza da hau. Berdin dio Errusiakoa zein Arakaldokoa izan. Poteoan gabiltzanean, kutxa bete behar da, eta den-denok egin behar dugu ekarpena. Edo, bestela, bizum bidez ordaindu; bai, bai, kuadrillakoekin gastuak partekatzeko aplikazioak ere badira .

Hamaiketako. Ezagunenetako bat. Hamaikak aldera hartzen den aperitiboa da, pote batekin ala gabe, goiz erdian urdailean egiten zaigun zulotxoa nolabait estaltzeko.

Gilda. Pintxorik errazen eta goxoenetako bat… ? Ozpinetan edukitako pipermin bat, oliba bat eta antxoa bat, hirurak zotz batean helduta. Oliba-olio zurrustatxo bat, perrexil xehatu pixka bat, eta kito. Hamaiketakorako ezin egokiagoa.

Raba. Ez dakigu zergatik, baina txibia frijituei “raba” esaten diegu hemen gaztelaniaz. Izena ez da berez oso erakargarria, baina...

Cuitao. Euskarazko “koitadu” hitzaren aldaera bat. Ona, onegia, eta errukarria den pertsona bati buruz esaten dugu hori.

Txori. Zenbat aldiz entzun diozu norbaiti esaten “ponte un txori para recoger el pelo”? Askotan, ezta? Goma batekin biltzen den ile-xerlo bati esaten diogu hemen “txori”. Izan ere, euskaraz, “ile-mototsa lotzen duen begizta”ri “txori” esaten zaio. Hala argitzen du Euskaltzaindiaren Hiztegiak.

A lolo. Gaztelaniaz, “a lolo” esaten da hemen, lotara joateko. Euskaratik zuzenean hartua da, noski: “lo egin”.

Linternero. Zein da “linternero” baten lana Euskadin? Linternak egitea? Ez, Euskadin iturgina da linterneroa. Misterioz betea dago bizitza, ezta?

Quicas. “¡Cuidado que te vas a romper las quicas!”. Ez dira belaunak, ezta eskuak ere. Bai zera! : haur baten esne-hortzak dira. Hau ere euskaratik hartutako hitza da, “kika” esaten baitzaie haurren hortzei.

Hacer sirris. Oso polita da hau. Hau ere euskaratik zuzen-zuzenean hartua: “zirri egin”, hau da, norbait ukitzea atsegin hartzeko edo emateko; norbaitekin eztitan egotea, alegia.

Batzuk bakarrik aipatu ditugu guk, baina ziur gara beste asko daudela eta egunero entzuten dituzula horietako batzuk. Ezagutzea merezi duen beste hitz edo esamolderik ezagutzen baduzu, idatzi iruzkin bat eta partekatu gurekin!