Zeinen erosoa den Barik txartelarekin ordaintzea autobusean, metroan, tranbian... Izan ere, Barik txartelarekin, erraz-erraz ibil zaitezke Bizkaiko garraiobide publiko guztietan. Hemen azalduko dizugu nola egin dezakezun Barik txartela, zer Barik txartel mota dauden, nola eduki dezakezun Barik txartela mugikorrean, zer aukera ematen dituen familia ugarientzat, zenbat balio duen, zer tarifa dauden eta askoz gehiago.
Barik txartela: zer den eta zenbat balio duen
Barik txartelarekin, Bizkaiko garraiobide publiko guztietan ibil zaitezke hobaridun prezioan, hau da, banakako txartelak erosita baino merkeago.
Barik txartela egiteak 3 € balio du, gutxieneko karga 5 € da eta gehienezkoa 90 €, eta bidaiak egin ahala deskontatzen da dirua txarteletik. Zazpi urterako balio du; denbora-tarte horren ondoren, beste Barik txartel bat erosi behar duzu.
Erabiltzeko, nahikoa duzu txartela irakurgailura hurbiltzea edo Barik Mobile erabiltzea, hau da, zure txartel pertsonalizatuaren mugikorrerako bertsioa, zeina erabilgarri baitago NFC duten Android gailuetarako.
Non erabil dezakezu Barik txartela?
Bizkaiko garraiobide publiko hauek ematen dizute aukera Barik txartela baliatzeko:
- Autobusa: Bizkaibus, Bilbobus, Etxebarri Bus, Erandio Bus, Kbus (Barakaldo), Lejoan Busa (Leioa), Sopelbus (Sopela), Galdabusa (Galdakao).
- Trena: Metro Bilbao, tranbia, EuskoTren, Renfe, Feve.
- Kablea: Bizkaiko zubia (Zubi Esekia) , Artxandako funikularra, Larreinetako funikularra, Ereagako igogailua.
- Beste zerbitzu batzuk: Portugaleteko txalupak eta Leioa, Etxebarri, Ibarbengoa eta BECeko aparkalekuak.
Eta Bizkaitik kanpo ere erabil daiteke Barik? Bai, garraiobide hauetan:
- Euskotren (Bilbo-Donostia-Hendaia ibilbidea).
- Gasteizko tranbia.
- Gasteizko hiriko autobusak.
- Alavabusen eta Transporte Comarcalen lineak.
- DBUSen lineak (Donostia).
Barik txartel motak

Irudia: Bizkaiko Garraio Partzuergoa
Barik txartela egin aurretik, komeni zaizu jakitea zer motatakoak dauden:
- Barik txartel anonimoa: zorro-txartel gisa funtzionatzen du, eta besterengarria da, hau da, edonork erabil dezake. Gainera, 10 pertsona ere pasatu daitezke kontroletik txartelarekin aldi berean.
- Barik txartel pertsonalizatua: izenduna eta besterenezina da. Txartelaren titularrak bakarrik balia dezake.
Barik txartelean kargatu ditzakezun titulu-modalitateak

Irudia: Bizkaiko Garraio Partzuergoa
Eta garrantzitsua da jakitea zer titulu-modalitate kargatu ditzakezun Barik txartelean:
Zorroa
Bidaiatzen duzun bakoitzean deskontatuko da saldoa.
- Creditrans tituluak txartel pertsonalizatuekin eta anonimoekin hobaridun prezioetan erabiltzeko balio du.
- Gizatrans titulua, berriz, 65 urtetik gorakoentzako edo ezintasunen bat duten pertsonentzako hobaridun modalitatea da, eta txartel pertsonalizatuekin bakarrik eskuratu daiteke.
Aldi baterako titulua
Txartel pertsonalizatuetarako bakarrik balio du, eta aukera ematen dizu kargatzean hautatutako eremuetan eta denbora-tartean bidaiatzeko.
- Bidai (gehienez 50 bidaia elkarren segidako 30 egunetan)
- Bidai 70 (gehienez 70 bidaia elkarren segidako 30 egunetan)
- Gazte 70 (Bizkaian erroldatutako 26 urtetik beherakoentzat; gehienez 70 bidaia elkarren segidako 30 egunetan)
- Bidai Oro (nahi adina bidaia elkarren segidako 30 egunetan)
- Gazte Oro (Bizkaian erroldatutako 26 urtetik beherakoentzat; nahi adina bidaia elkarren segidako 30 egunetan)
Familia ugarientzako Barik txartela
Familia ugari bateko kidea bazara, Barik txartelean Familia ugaria profilarekin kargatu dezakezu Creditrans zorroa, zeina pertsonala eta besterenezina baita. % 20ko deskontuak aplikatzen ditu kategoria orokorrean eta % 50ekoak kategoria berezian.
Barik txartelaren tarifak

