Keinu bakoitza garrantzitsua da diru pixka bat aurrezteko hilero, eta, erregaiaz ari bagara, are gehiago. Beraz, irakurri arretaz, autoz egiten dituzun joan-etorrietan erregaia nola aurreztu azalduko baitizugu orain. Nola? Google Maps-ek proposatzen dizun biderik efizienteena erabiliz.
Mugikorreko aplikazioaren aukera berri hau konfiguratzen erakutsiko dizugu, eta nola has zaitezkeen erregaia aurrezten.
Nola funtzionatzen dute erregaia aurrezteko bide efizienteek?
Kontsumoa gehien murrizten duen bidea kalkulatzeko eta, beraz, dirua aurrezteko, hainbat faktore hartzen ditu oinarri Googlek.
Lehenengoa, noski, erregaiaren batez besteko kontsumoa zure eskualdean. Baina baita autoa gelditu eta berriro martxan jartzeko eredua ere. Bestalde, zure Corsa ez da berdin ibiltzen errepidean eta autopistan; beraz, hori ere hartzen dute kontuan. Baita zure ibilbideko goraguneak ere.
Izan ere, horiek guztiek zure autoaren kontsumoari eta CO2-emisioei eragiten diete.
Baina, zalantzarik gabe, zure autoaren motor-mota da faktorerik garrantzitsuena.
Motorraren arabera kalkulatzen du erregai-aurrezkia
Ikusi duzu Google Maps-ek alderdi asko hartzen dituela kontuan energia gehien aurrezten duen bidea kalkulatzeko. Eta motorra da alderdi horietako bat.
Izan ere, ez da gauza bera diesel-auto bat edo hibrido bat. Adibidez, diesel-auto batekin gehiago aurreztuko duzu autopistan gasolina-auto batekin baino.
Bestalde, ibilgailu hibrido eta elektrikoek gutxiago kontsumitzen dute hirian gidatzean. Bide batez, hemen erakutsiko dizugu nola aurkitu kargalekuak Euskadin.
Horrenbestez, motor-motak eragin handia du kontsumoan, eta hori adierazi behar duzu Google Maps aplikazioan, aurrezten lagunduko dizun bidea kalkula dezan. Aukera hauetako bat hautatu beharko duzu menuan:
- Gasolina
- Diesela
- Elektrikoa
- Hibridoa
Hurrengo atalean azalduko dizugu non hautatu behar duzun.
Konfiguratu Google Maps biderik efizienteena erabiltzeko
Esan gabe doa, noski, Google Maps instalatua izan behar duzula mugikorrean edo tabletan. Oraindik instalatu ez baduzu, hemen dituzu aplikazioa deskargatzeko estekak, nola Androiderako hala iOSerako.
Erregaia aurreztuz biderik efizienteena kalkulatzen duen aukera berria konfiguratzeko, jarraitu urrats erraz hauei:
Ireki zure mugikorrean edo tabletan Google Maps aplikazioa. Goialdean, bilaketa-koadroaren ondoan, zure izenaren lehenengo letra ikusiko duzu: zure profila. Sakatzean, zenbait aukera dituen menu bat agertuko zaizu. Ezarpenak botoia hautatu behar duzu.
Hurrengo pantailan, “Nabigazio-ezarpenak” aukera ikusiko duzu.
Eta haren barruan, “Bide-aukerak” blokea, irudian ageri den bezala. Hor, “Eman lehentasuna erregaia aurrezten duten ibilbideei” botoia aktibatu beharko duzu.
Eta, ondoren, zure autoaren “Motor-mota”. Aukeratu zurea eta hasi erregaia aurrezten.
Jarri helmuga, eta hautatu erregaia aurrezten duen ibilbidea
Zure gailua aurreko urratsean esan bezala konfiguratu baduzu, bide efizientea aterako zaizu beti lehenespenez. Baina, nahiago baduzu, une bakoitzean erabaki dezakezu hori, bilaketa-koadroan zure helmuga sartzen duzunean.
- Ireki Google Maps aplikazioa, eta idatzi nora joan nahi duzun.
- Hautatu “Nola iritsi” botoia.
- Ibilbide efizientea aurrez konfiguratu ez baduzu, sakatu goialdeko hiru puntuak, hautatu “Ibilbidearen aukerak”, eta markatu “Eman lehentasuna erregaia aurrezten duten ibilbideei”. Ondoren, aukeratu zure motor-mota.
- Aukeratu orri berdearen ikonoarekin markatutako ibilbidea, eta egiaztatu zenbat gasolina aurreztuko duzun, zenbat denbora beharko duzun iristeko eta ea biderik azkarrena den.
Izan ere, biderik azkarrena efizienteena ere izan daiteke.
Zure ibilbidea Google Maps-en kalkulatzeko aukera gehiago
Googleren aplikazioak zure ibilbidea kalkulatzeko ematen dizkizun aukeren artean, badira ibilbide ekologikoak ere.
Jada erabiltzen baduzu merkatuko bidaia-aplikazio nagusia, jakingo duzu bidesaririk gabeko ibilbideak ere aukeratu ditzakezula, adibidez, edo ferrya hartzeko aukera kontuan hartzea nahi duzun ala ez.
Non gelditu ere ere erants dezakezu, toki jakin batean jan nahi baduzu, esate baterako; ibilbide jakin bat gorde dezakezu, egunero bilatu behar ez izateko; zure kokapena parteka dezakezu geratuta zauden pertsonarekin, eta abar.
Eta orain, autoan zoazenean erregaia aurrezteko aukera berri hau estreinatu dezakezu. Jakina, oinez edo bizikletaz joatea da beti aukerarik ekologikoena 😉.