Aran eta Nora dira Bihotz Parisen arima, modaren bidez euskara eta euskal kultura mundu osora zabaltzen dituen arropa-marka bat. Eta asko dakite arimaz eta bihotzaz. Parisen bizi dira, eta, Euskal Herriarekiko sentitzen duten herriminak bultzatuta, proiektu harrigarri hau jarri dute martxan, eta “atzerrian euskararekiko interes harrigarria sortu du”.

Haiekin hitz egin dugu, eta kontatu digute zein hitz gustatzen zaizkien gehien, zein dituzten inspirazio-iturriak... eta askoz gehiago ere bai.

Literaturaren eta modaren arteko oreka ezin hobea aurkitu duzue. Nola sortu ziren ideia eta izen polit horiek?

Bihotz Parisen, arropa atenporala sortzen dugu; hau da, moda iraunkor jasangarria merkaturatzen dugu euskarazko mezuekin. Gure helburua da, modaren bitartez, euskara eta euskal kultura munduan zehar ezagutzera ematea.

Geure unibertsoa paregabea da, geure bizitzeko modua eta pasioak irudikatzen baititu. Izan ere, elegantzia frantsearekin nahastutako unibertso bat sortu dugu, literatura eta poesia modarekin bateratuz.

Moda arte mota bat da eta, beraz, tresna oso baliagarria da sentimenduak adierazteko. Guk Euskal Herriarekiko izugarrizko herrimina daukagu. Horrexegatik, geure ama hizkuntza sustatzea erabaki dugu, moda jasangarriaren bidez.

Literaturaz gain, artean eta zineman ere inspiratu gara geure bildunak sortzerako orduan. Bereziki, 60. hamarkadaren maitaleak gara.

Zein hitz gustatzen zaio gehien jendeari?

Jakinmin hitza oso gustuko du jendeak. Hitz horrek etimologia interesgarria dauka. Izan ere, bi hitzez osaturik dago: alde batetik, “jakin” hitza eta, bestetik, “mina”. Beraz, jakinmina “jakiteko mina’ dela esan dezakegu. Eta min hitzak binozmina eta desioa adierazten ditu aldi berean.

Gure Instagram kontuan esaten dugun bezala: In Basque we don’t say curiosity, we say jJakinmin which means “pain for knowing”.

Bihotz París: jakinmin

Zein da zuen inspirazio-iturria?

Literatura biziki maite dugu. Orokorrean liburu asko irakurtzen ditugu, batez ere enakume idazleenak. Oso ikastunak garela esan dezakegu, Parisen idazketari buruzko masterclassetan hartzen dugu parte eta frantsesez, ingelesez, gazteleraz eta euskaraz mintzatzen gara.

Geure ustez, kultura bat ondo ulertzeko, funtsezkoa da haren hizkuntza menperatzea.

Hasier Etxepareren twitter harian inspiratu ginen hasiera batean, baina bere hitz jokoa urrunago eraman nahi izan genuen eta ingelesera itzuli genuen nazioartean geure ama hizkuntza sustatzeko.

Bihotz París, moda sostenible con mensajes en euskera

Moda kontzientearen aitzindariak zarete: slow fashion da zuena, eta ez fast fashion. Zuen izaeragatik al da? Nola kudeatzen dituzue jasangarritasuna eta ingurumenaren zaintza?

Naturarekiko errespetu handia eduki dugu betidanik. Euskal Herrian jaioak gara biak eta mendiz inguraturik zegoen ikastola batean ikasi genuen. Beraz, naturaz inguraturik bizi eta hezi izan gara. Gainera, ehungintza eta Fast Fashion arloari buruzko ikerketa lanak egin ditugu. Hori dela eta, moda munduaren kutsadura eta lan baldintzak aztertzeko aukera izan dugu.

Sektore honetan alternatiba jasangarri gutxi daudela konturatzerakoan, kontsumitzaileei aukera arduratsu bat eskaintzea bururatu zitzaigun. Izan ere, gaur egungo gizartean modaren industriak izugarri kutsatzen du eta gure markaren oinarria bezeroei produktu jasangarriak eskaintzea da. Beraz, marka sortzeko orduan material ekologikoak eta ekoizpen metodo etikoak erabili genituen. Alegia, Binotz Parisen DNA jasangarria da eta gure ekoizpena kotoi organikoz eginda dago. Berez, gure ekoizpen arduratsua bermatzeko hiru label dauzkagu: GOTS, Fair Trade eta Fair Wear Foundation.

Bihotz París, sostenibilidad

Espero zenuten halako arrakasta lortzea?

Arrakasta definitzea zaila da. Momentuz oso pozik gaude izan dugun harrerarekin. Benetan eskertzen diegu lagundu eta babestu gaituzten pertsona guztiei. Pozik esan dezakegu geure helburua lortzen ari garela, euskararekiko interes harrigarria sortu baitugu atzerrian. Gure markak urte bat bete du uztailean eta abiatze ederra izan dugula esan dezakegu. Oihartzun ikaragarria izan dugu prentsan eta emaitza positiboak lortu ditugu. Gaur egun, Stylist, Marie Claire, SModa eta bestelako aldizkari batzuek Bihotz Parisi buruz hitz egiten dute. Euskal etimologiarekiko interes handia piztu dugula ohartu gara.

Euskadiko jendeak erosten dizue batez ere, edo Paristik eta munduko beste leku batzuetatik ere animatzen da jendea?

Bezero frantses asko ditugu, iparraldekoak eta Pariskoak, noski. Parisen hainbat ekitaldi egin ditugu, adibidez MADE.COM-eko showroom famatuan gure lehenengo bilduma aurkeztu genuen Gabonetako merkatuan eta arrakasta itzela izan genuen. Horrez gain, gero eta atzerritar gehiagok erosten dute: Estatu Batuetatik, adibidez.

