Etxez aldatu berri zara, eta zure etxe berria zeure erara jarri nahi duzu? Zure gelaren bat aldatzeko gogoz zabiltza? Akaso ez duzu jakingo nondik hasi, edo eromena irudituko zaizu, baina teknologia berriek lagundu zaitzakete horretan ere.

Zure etxeko txoko guztiak diseinatzen lagunduko dizuten aplikazio batzuk gomendatuko dizkizugu. Haien laguntzaz, zure beharrei ondoen egokitzen zaizkien altzariak hautatu ahal izango dituzu, bai eta hormen kolorea ere. Berdin du etxe guztia berritu behar duzun edo sartu berri zaren ikasle-pisuko gelaren diseinua aldatu nahi duzun. Mota guztietako proposamenak ditugu. Hasiko gara?

Paint my Wall

Aplikazio honi esker, zure etxeko paretak zenbait kolorez margotuta nola geratuko liratekeen ikusi ahal izango duzu. Oso erraza da: aski da diseinatu nahi duzun eremuaren argazki bat egin, eta, hatza zure iPhonearen o iPadaren pantailan jarrita duzula, probatu nahi duzun pintura aplikatzea. Espazio bakarrean kolore bat baino gehiago ere aplika ditzakezu, eta emaitza nolakoa den ikusi, hanka sartzeko beldurrik gabe. Gainera, emaitza sare sozialetan partekatu dezakezu, zure lagunek iritzia eman dezaten ;). Aplikazio hau iOSerako bakarrik dago erabilgarri (doan). Androiderako balio duen aplikazio bat nahi baduzu, Bruger Visualizer gomendatzen dizugu.

Photo Measures

Imajinatu altzari-denda batean zaudela, eta, ustekabean, zuk behar zenuena bezalako sofa bat aurkitu duzula, hiru lagunentzakoa, eta % 80ko deskontuarekin! Baina, sartuko ote da? Photo Measures aplikazioari esker, zuk egindako argazkiei espazioen neurriak gehitzeko aukera duzu. Argazkiak zure smartphonean izanda, nahi duzunean kontsultatu ditzakezu, eta , hala, pagotxek ez dizute alde egingo! Androiderako nahiz iOSerako dago erabilgarri, 3,99 euroren truke.

IKEA Place

Izenak dioen moduan, Ikearen aplikazio bat da, kate horretako altzariak zure etxean nola geratuko liratekeen ikusten laguntzen duena. Atera berria da, eta iOS11rako bakarrik dago erabilgarri, baina oso itxura ona du. Hari esker, diseinatu nahi duzun gela eskaneatu dezakezu (% 98ko fidagarritasunarekin), 2.000 altzari baino gehiagoren artean hautatu, eta ikusi, adibidez, nola geratuko litzatekeen Skogaby sofa zure egongelan. Aplikazioaren egileek diote zoomari esker “oihalen testura eta hautatutako altzarietako argi-itzalak” ere ikus daitezkeela. Arkatzak eta itsasgarriak alde batera utzi nahi badituzu, beste aukera bat ere baduzu: Android gailu bat baduzu, Ikearen 2018ko katalogoko aplikazioaren 3D funtzioaren bidez, altzariak zure etxean nola geratuko liratekeen ikus dezakezu.

Houzz

Diseinu-tresna huts-hutsa da aplikazio hau. Katalogo bat du, estilo desberdinetako diseinuen lau milioi argazki baino gehiagokoa, eta milaka profesionalen kontaktua, hasi arkitektoetatik eta interioristetara. Estiloaren, espazioaren eta kokapenaren arabera argazkiak filtratu, eta album batean gorde ditzakezu, eskura izateko eta erraz partekatzeko. Doakoa da, eta Androiderako nahiz iOSerako dago erabilgarri.

You Can Deco

Eta zenbatean aterako zait hau dena? Galdera garrantzitsuena da: aurrez jakitea, gutxi gorabehera bada ere, zenbat ordaindu beharko dudan nire bainugela, logela edo sukaldea berritzeko. Aplikazio honek, dekorazioarekin lotutako aholkuak emateaz gain, zure eraberritzea planifikatzen eta aurrekontua eskatzen lagunduko dizu, eraikuntzaren eta Home&Living-aren arloko hainbat markarekin egiten baitu lan. Androiderako balio du, eta doan da.

Bada, dena prest duzu: presta zaitez zure etxea edo gela bat berritzeko, hanka sartzeko beldurrik gabe. Eta inspirazioa behar baduzu, ez ahaztu Pinterest, klasikoa bera. ?