Irudia: Bilbobus
Nolakoak dira Barik txartelaren tarifak? Aukeratutako txartel-modlitatearen arabera, aldatu egiten dira tarifak; alegia, ez dute prezio bera zorroak, aldi baterakoak edo familia ugarientzakoak. Eta garraiobide-motaren arabera ere aldatzen da tarifa. Ez du prezio bera autobuseko edo metroko bidaiak.
Tarifak urte batetik bestera alda daitezkeenez, onena duzu bidaia bakoitzean ordaindu beharreko prezioak CTB-Bizkaiko Garraio Partzuergoaren webgunean kontsultatzea: Indarrean dauden Barik tarifak.
Behin jakinik zer Barik txartel dauzkazun eskura, zer titulu-mota kargatu ditzakezun eta zenbat balio duen bakoitzak, heldu da zure txartela egiteko ordua.
Nola egin Barik txartela?

Barik txartela egiteko, bi urrats egin behar dituzu:
- Barik txartela erosi.
- Barik txartelaren tituluak erosi.
Barik txartela erosi
Lehenik eta behin, Barik txartela erosi behar duzu. Ez dago Barik txartela online erosterik. Fisikoki joan beharko duzu aukeratutako modalitatearen arabera salgai dauzkazun lekuetako batera:
Barik anonimoa erosteko:
Leku hauetan eros dezakezu Barik anonimoa:
- Txartelak sartzeko makinak Metro Bilbaon, Renfen, Euskotrenen, tranbiaren Atxuriko geltokian eta Plaza Biribileko Turismo Bulegoan.
- Bizkiko Zubiaren eta Artxandako eta Larreinetako funikularren instalazioetan.
- Bilbobuseko eta Bizkaibuseko kabinetan.
- Barik txartelaren logotipoa daukaten Bizkaiko kiosko, estanko eta beste denda batzuetan.
Barik anonimoa zure izenean jartzeko aukera ere baduzu; hartara, txartela galtzen baduzu edo lapurtzen badizute, dirua berreskuratzeko aukera izango duzu. Izapide hori egiteko, Bezeroaren Arretarako Bulego batera joan behar duzu.
Barik pertsonalizatua erosteko:
Barik txartel pertsonalizatua erosteko, estekan klikatuz ikus ditzakezun Bezeroaren Arretarako 11 bulego hauetako batera joan behar duzu.
Barik txartelaren tituluak erosteko
Barik txartela eskuratu ondoren, interesatzen zaizun titulu-mota erosi behar duzu: zorroa edo aldi baterakoa. Erosketa online edo mugikorretik egin dezakezu:
- Online: www.ctb.eus webgunean, hautatu "Barik-en tituluak erosi" aukera eta jarraitu argibideei. Webgunean ordaindu ondoren, kargatzeko aukera izango duzu Metro Bilbaon, Euskotrenen, tranbian, Bilbobuseko eta Bizkaibuseko kabinetan, estankoetan, kioskoetan edo beste zenbait dendatan, bai eta Barik NFC aplikazioan ere. Puntu horietako batean kontsultatu behar duzu txartela, zure Barik txartelean kargatu dadin webgunearen bidez erositako titulua.
- Mugikorretik: NFC duten Android mugikorretarako bakarrik balio du. Deskargatu Barik NFC aplikazioa, eta jarraitu han adierazitako pausoei.
Nola kargatu Barik txartela?
Txartelaren saldoa handitu nahi baduzu, kargatu egin behar duzu. Barik txartela kargatzeko zenbait modu dituzu:
- Metro Bilbaon, EuskoTrenen, EuskoTranen, Renfen eta Feven dauden makina automatikoak.
- Bilbobuseko eta Bizkaibuseko kabinak.
- Artxandako funikularra eta Larreinetako funikularra.
- Barik-en logotipoa daukaten estankoak, kioskoak eta bestelako denda batzuk.
- CTBren webgunea (www.ctb.eus), Nire Barik atala.
- Mugikorra, aplikazio hauen bidez: Barik NFC eta Barik Mobile.
Barik txartela mugikorrean
Mugikorrean eraman dezakezu Barik txartela. Bizkaiko Garraio Partzuergoak (CTB) NFC teknologiako bi aplikazio ditu, doakoak, Android mugikorretarako.
- Barik Mobileaplikaziotik zure informazio guztia ikus dezakezu, eta zorroa eta gainerako beste titulu batzuk kargatu. Eta, batez ere, txartel fisikorik gabe bidaiatu dezakezu, nahikoa baita mugikorra irakurgailura hurbiltzea.
- Barik NFC aplikazioari esker, Barik txartelaren saldoa kargatu dezakezu; horretarako, nahikoa duzu txartela mugikorraren atzealdean jartzea. Euskaltelen prestatu dugun tutorial honek erakutsiko dizu nola kargatu dezakezun Barik txartela mugikorretik.
Espero dugu Barik txartelari buruzko gida hau lagungarri izatea Bizkaian barrena bidaiatzeko.