Izerdi pixka bat botaraziko dizugu hil honetan. Gabonak ate joka ditugu dagoeneko, eta, beraz, kalterik ez kirol pixka bat egiteak; bi lasterketa ezagun ditugu agendan: Behobia-Donostia eta Bilboko Herri Krosa. Horiez gainera, eSporten lehiaketarik ezagunena ere hil honetan dugu:GameGune. Eta aisiaz gain, tolerantzia eta berdintasuna ere hizpide izango ditugu.
Behobia-Donostia
Urtero-urtero, milaka korrikalari abiatzen dira Behobiatik Donostiako Boulevarderaino: 20 km. Tarte horretan, Gaintxurizketa Gain eta Mirakruz Gain beldurgarriak daude, eta zangoak txikitzeko moduko aldapa gora eta beherak. Horiek guztiek Euskadiko lasterketarik herrikoien, ospetsuen eta gogorrenetako bat bihurtu dute Behobia-Donostia. Han izango gara aurten ere, mundu guztiko beste korrikalari askorekin; haien artean, gero eta emakume gehiago gainera!
Baina Behobia-Donostia ez da lasterketa eguna soilik, bai zera! Hilaren 9an eta 10ean Behobia-Donostia Azoka egiten da Irungo Ficoban: lasterketari buruz jakin nahi duzun guzti-guztia aurkituko duzu han 4.000 m2-ko espazioan: erakustokiak, hitzaldiak eta sorpresa pila, lasterketa aurreko beroketa-ariketa gisa! A, eta ez baduzu ihes egitea nahi lasterketaren xehetasun bakar batek ere, deskargatu Androiderako eta iOSerako aplikazioa.
Herri Krosa
Astebete geroago, beste lasterketa klasiko bat, oraingoan Bilbon. Ez da Behobia-Donostia bezain lasterketa gogorra, baina primeran pasatzeko behar diren osagai guztiak ditu Herri Krosak. Ibilbideak ez ditu hainbeste aldapa gora eta behera, eta, beraz, ez da hainbeste sufritzen; adin askotariko jendeak hartzen du parte, eta aukera paregabea da gainera Bilboko kale nagusiak ezagutzeko. Gainera, Behobia-Donostia lasterketa amaitu eta astebetera egiten denez, hilaren 18an, ez duzu aitzakiarik!
GameGune
Hainbeste lasterketaren ondoren, zer moduz kirol... elektroniko pixka bat? Hilaren 16an eta 17an, GameGune egingo da Gasteizko Europa Jauregian, Euskaltel Konektak antolatzen duen eSporten nazioarteko lehiaketa. Aurten, 32.000 € banatuko du saritan. Egitarau ikusgarria duzu bi egunetarako: Clash Royale, Fifa 19, HearthStone eta, batez ere Counter Strike: Global Offensive-ren finala, lehiaketa honetako erreferentziazko kirol elektronikoa, zalantzarik gabe. Sarrera doakoa da, leku guztiak bete arte. Beraz, hartu garaiz lekua!
LGTBIren berdintasuna
Ortzadar LGTB Elkarteak LGTBIren berdintasun-politikei buruzko lehenengo topaketa egingo du abenduaren 29an eta 30ean Bilboko Bizkaia Aretoan. Eztabaida-foro interesgarria da, parte-hartzaile ugari izango dituena; besteak beste, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua; Teresa Laespada, Enplegua, Gizarte inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatua; Itziar Urtasun, Bilboko udaleko Berdintasuneko zinegotzia; eta Nerea Lupardo, Euskalteleko Harreman Instituzionalak saileko zuzendaria. Horietaz gainera, unibertsitate-eremuko beste zenbait adituk ere parte hartuko dute. LGTBIE taldeko kideek hainbat eremutan bizi duten egoeraren inguruko eztabaida piztea da foroaren helburua, egoera hori hobetzeko eta aniztasun afektibo-sexualaren eta genero-aniztasunaren inguruko jardunbide egokiak bultzatzeko.
Ikusten duzunez, bete-betea daukagu azaroko agenda: kirola eta berdintasunaren sustapena ditugu ardatz, baina entretenimenduari muzinik egin gabe! Eta data-arazorik gabe gainera! Beraz, anima zaitez, eta hartu parte!