Ekainaren 15etik aurrera ez duzu  hegazkin moduan  jarri beharko telefonoa  Europan barrena egiten dituzun bidaietan, eta ez duzu Internet desaktibatu beharko whatsappik ez jasotzeko. Eta galdu egiten bazara Pariseko kaleetan barrena, Google Maps erabili ahal izango duzu lasai asko, zure tarifako datuekin. Etxean bazeunde bezala deitu eta nabigatu ahal izango duzu mugikorrarekin Europar Batasun osoan ;)

Zer da roaming-a?

Ahotsaren eta datuen ibiltaritza edo roaming-a zera da: zure mugikorra beste herrialde batean normaltasun osoz erabiltzeko aukera ematen dizun prozesua. Hala, atzerrira joaten zarenean, zure smartphoneko zerbitzuak erabil ditzakezu, deiak egin eta jaso, eta Interneten nabigatu, zauden herrialdeko sareak duen estalduraren bidez.

Orain arte, atzerrian zeundenean egiten zenuen kontsumoak kostu estra bat zuen, zure tarifari gehitzen zitzaiona. Baina, ekainaren 15etik aurrera, roaming-eko kostu estra hori desagertu egingo da Europako Esparru Ekonomikoko 31 herrialdeetan. Beraz, etxean bezalaxe erabili ahal izango duzu smartphonea atzerrian, inolako kostu gehigarririk gabe. Kontsultatu hemen zer herrialdetarako balio duen aldaketak eta zein diren baldintzak.

Deiei bakarrik eragiten die aldaketak edo Interneti ere bai?

Biei: deiei eta Interneti. Adibide bat jarriko dizugu. Orain arte, muga pasatu eta beste herrialde batera joaten zinenean, zure Euskalteleko mugikorreko eguraldiari buruzko aplikazioak —adibidez— edo sartzen zitzaizkizun Whatsappeko mezuek kontsumitzen zituzten datuen kostua ez zen sartzen zure tarifan. Baina hilaren 15etik aurrera, kito: Europar Batasuneko herrialdeetan, Norvegian, Islandian eta Liechtenstein-en, hemen bazeunde bezala erabili ahal izango dituzu Euskaltelekin duzun tarifaren datuak. 

Eta deiekin, berdin: lehen, atzerrira joatean,, kostu estra bat ordaindu behar izaten genuen egiten genuen dei bakoitzeko. Orain, beraz, Venezian baldin bagaude eta Gasteizko lagun bati deitu nahi badiogu Euskaltelen gure mugikorretik, Bilbon bizi eta Iruñeko lagun bati deitzean ordaintzen dugun zenbateko berbera ordainduko dugu.

Eta hemendik atzerrira deitzen badut?

Oso garrantzitsua da ez nahastea roaming-a eta nazioarteko deiak. Etxean zaudela Italiako edo Frantziako telefono-zenbaki batera deitzen baduzu Euskaltelen mugikor batetik, NAZIOARTEKO DEI bat da hori, eta, beraz, orain arteko prezio bera izango du. Aldiz, Parisen zaudela etxera deitzen baduzu, hori roaming-tzat jotzen denez, zure tarifan sartuko da dei hori, eta, beraz, ez duzu gehiago ordaindu beharko. Eta Frantzian zaudela Italiako zenbaki batera deitzen baduzu? Aparte ordaindu behar da? Ez. Eta Frantzian zaudela Italiako zenbaki batera deitzen baduzu? Ezta ere.

Roaming zerbitzua aktibatua baduzu dagoeneko mugikorrean, ez duzu besterik egin behar abantaila berri hau erabiltzen hasteko. Eta oraindik ez baduzu aktibatua, ez kezkatu, oso erraza baita aktibatzea: sartu zure Bezeroaren Gunean, eta aktibatu roaming-aEuskaltelen aplikaziotik ere aktiba dezakezu, edonon zaudela ere. Gorde ondo eguna agendan. Ekainaren 15etik aurrera, ez duzu aitzakiarik izango Landetan egun bat gehiago gelditzea erabaki duzula ez abisatzeko, eta nahi adina aldiz igo ahal izango duzu sare sozialetara zeure buruari Pisako dorrearen ondoan egin diozun argazkia.

Seguru egon nahi duzu oporretarako aukeratu duzun herrialdea roaming-a desagertuko den herrialdeetako bat dela eta, beraz, arazorik gabe egin ditzakezula deiak edo konekta zaitezkeela Internetera mugikorreko zure tarifa erabilita? Kontsultatu gure webgunean  roaming-aren kostu gehigarria desagertuko den herrialde guztien zerrenda. Eta zalantzarik baduzu, galdetu lasai blogeko iruzkin-atalean edo gure sare sozialetan.