Europako Osasun Txartelari esker, Europan zehar bidaiatzen duzunean medikutara lasai-lasai joan zaitezke, nahi ez duzun gastu gehigarririk egin beharrik gabe. Europako Osasun Txartela nola eskatu eta berritu dezakezun, zenbat denbora itxaron behar duzun jasotzeko eta zein herrialdetan erabil daitekeen azalduko dizugu.
Zer da Europako Osasun Txartela eta nork eska dezake?
Europako Esparru Ekonomikoko herrialde batean, Erresuma Batuan eta Suitzan aldi baterako zaudenean, arreta medikoa jasotzeko eskubidea ematen dizu Europako Osasun Txartelak.
Bidaiaren zergatia edozein dela ere eska daiteke (lana, aisia zein ikasketak). Gainera, Gizarte Segurantzako arreta medikoa jasotzeko eskubidea duten titular guztiek eta haien kargura dauden onuradunek eskura dezakete.
Europako Osasun Txartela doan eska daiteke; harekin, bisitatzen duzun herrialdean aseguratuta daudenek duten estaldura mediko berbera bermatzen zaizu. Horrek esan nahi du, herrialde bakoitzaren arabera, agian arreta kobratuko dizutela bertako herritarrek ere ordaintzen badute.
Estaldurak eta arretaren kostuak zein diren jakiteko, orri honetan herrialde bakoitzari dagozkion baldintzak irakur ditzakezu.
Europako Osasun Txartela: herrialdeak
Zein herrialdetan balio du Europako Osasun Txartelak? Bada, Europar Batasunean, Europako Esparru Ekonomikoan, Erresuma Batuan eta Suitzan.
Hona hemen Europako Osasun Txartelak balio duen herrialdeen zerrenda: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Irlanda, Italia, Kroazia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Polonia, Portugal, Errumania, Suedia, Txekia, Txipre, Islandia, Liechtenstein, Norvegia, Erresuma Batua eta Suitza.
Nola eskatzen da Europako Osasun Txartela?
Europako Osasun Txartela eskatzen duzun lehen aldia bada, Interneten bidez edo aurrez aurre eska dezakezu. Berdin dio zuretzat (titularra zarelako) edo zure kargura dauden onuradunentzat eskatzen duzun; zeuk eskatu behar duzu.
Europako Osasun Txartela sarean eskatzea:
Egin klik esteka honetan Gizarte Segurantzaren Egoitza elektronikoan sartzeko. Hartan, identifikatzeko eta txartela eskatzeko aukeretako bat hautatu ahalko duzu:
- Kl@be iraunkorra
- PIN Kl@bea
- SMS bidez
- NAN elektronikoa edo ziurtagiria
Europako Osasun Txartela aurrez aurre eskatzea:
Europako Osasun Txartela aurrez aurre eskatzea nahiago baduzu, bertaratu Gizarte Segurantzaren bulego batera aurretiko hitzorduarekin. Ordutegiei eta kokapenei buruzko informazioa duzu esteka honetan.
Zenbat denbora itxaron behar duzu Europako Osasun Txartela jasotzeko?
Eskatzen duzunetik, gehienez ere bost egun igaroko dira Europako Osasun Txartela etxean jaso arte.
Garrantzitsua da afiliazioan agertzen den helbidea zuzena dela ziurtatzea.
Txartelak bi urteko indarraldia du. Horren ostean, berritu egin beharko duzu. Hortaz, bidaiatu aurretik, egiaztatu ea Europako Osasun Txartela iraungita edo indarrean dagoen.
Zer gertatzen da Europako Osasun Txartela jaso aurretik bidaiatu behar baduzu edo txartela jaulki ezin izan bada? Kasu horretan, Europako Osasun Txartelaren Behin-behineko ordezko ziurtagiria eskatu beharko duzu txartel arrunta eskatzeko dauden bide berberen bidez (goian aipatutakoak).
Desberdintasuna ziurtagiriaren indarraldia da (90 egunekoa). Ziurtagiria PDF formatuan deskargatu behar duzu, eta, gero, inprimatu.
Nola berritzen da Europako Osasun Txartela?
Europako Osasun Txartela berritzeko, hura eskatzeko egin behar den prozesu berari jarraitu behar diozu. Hau da, txartela lehen aldiz eskatzen duzunean egin beharreko izapide bera egin behar duzu (aurretik azaldu dizuguna).
Hemen gogorarazten dizugu izapide hori:
Europako Osasun Txartela Interneten bidez berritu nahi baduzu, joan Gizarte Segurantzaren egoitza elektronikora eta identifika zaitez Kl@be iraunkorra, PIN Kl@bea, PINa, SMSa, NAN elektronikoa edo ziurtagiria erabilita.
Aurrez aurre ere berritu dezakezu, Gizarte Segurantzaren bulego batera joanda.
Espero dugu ziztada, alergia edo bihurdura batek zure bidaia edo oporrak ez zapuztea, baina, hala bada, eraman beti soinean Europako Osasun Txartela arreta medikoa jaso ahal izan dezazun.