Zer nolako oihartzuna izan duzue nazioartean?

Hiriburu handietako jende eta marka asko gurekin harremanetan jarri dira kolaborazioak eta ekitaldiak batera egiteko. Nazioarteko filologoek ere kontaktatu gaituzte ideiak proposatzeko. Guretzat harreman hauek edukitzea oso aberasgarria izan da. Bestalde, atzerriko Euskal Etxe anitzekin kontaktuan gaude.

Onlineko denda izan da zuen tresnarik onena. Nola lagundu dizue teknologiak zuen negozioan?

Nolabait, online saltzeak ekologikoagoak izatera lagundu digu. Adibidez, guk izakinik gabe egiten dugu lan. Hau da, gure online dendan produktuak aurkezten ditugu eta bezero batek erosterakoan, gure atelierrak ekoizpen prosezua hasten du.

Bestalde, sare sozialetan geure lana aurkeztea oso aberasgarria izan da, Komunitate bat sortu baitugu. Euskararen maitale guztiak elkartu ditugu eta geure misioaren parte dira gaur egun.

Bihotz París: tienda online

Lehendik esperientzia handia zenuten marketinean eta komunikazio digitalean. Hori izan da Instagramen halako arrakasta izateko gakoetako bat?

Alde batetik, Instagram tresna menperatzeak asko lagundu digu, esperientzia handia baitaukagu arloan. Guk sektore horretan egin dugu lan azkeneko urteetan, batez ere moda jasangarrian eta diseinuaren eta artearen arloan baita ere. Bestetik, biak sormenean oso trebeak gara, eta balio handia ematen diogu horri.

Geure nazioarteko ikasketetan eta lan-esperientzietan, sormenezko pentsaera garatu dugu. Adibidez, brainstorming teknika erabiltzen dugu, euskaraz “burmuin ekaitza’” deituko genukeena. Teknika hau erabiltzen dugu, besteak beste, ideia originalak aurkitzeko.

Horrekin lotuta, kanpaina eder bat jarri zenuten martxan konfinamenduan, #openyourbihotz, osasun-arloko langileei pertsona anonimoen mezuak helarazteko. Kanpaina hari buruz galdetu aurretik, beste kontu bat: zer moduz moldatu zineten egoera hartan, etxetik urrun egonda?

Horrelako egoera bat etxetik kanpo bizitzea ez zen erraza izan, ziurgabetasuna sentitu baikenuen hasiera batean. Zorionez, inguruan ez genuen arazorik izan eta ez zuen gugan eragin handirik izan.

OPENYOURBIHOTZ proiektua osasun arloko langileei eta gaixoei indarrak emateko asmoz dortu genuen sare sozialetan. Gure helburua egoera horren aurrean gehien sufritzen ari ziren pertsonei motibatzeko irudiak, argazkiak, gutunak eta horrelakoak bidaltzea izan zen. Nolabait jendeak kolektibo hauei bihotza irekitzeko helouruarekin sortu genuen.

Urruntasun momentu horietan, gaixoek, medikuek eta erizainek mezu lagungarriak jasotzea lortu genuen: kKartak, marrazkiak, abestiak...

Bihotz París, openyourbihotz

Zer-nolako erantzuna izan zuen kanpainak? Zer mezu gustatu zitzaizuen gehien?

Momentu zail horrek alde onak erakutsi zizkigun. Gure proiektuaren kasuan, jendea oso solidarioa eta eskuzabala izan zen. Pertsona askok gutun eta marrazki ederrak bidali zizkiguten.

Neska batek Ken Zazpi taldearen “Itsasoa gara” abestiari erreferentzia eginez, itsaso eder bat marraztu zuen. Malko guztiei esker elkarrekin sortu genuen itsaso bat adieraziz. Benetan ideia polita eta artistikoa iruditu zitzaigun.

Zein dira zuen hurrengo erronkak?

Beste emakume enpresa sortzaileei laguntzea. Guretzako oso garrantzitsua da ahizpatasun edo sororitate horretan lan egitea. Hori dela eta, gero eta emakume gehiago aipatzen ditugu gure sareetan eta beraiei buruzko artikuloak idazten ditugu gure blogean. Beste emakume batzuekin elkarlanak egiten ditugu baita ere.

Gainera, umeentzako bilduma bat aterako dugu laster, eta horretan gabiltza lanean.

Baduzue asmorik Euskadira itzultzeko?

Sarritan bueltatzen gara Euskal Herrira, herrimin itzela sentitzen baitugu. Itsasoaren eta mendiaren falta sumatzen dugu bereziki. Hala ere, atzerrian bizitzea oso esperientzia aberasgarria da. Beste herrialde batean enpresa bat sortzeak begiak ireki dizkigu. Eta gure bizitzeko era etengabeko ikasketa bat dela esan dezakegu.

Zer egiten duzue herrimina sentitzen duzuenean?

Askotan euskal musika entzuten dugu eta horrek asko laguntzen digu. Gainera, Parisen Euskal Etxe bat dago eta bertara goaz maiz, ekitaldi interesgarriak egiten baitituzte. Pasa den urtean San Tomaseko azoka antolatu zuten eta bertan parte hartu genuen.

2021erako desio bat?

Alde batetik, osasun krisi hau laster bukatzea eta gutxinaka normaltasunera bueltatzea gustatuko litzaiguke. Bestetik, geure proiektua munduan zehar ezagutarazten jarraitu nahi genuke, eta kolaborazio interesgarriak abian jarri.

Munduko zorte guztia proiektu polit honekin.

Eskerrik asko Bihotz París!!