Ostiral arratsaldea. Oporretan zaude, eta zure 6 urteko iloba parkera daramazu. Sekulako plana egin duzu: izozki bat erosiko diozu, eta parkean alde batetik bestera korrika ibil dadin utziko diozu. Iritsi zara parkera, ordea, eta, ai ama, jendez beteta dago. Adin bereko ehunka haur dabiltza lehian, zein igoko lehenik txirristara, zeinek harrapatuko zabua edo malguki erraldoia, kulunkatzeko. Izutu egin zara: Aske utziko dut? Eta galtzen bada?

Ez kezkatu, teknologiak lagunduko dizu. Geolokalizazioko zenbait gadget eta aplikazio diseinatu dira estres-une horiek saihesteko, eta eraginkorrak dira oso. Haiei esker, lasai joan zaitezke eurekin hondartzara, mendira, abentura-parke batera edo Eurodisneyra. Izan ere, une oro kontrolpean izango dituzu. Praktikoenetako batzuk aukeratu ditugu.

Aplikazioak

  • Family Locator. Doako aplikazio bat da, eta mugikorraren bidez pertsona bat baino gehiago harremanetan egoteko balio du. Ezin hobea da jendea guztia lokalizatuta edukitzeko. Oso erraza da erabiltzeko: aski duzu aplikazioa deskargatu, harremanetan egon nahi duten kideak lotu eta GPSa aktibatuta edukitzea. Eta kito: dagoeneko ikusi dezakezu non dagoen zure iloba, zure ama, aitona edo anaia. Eta, gainera, doako mezuen bidez komunikatzeko aukera ematen dizuete, bai eta laguntza-mezuak bidaltzeko ere, baten bat galdu bada. Androiderako eta iOserako bertsioak ditu.
  • Life 360. Aplikazio honekin, zure iloba edo zuk nahi duzun pertsona lokalizatuta eduki dezakezu, erraz: nahikoa da zure smartphoneko kontaktuak sinkronizatzea, eta aplikazioak mapa batean erakutsiko dizkizu (gonbidapen bidez bakarrik sar daiteke mapa horretara). Horrez gain, hainbat zirkulu, familia eta abar sor ditzakezu, eta taldekide bakoitzarekin edo taldearekin txateatu. Gainera, izuaren botoi bat du, eta oso erabilgarria da, txikietako bat galdu eta urduri jartzen bada. Zure iPhonerako deskargatu dezakezu, edo zure Android mugikorrerako.

Telefono-erlojua

  • Alcatel Move Time. Komunikatzeko gailu erraz bat behar baduzu, erloju hau ezin hobea da. Garesti samarra bada ere, prestazio onak ditu, batez ere GPSaren doitasuna eta bozgorailuaren soinu-kalitatea. Telefono-deiak egin daitezke lehendik hautatutako kontaktuetara edo 112 zenbakira, eta ahots-mezuak bidali; gainera, beste funtzio batzuk ere baditu, jostagarriagoak (hala nola podometroa). Alcatelen aplikazio esklusibo batekin kontrolatzen da.

GPS lokalizatzaileak

  • Invoxia GPS. GPS gailu bat da hau, eta, baliozko objektuak aurkitzeko pentsatuta dagoen arren, etxeko txikiak non dauden jakiteko ere oso baliagarria da. Penintsula osoa hartzen du, sei hilabeteko autonomia du, eta bost minutuan behin bidaltzen du posizioa. Garesti samarra bada ere, haurrak hazitakoan ere jarraitu ahal izango dugu erabiltzen, objektu baliotsuekin.
  • TkStar Mini GPS. GPS lokalizatzaile honek bost metroko doitasun-marjina du, eta merkatuan dagoen txikienetakoa da. SIM txartelarekin funtzionatzen du, abisu-mezuak bidaltzeko, perimetro jakin batetik irteten bada edo laguntza-botoia hiru segundoz sakatzen badu.

Gadget hauekin eta mugikorretarako aplikazioekin, lasai ibil zaitezke zure txikiekin. Utzi alde batera alferkeria, galdu beldurra haurren jolastokiei, eta gozatu haiekin!