BAT txartela Gasteizko hiri-garraioan, tranbian eta foru-zerbitzuetan erabiltzeko txartel bidezko ordainketa sistema bat da. Hemen kontatuko dizugu nola eskatu, zer BAT-txartel mota dauden, zer tarifa eta deskontu, eta nola karga dezakezun zure telefono mugikorrarekin.
BAT txartela bidaide paregabea da Arabako hiriburuan eta inguruan ibiltzen bazara. Hiribusetan, tranbian eta AlavaBusen lineetan erabil dezakezu. Euskadiko beste mugikortasun-zerbitzu batzuetan ere bai, hala nola Donostiako Dbusen eta Bilboko tranbian eta metroan.
Kontakturik gabeko txip bidezko diru-zorro moduko bat da, saldoa kargatzeko aukera eta aldi baterako abonuak eskaintzen dituena. BAT txartel pertsonalizatua erabil dezakezu, edo BAT txartel generiko bat, bestela (eta partekatu: erabiltzaile bakoitzak baliozkotu beharko du bidaia bakoitzean). Hona hemen xehetasun guztiak:
BAT txartel-motak
Hiru BAT txartel-mota daude:
1) BAT orokorra. Anonimoa da (ez du argazkirik), multipertsonala eta besterengarria. Hainbat lagunek erabil dezakete, alegia.
BAT orokorra baduzu, doan pertsonaliza dezakezu, BAT pertsonalizatua lortzeko.
2) BAT pertsonalizatua. Diru-zorro txartel pertsonala da (argazkia du).
BAT pertsonalizatuarekin 30D aukera ere badaukazu, hogeita hamar egunez tranbiaz eta autobusez nahi adina bidaia egiteko. Dena den, txartel bereziak daude 15 urtetik beherakoentzat, familia ugarientzat, % 33tik % 64ra arteko desgaitasuna dutenentzat, txartel sozialaren onuradunentzat eta 26 urtetik beherakoentzat (BAT 30D Gaztea). Horietako bakoitzak bere betekizun eta hobariak ditu.
-
15 urtetik beherakoak. 14 urtetik beherako txikiek doan bidaia dezakete BAT txartelarekin, 5 urtetik aurrera autobusez ibiltzeko, eta 6 urtetik aurrera tranbiarako.
-
Familia ugariak.
-
% 33 eta % 64 arteko desgaitasuna dutenak. Honetarako, eskatzaileek hainbat betekizun bete behar dituzte: % 33 eta % 64 arteko desgaitasuna izatea, Gasteizen erroldatuta egotea, taxi-abonuaren programako laguntzarik ez jasotzea eta ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa halako 2,5 baino diru-sarrera txikiagoak izatea.
-
Txartel sozialaren onuradunak. Gizarte Larrialdiko Laguntzen, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta/edo udal-prestazio ekonomiko eta ez-ekonomikoen titularrek edo hobaridunek eska dezaketen txartela.
-
26 urtetik beherakoak (BAT 30D Gaztea). Txartel hau eska dezakezu 26 urte baino gutxiago badituzu, Gasteizen erroldatuta bazaude eta zure diru-sarrerak ondorio askotarako errenta-adierazle publikoa halako 2,5 baino txikiagoak badira.
3) BAT Berezi. Ondorio askotarako urteko errenta-adierazle publikoa halako 2,5 baino diru sarrera txikiagoak eduki eta 65 urtetik gora dauzkaten edo % 64tik gorako desgaitasuna dutenentzat da txartel hau.
Non eskatu BAT txartela
Oro har, hemen eska dezakezu BAT txartela, nahi baduzu:
-
Tranbiaren Informazio Bulegoa
-
Autobus-geltokietan eta geraleku batzuetan kokatutako makinak (Boulevard, Antso Jakituna eta Legebiltzarra).
-
Boulevardeko, Mendizorrotzeko eta Euskal Herria Bko BEI lineako geralekuetan kokatutako makinak.
Kontuan izan, dena den, BAT txartel pertsonalizatu mota batzuk aurrez aurre bakarrik eska daitezkeela.
-
25 urtetik beherakoentzako BAT txartela. Eskaera amak, aitak edo tutoreak egin behar du, eta online egin daiteke Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoan; edo aurrez aurre, bestela, Herritarren Arreta Bulegoan (hitzordua hartuta, betiere).
-
Familia ugarientzako BAT txartela. Hau, ordea, aurrez aurre bakarrik eska daiteke, beharrezko dokumentazio guztia aurkeztuta. Begiratu zer bulegotan eska dezakezun familia ugarientzako BAT txartela.
