Kultura, berdintasuna, dibertsioa… Agenda bete-betea eta dibertigarria prestatu dizugu hil honetarako; beraz, hartu zure mugikorra, ireki eginbeharrak antolatzeko gustukoen duzun aplikazioa eta hasi prestatzen. Ezin duzu bat bera ere huts egin.

  • Women in progress. Inoiz entzun duzu ezer genero-arrakalari buruz? Gure bloga irakurtzen baduzu, seguru baietz; izan ere, horixe da teknologia-arloko lanbideek duten arazo nagusietako bat. Asko kostatzen zaigu neskak ikasketa teknikoetan, STEM gaietan, matrikulatzea: zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika. Datu bat: gradu horietako ikasleen % 20 baino gutxiago dira emakumeak. Zer esanik ez Lanbide Heziketako ikasketetan; zenbakiak are nabarmenagoak dira. Eta bitxiena da mundu gero eta teknologikoagoan bizi garela; enpresek sortzaileak behar dituzte, eta lan teknikoak betetzeko prest dauden pertsonak. Horregatik, oso garrantzitsua da neskak arlo horietara hurbiltzea. Bada, horixe da Women in Progressen helburua: topagune bat da, non zenbait emakumek beren arrakastaren istorioak kontatzen baitituzte. Bilbon eta Gasteizen egingo dira, hilaren 26an eta 30ean. Ez hutsik egin; neskek, batez ere.

  • Gipuzkoa Encounter 13 (Tolosa). Non-stop informatiko bat: 400 ordenagailu, segundoko 10 Gb-eko abiaduran nabigatzeko, hiru egunez; arte digitaleko eta ilustrazio eta musika digitaleko jarduerak, software librearen ginkana bat... eta askoz gehiago. Horixe zen aukera, baina jada ez dago tokirik: antolakuntzak prestatutako 400 ordenagailu-plazak di-da batean bete ziren, aldez aurreko izen-ematea hasi bezain laster. Ez kezkatu, hala ere. Informatikak zoratzen bazaitu eta zure PCak zientzialari ero baten laborategiaren itxura badu, Gipuzkoa Encounteren Openguneko zirkuitu irekietan duzu aukera, hilaren 22an eta 23an,Tolosako Usabal Kiroldegian. Ezin hobeto pasatuko duzu teknologiarekin. Apuntatu: erosketa elektroniko seguruei buruzko hitzaldiak, backupak, datu-analisiak, tailerrak… Ikaragarria. Ez galdu esperantzarik; oraindik garaiz zaude itxarote-zerrendan apuntatzeko, ea norbaitek baja ematen duen... Zorte on!

  • Arabako Bertsolari txapelketa. Eta, esan dizugun bezala, hilabete hau ezin hobea da kulturari, inprobisazioari eta euskarari bide emateko, eta gure bertsolari onenetako batzuk entzuteko. Ezin duzu huts egin Arabako Bertsolari txapelketako final handia; hilaren 30ean egingo da, Gasteizko Principal Antzokian. Baina finalera iritsi aurretik, bi finalaurrekoak dituzu: Legutioko eta Dulantziko kultur etxeetan egingo dira, hilaren 9an eta 16an. Hala, hiztegia pixka bat praktikatzen has zaitezke, hilaren 4an iritsiko da-eta Korrika!
  • Euskal Kostaldeko Museoak. Euskal Kostaldeko Museoen hilabetea da martxoa. Badakizu zer esan nahi duen horrek? Hil honetan, jarduera, mordoa egin ahal izango duzu, horietako asko doan, gure kostaldeko museoetan (ia 40 museo). Gure antzinako baleontzien sekretuak ezagutuko dituzu; gure arbasoen labar-pinturak; nazioarteko jostun ospetsuenetako baten lanak; antzinako burdinolen jarduera, eta txakolina egiteko prozesua. Jarduera horietako gehienak familian egiteko pentsatuta daude: haurrentzako jolasak, bisita gidatuak, doako sarrerak… Proposamen horietako asko hilabete honetan bakarrik egingo dira, eta, beraz, ez galdu denbora, eman begiratu bat prestatu dituzten ekintzei, eta erreserbatu lehenbailehen.

Eta zuk, martxoan den eta huts egin ezin dugun beste jarduerarik ezagutzen duzu? Bada, konta iezaguzu iruzkin batean!