Euskal Autonomia Erkidegoan, 489.886 hektareako baso-azalera dugu, zuhaitzak dituena eta zuhaitzik gabea batera hartuta; hori, ehunekotan, Erkidegoaren azalera osoaren %68 da. Naturaz betetako ingurune batean bizi gara. Baina gai al zara zuhaitz eta zuhaixka horiek guztiak ondo identifikatzeko?

Gure ekosistema mota guztietako landare eta zuhaitzez beteta dago. Jakingo zenuke hirietan eta basoetan dauden espezie guztiak bereizten? Ingurumena maite baduzu edo landa-aldeetara ihesalditxoak egitea atsegin baduzu –parke naturaletara, adibidez–, seguru ez duzula arazorik izango gure flora guztia ezagutzeko. Landagunera edo mendira oso gutxitan joaten bazara, tresna batzuk ekarriko dizkizugu zure mugikorrarekin ikas dezazun. Inguruko landare eta zuhaitz horiek guztiak ezagutzen lagunduko dizuten zenbait aplikazio bildu ditugu.

Zuhaitz edo landare batzuk ezagutzen errazak dira. Pinua, haritza, kaktusak... Baina etxean ditugun landareak edo mendian ikusten ditugun zuhaitzak ez dira beti denentzat ezagunak izaten. Hona hemen aplikazio batzuk barietate horiek guztiak bereizten jakin dezazun. Gainera, inguruko zuhaitzak etiketatzen edo argazkiak ateratzen lagundu diezaiekezu ikertzaileei. Mugikor bat eta ikasteko gogoa besterik ez duzu behar:

Arbolapp

Arbolapp

Aplikazioa Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak egina da (CSIC), eta osoenetako eta zehatzenetako bat da. Horren bidez, Euskadi inguruko edozein zuhaitz edo landare bila dezakezu, Iberiar penintsulako eta Balear uharteetako basoak baititu ardatz.

Oso tresna erabilgarria da inguruko zuhaitzak ezagutzen hasi edo horretan sakondu nahi dutenentzat. Aplikazioa badago Android eta iOS sistemetarako. Datu-basean, guztira, 143 espezie daude deskribatuta, 122 fitxatan. Fitxa horietan, zuhaitz autoktonoei buruzko informazioa dago, eta maizen berez etortzen direnei buruzkoa. Bilaketa erraza eta argia da, zuhaitz-espezie guztiak aurki baititzakezu eremu jakinen arabera edo lore-, fruitu- edo hosto- tipologiaren arabera.

Tresna honen alde onetako bat da modu autonomoan funtzionatzen duela, Interneteko konexiorik gabe, datuek huts egiten badute ere. ;)

PlantNet

PlantNet

Esan dezakegu hau dela Play Storen halako aplikazioetan nagusi, eta, gainera, berme zientifiko ona du. Atzean Kordobako “Agropolis Fundazioa” dago, eta gai da landareak identifikatzeko datu-base botanikoan dituen irudiekin konparatuz. Zuk ere lagundu dezakezu tresnaren fidagarritasuna handitzen. Aplikazioaren erabiltzaile guztiek “dohaintzan” eman ditzakete beren argazkiak, datu-basea handitzen segitzeko.

Gainera, tresnak zure argazkia datu-baseren batekin identifikatzen badu, landare horri buruzko informazio ugari emango dizu. Proiektu zientifiko hau 2014az geroztik dago martxan, eta doan eskuratu daiteke Android-en eta iOS-en.

PlantSnap

PlantSnap

Aplikazio hau iOS eta Android-erako dago eskuragarri Play Storen, eta landare, lore eta zuhaitz guztien %90 ere identifikatuko duela agintzen du; hostoetatik edo fruituetatik ere ezagutzen dituela dio. Halaber, PlantSnapek aukera ematen du nork bere landare eta loreen liburutegia sortzeko, aurkitutako espezieak katalogatuz. Eta guztiz doakoa da.

PictureThis

PictureThis

30 milioi erabiltzailek baino gehiagok bermatzen dute aplikazio hau, eta merkatuko erabilienetako bat izateko fama du. Argazki bat ateratze hutsarekin identifikatzen ditu landareak eta loreak. Baina, besteen aldean, zure landareak zaintzeko informazioa eta aholkuak ere ematen dizkizu, eta, beraz, lorezaintzan interesa baduzu, tresna egokia izan daiteke. Adibidez, iOS-erako eta Android-erako eskuragarri dagoen PicturesThis aplikazioarekin, landareak zaintzeko gidak kontsultatu ditzakezu, zure artxibo propioa sortu zure landare gogokoenekin, ureztatze-oharrak konfiguratu, inausketa-denbora noiz den edo zure landareak noiz fumigatu behar dituzun jakin... Landareek eskertuko dizute. ;)

Google Lens

Google Lens

Hau ez zenuen espero, ezta? Google Lens ez da landareak identifikatzeko aplikazio espezializatua, baina gai da landare-espezie arruntenak identifikatzeko. Eta, zalantzarik baduzu eta aplikaziorik jaitsi ez baduzu, hauxe da aukerarik errazena eta azkarrena. Beste lau aplikazioen antzera jokatzen du, baina enpresaren bilaketa-motorrean bertan dauden argazkiak erabiltzen ditu kointzidentziak bilatzeko.

Orain, inguruko zuhaitz eta landare guztiak ezagutzeko aukera duzu. Gainera, ez duzu aitzakiarik landareak ez ongi zaintzeko. Hurrengo pausoa arropa erosoa janztea eta mendira joatea da, naturaz duzun ezagutza espero zenuen bezain zabala den ikustera… Kontatuko diguzu. ;)