-
%33 eta % 64 arteko desgaitasuna dutenentzako BAT txartelak. Hau ere aurrez aurre bakarrik eska daiteke. Begiratu zer bulegotan eska dezakezun desgaitasuna dutenentzako BAT txartela.
-
Txartel sozialaren onuradunentzako BAT txartela. Txartel hau aurrez aurre bakarrik eska daiteke herritarrentzako San Antonioko arreta-bulegoan.
-
26 urtetik beherakoentzako BAT 30D txartela. Ikusi zer bulegotan eska dezakezun BAT 30D txartela aurre aurre.
BAT Berezi txartela ere aurrez aurre eskatu beharko duzu:
Non eskatu desgaitasuna dutenentzako BAT Berezi txartela
Non eskatu 65 urtetik gorakoentzako BAT Berezi txartela
BAT txartela eskatzeko behar duzun dokumentazioa
BAT txartela eskatzeko, beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar duzu:
-
Eskatzailearen NANa, AIZa edo pasaportea.
-
Argazki bat (BAT orokorrerako izan ezik).
-
BAT berezietarako, bakoitzari dagokion baldintza frogatu behar da: familia ugaria, txartel sozialaren erabiltzailea, desgaitasuna duen pertsona eta abar.
BAT txartel pertsonalizatua, oro har, zazpi urteren buruan iraungitzen da, eta gero berritu egin beharko da.
Horrez gain, batzuetan sarriago frogatu beharko duzu betekizunak betetzen jarraitzen duzula; adibidez, txartel sozialaren onuradunentzako BAT txartelaren kasuan.
Doan al da BAT txartela eskatzea?
BAT txartelak 3 euroko kostua du. Ez da saldo-karga gehigarri bat, baizik eta txartela eskuratzeko ordaindu beharreko zenbatekoa.
Hainbat lekutan ordain ditzakezu 3 euro horiek:
-
Herritarren Arreta Bulegoak.
-
Kutxa edo banku baimenduak (baina Herritarren Arreta Bulegoetan emandako ordaintze-agindua beharko duzu).
-
Tranbia-geralekuetako makinak.
BAT txartelaren tarifak eta deskontuak
BAT txartelak erosoago ordaintzeko balio du, eta deskontuak eta hobariak ematen ditu, gainera. Horiek zure txartel-motaren araberakoak dira, eta sarri eguneratzen dira; horrexegatik, webgune ofiziala begiratzea gomendatzen dizugu, egunero busetarako, gauekoetarako (Gautxori), udalerriko herrietarako (Bux) edo tranbiarako tarifa eguneratuak begiratzeko, bai eta bonuen prezioak eta autobusen, tranbien eta bataren eta bestearen arteko garraio-aldaketen hobariak kontsultatzeko ere.
Kontsultatu BAT txartelaren tarifa guztiak.
Nola kargatu BAT txartela
BAT txartela diru-zorro gisa erabiltzeko, kargatu egin behar duzu. Gutxienez 5 eurorekin kargatu beharko duzu, eta 90 eurorekin gehienez. Hainbat eratan kargatu dezakezu:
-
Zure mugikorretik, BAT NFC aplikazioa erabiliz. App ofizial eta doakoa da, txartela kargatzeko eta saldoa eta mugimenduak egiaztatzeko aukera ematen duena, baina ez zuzenean ordaintzekoa. NFC teknologia duten Android mugikor eta tabletetan besterik ez dabil.
-
Tranbiaren eta bus elektriko adimendunaren (BEI) geralekuetan dauden makinetan. Normalean, eskudiruarekin edo txartelarekin kargatu daiteke.
-
Kutxabanken kutxazain gehienetan (banku horretako erabiltzaile ez izan arren).
Eta nire BAT txartela galtzen badut, zer?
BAT txartel orokorrak ezin dira ordeztu, ez baitaude erabiltzaile jakin bati lotuak, baina beste bat eska dezakezu.
BAT txartel pertsonalizatu bat galduz gero, berria eskatu behar duzu Tranbiaren Informazio Bulegoan. Gauza bera, txartela hondatzen bazaizu.
Informazio gehiago eta harremanetarako datuak
Hona hemen laguntza eskatzeko helbidea, telefonoa eta webgunea, zure BAT txartelarekin edozein zalantza edo arazo baduzu ere.
Tranbiaren Informazio Bulegoa, Gasteiz.
Telefonoak: 945 135 554 / 944 333 333
Webgunea: http://www.euskotren.eus/
Espero dugu BAT txartelaren gida hau erabilgarria irudituko zaizula eta Gasteizen gora eta behera ibiltzeko dakartzan abantailez gozatzen lagunduko dizula.
