Seguru ordu-pilo bat ematen duzula bideojokoetan jo eta su, lagunekin online lehiatzen. Besteak beste, Dota 2, League of Legends (LoL), Overwatch, FIFA edo Rocket League jokoak hautatzen al dituzu beti? eSport alorreko ekitaldiren bat dagoenean (Gamegune edo Euskal Encounter, adibidez), ziztu bizian ematen al duzu izena zure jokalari gogokoenak zuzenean ikusteko? Bai? Bada, seguru noizbait pentsatu duzula gustura lan egingo zenukeela eSport munduan. Hona hemen asmo hori gauzatzeko gakoak. Segi irakurtzen!
Bide luzea egin behar da eSport alorreko jokalari profesional bihurtzeko edo negozio horretan parte hartzeko, eta ordu asko eta asko eman behar dira lanean. Newzook egindako azterketa baten arabera, urtean 696 milioi euro mugitzen ditu negozio horrek. ESL/Turtle Entertaimenteko programazio-zuzendari Ulrich Schulzek hau zioen duela gutxi Twitterreko bere profilean: eremu horretan jarduteko, ikusle huts izatetik komunitateko partaide aktibo izatera aldatu beharra dagoela. Bide batez, norbera oso trebea den eta besteekiko bereizteko aukera duen eSportetako alorretan jarduteko gomendatzen zien interesatuei.
eSporten eremuko lan-eskaintzetarako tarteak izan ohi dituzte bideojokoaren arloko multinazionalen webguneek; besteak beste, Blizzard, Riot Games eta Valverenek. Nabigatu webgune horietan, eta ikusi zer gaitasun eta trebezia eskatzen dituzten. Baldintzak betetzen badituzu, aurrera!
Baina LoL edo Hearthstone: Heroes of Warcrafteko izarrentzat ez ezik, jende gehiagorentzat ere badute eSportek aukera profesionalik. Zergatik? Bada sektore horretako profesionalen herena bakarrik direlako jokalariak. Gainerakoak, berriz, taldeetako langileak dira, edo publisherrak, lehiaketa-antolatzaileak eta broadcasterrak. Alor horietan dago aukera gehien, profesional-eskariak gora egitea espero baita. Zehazki, 700 lanpostu berri sortuko omen dira datozen bi urteotan.
Taldeek eskatzen dituzten profilakGarrantzi handi hartu du entrenatzailearen lanak eSporten munduan, kirol "klasiko" batzuetan bezala (futbola eta saskibaloia, adibidez). Lidergo-gaitasun handiko jendea dira entrenatzaileak, jokalari-talde bat ondo kudeatzeko eta garaipen handiak lortzeko gaitasuna dutenak. Oraingoz, ez dira asko esperientzia egiaztatua dutenak; beraz, hutsune horri probetxua ateratzeko bide ona izan daiteke coachingean trebatzea, esate baterako.
Talderik ahaltsuenek psikologoak ere badituzte, taldekideen arteko liskarrak bideratzen laguntzeko. Izan ere, oso ingurune lehiakorra da eSporten mundua. Hau izan ohi da psikologoaren eginkizuna: laneko giro egokia sortzea, estresa murriztea eta taldea ahalmen betean jardunaraztea, batez ere jokoan asko dagoen lehiaketetan.
Fisioterapeutak ere behar izaten dituzte taldeek.Gezurra badirudi ere, neke muskularra eta jarreragatiko lesioak ere eragin ditzake ordenagailuaren aurrean ordu luze aritzeak, saguari eta teklatuari jo eta su eraginez, Counter Striken eta Overwatchen entrenatzen ari zarela.
eSport-en munduko beste profesional batzukBaina, eSporteko taldetan ez ezik, beste zenbait alorretan ere egin daiteke lan industria horretan. Publisherrak, lehiaketa-antolatzaileak eta broadcasting-enpresak ere ari dira aditu eske. Riot Gamesek eta Blizzardek, esate baterako, bideojokoen garapenerako egokiak diren profilak eskatzen dituzte (programatzaileak, grafistak, modelatzaileak, game designerrak, teknologia-aholkulariak..., Big Data analistak…), bere jokoei eduki eta euskarri berriak eskaintzeko.
Bestalde, azken kontsumitzailearen eskuan ere jarri behar dira jokoak. Horregatik, garrantzitsuak dira product managerrak, marketin- eta komunikazio-arduradunak eta community managerrak. Profil hori duten jendea ere erruz eskatzen dute lehiaketa-antolatzaileek, eta lanerako aukera ugari ari dira sortzen kazetari, komunikatzaile eta harreman publikoetako profesionalentzat.
sSporten beste ezaugarri bat hau dugu: ikuskizun hutsa dira, eta SuperBowlak edo NBAren finalak baino ikusle gehiago bil ditzakete; hori dela eta, ikus-entzunezkoen alorreko profesionalak ere behar dituzte: editoreak, bideo-muntatzaileak, multimedia-produktoreak, motion graphicsen diseinatzaileak... Horra geroz eta eskari handiagoa duten lanbideetako batzuk.
Eta ezin ahantzi iruzkingileak (casterrak), lehiaketan gertatzen ari denaren zirrara ikusleei helarazten dietenak, alegia. Sektorea ondo ezagutzen baduzu eta komunikazio-gaitasun handia baldin badaukazu, mundu horretan murgiltzeko aukera eder baten jabe zara, agia
Ohartuko zinenez, hedatzen ari dira eSportak, eta ugariak dira lanerako aukerak. Orain, zeure lekua bilatzeari ekin behar diozu. Animatzen al zara?