Bai eta ez, bai eta ez ibili eta gero, azkenean erabaki duzu: Bai, nahi dut! Bada, ez lasaitu, konplexuena orain dator eta. Eta ez gara ari zure bikotekidearekin bizitzeaz, baizik eta ezteia prestatzeko lanez: gonbidatuen zerrenda eta gonbidapen-txartelak, jatetxea, eztei-zerrenda... Galtzak bete lan ibiliko zara... Baina positiboa izan behar duzu, eta saiatu behar duzu horrekin ere bete-betean gozatzen. Horregatik, app batzuk aholkatuko dizkizugu prestalan horiek guztiak egiten lagunduko dizutenak. Hori bai, Santa Klarari zeuk eraman beharko dizkiozu arrautzak.

Zankyou

Zankyou ezkontza-webgune ezinbesteko horietako bat da: ideia onak, hornitzaile-zerrenda eta online tresnak ditu. Mugikorrerako app honetatik zure ezteiaren nobedadeen berri eman dezakezu, zure opari-zerrenda sortu, ekitaldiaren agenda partekatu, eta, batez ere, aukera izango duzu zure gonbidatuen jardueraren berri izateko, zer argazki igotzen dituzten appera, mezuak eta zoriontzeko mezuak, musika, etab. Eta garrantzitsuena, esklusiba saltzeko asmoa baduzu: zeuk erabakitzen duzu nor sar daitekeen appean.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

bodas.net

Atari honek lagundu egingo dizu, eta erruz lagundu, ezteia antolatzen. Bodas.net-ek direktorio itzela du: ezteitan espezializatutako 41.000 enpresatik gora! 22.000 jantzitik gorako katalogoa; ideia asko, inspirazio faltan bazaude; beste eztei batzuetako erreportaje eta iritziak… Eta ezkontzear dauden bikoteen komunitate bat ere badu, esperientziak partekatzeko!

Androiderako eta iOS erako bertsioak ditu.

Bodas.net

Eztei-planifikatzailea

Nork esan du zeure hirian egon behar duzula ezteia planifikatzeko? App honen bidez, zauden tokian zaudela egin dezakezu plana, eta zeure erritmoan: gonbidatuen zerrenda prestatu, etorriko zaizkizun gastu guztiak antolatu, ekitaldia antolatuko dizuten hornitzaileekin harremanetan sartu... Ez estresatzeko.  Androiderako.

Appy Couple

App hau sekulakoa da: aukera ematen dizu egin behar dituzun prestalan eta ataza guztiak toki bakar batean izateko. Appy Couplek zeure webgunea eta app bat sortzen laguntzen dizu, zuen gonbidatuek pixka bat gehiago jakin dezaten zeuei buruz, beren bidaiak erreserba ditzaten, galderak egin, argazkiak igo, etab. Android eta iOSerako.

Apply Couple

Tubodamovil

Esan dizugu jada oso ‘chic’ izan eta ‘on’ egon nahi baduzu mugikorrerako app pertsonalizatu bat izan behar duzula zure ezteirako. Nahi duzun moduan tunea dezakezu eta nahi duzun izena eman, baina saia zaitez pixka bat, ze dagoeneko ez dago modan izenak nahastea, Brangelina gisakoak erabiltzea alegia. Zure Tubodamovilen aukeratu egingo duzu gonbidapena nola bidali, online edo inprimatua; gonbidatuek gonbita jasotzen dutenean, QR kodea eskaneatu eta app-a erabili besterik ez dute beharko hainbat gauza egiteko, hala nola joatekoak direla berresteko, laktosari edo itsaskiei alergia dietela jakinarazteko, ezkontza-zerrendara sartu, argazkiak igo, eskaintza bat idatzi...

La boda que quieras

La boda que quieras-ek lagundu egingo dizu zure ezteirako app-a sortzen, entrenatuz joan zaitezen “bai, nahi dut” esan aurretik. Oroigarri aparta izango da, eta gonbidatuek aukera izango dute argazkiak, bideoak eta testuak igotzeko; playlist bat eratu ahal izango duzu dantzaldirako eta eztei-zerrenda eguneratura sartu, jakiteko ea Bidasoako baxera edo maleta-sorta jada hartuta dauden.

WedShoots

Eta benetan nahi duzuna baldin bada egun hori zeure kasa antolatu eta gonbidatuen argazki guztiak eskuratu, fida zaitez WedShootsekin. Bodas.neten aplikazio bat da, eta aukera ematen dizu onlineko argazki-album pribatu bat sortzeko, argazkiak igo, iruzkinak egin eta botoa emateko edo iragazkiak jartzeko. Ezteian bertan argazkiak proiektatzeko aukera ere ematen dizu, hain da ona. Gero, albuma deskargatu besterik ez duzu, eta egun handi horretako argazki-erreportajerik onena izango duzu.

Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.

Horrenbestez, dena prest duzula, eztei-egunaz eta, batez ere, eztei-bidaiaz gozatu besterik ez zaizu falta. Beraz, gogoratzen bazara, bidali guri iruzkin bat ezkontzaren edo bidaiaren argazki batekin, denok inbidiaz urtzeko.